Arbizuko eta Altsasuko udalek alokairuko 26 etxebizitza eraikitzeko hitzarmenak sinatu dituzte

Guaixe 2022ko aza. 7a, 13:26

Arbizuko eta Altsasuko alkateez aparte, beste 12 udaletako ordezkariek sinatu dituzte hitzarmenak Nafarroako Gobernuarekin. UTZITAKOA

Nafarroako beste 12 udalekin batera sinatu dute hitzarmena. Foru administrazioak 149 etxebizitza publiko sustatuko ditu 14 udal horien lurzoruan.

Arbizuko eta Altsasuko udalek Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horren arabera, udalek Nasuvinsa enpresa publikoari lurra utziko diote hark han alokairuko etxebizitzak eraiki ditzan. Eraikinak energia eraginkortasun handia izanen dute. Administrazioen arteko elkarlanaren bidez arbizuarren eta altsasuarren artea dagoen alokairuko etxebizitza eskuragarriaren eskaerari erantzun nahi diote, batez ere gazteen edo diru sarrera gutxien duten familien eskariari, eta, era berean, landa-eremu jakin batzuetan gertatzen den despopulazio fenomenoa geldiarazten eta haien jarduera ekonomikoa dinamizatzen laguntzeko.

Etxebizitza horiek Nafarroako Gobernuak sustatzen duen Navarra Social Housing alokairu planaren bigarren fasearen barruan planifikatuko dira. Lehen fasean Nafarroan alokairurako 524 etxebizitza eraiki ziren, bigarrenean, berriz, 600dik gora etxebizitza babestu izanen dira. 

Landa-eremuetan etxebizitza izateko eskubidea
Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena lehendakariordeak eskerrak eman dizkie alkateei beren lankidetza instituzionalagatik. Adierazi duenez, ″haien ekarpena, udal lurzorua uzteko formularen bidez, tresna garrantzitsua da herritarrek etxebizitza duina eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko duten oinarrizko eskubidean aurrera egiteko, baita landa eremuan ere, gobernu honen konpromiso programatikoa baita, zalantzarik gabe Nafarroako gizartearen gehiengoarekin bat datorrena″.

Aierdik adierazi duenez, ″gizarte premia horiei erantzuteko, alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzen jarraitu behar dugu, eta horrek, aldi berean, administrazio publiko guztien ahaleginak areagotzea eskatzen du, baita toki erakundeenak ere″. Azken horiek akordioak adostera gonbidatu ditu, Nasuvinsari aukera emateko sustapen berrien administrazio izapideak hastea, gauzatzea eta ondoren errentamendu erregimeneko etxebizitzak kudeatzeko.