Indarkeria gizon ezagunek eragiten dute

Guaixe 2022ko aza. 25a, 14:29
Sakanako mugimendu feministako kideak gaurko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Sakanako mugimendu feministak nabarmendu du ″bortizkeria matxista eragiten dutenak gertuko gizonezkoak″ direla eta ez ″ezezagun batzuk″. Gizonezkoek ″ikasitako guztia erreproduzitzen″ dutela azpimarratu dute, ″finkatutako ordena inposatzen digute″. Gizonezkoei eskatu diete ″ez erasotzeko eta konplize ez izateko″.

Sakanako mugimendu feministak ‘Indarkeria matxistaren kontra, justizia feminista’ lelopean kalera aterako da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna delako. Mugimendu feministako kideek salatu dutenez, patriarkatuak bere esku jartzen dituen tresna guztiekin etenik gabe gu erailtzen, erasotzen eta umiliatzen gaitu. Urtero erreibindikazio berdinak egin behar izateaz aspertuta gaude″. Aitortu dutenez, egoerarekin ″nazkatuta, haserre eta nekatuta″ daude, eta ″aski″ dela esan dute. 

Gogorarazi dute emakumezkoak erailtzeaz aparte (hiru Euskal Herrian, ehunka munduan), ″psikologia, sexu, ekonomia, erakunde… indarkeriaren biktimak″ direla emakumezkoak. ″Guztiak dira indarkeria matxistaren aurpegiak eta elkarrekin harremanetan daude, gu guztioi modu batera edo bestera eraginez″, esan dute. Eragin horren adibide da ″bizitza sostengatzeko egiten ditugun doako eta lan baldintza prekarioko zaintza lanak gutxiestea, esaterako, zahar etxeetako borrokak mespretxatzean edo haur eskoletako plataformaren mobilizazio indarra ogi apurrak emanez desaktibatzean″. 

Gizonezkoak
Mugimendu feministaren borrokarekin emakumezkoek konkistatutako espazioetatik ″behin eta berriro kanporatzen saiatzen dira, hedabideek, klase politikoak eta jendarteak berak indartutako mezuak emanez. Beldurrarazi nahi gaituzte ‘ezezagun’ batzuek ‘arrotzek’, gure kontra erabiltzen duten indarkeriagatik″. Baina ″emakumezkook* eta sexu disidenteok jasaten dugun indarkeria gizon ezagunen eskutik dator: lagunak, bikotekideak, familia kideak, lankide edo militantzia kideak. Ez dira munstroak. Jotzen, umiliatzen, bortxatzen… gaituztenak gutarrak dira. Patriarkatuaren seme osasuntsuak, erraietaraino barneratuta dugun patriarkaturen menpe egondako mende guztiak azaleratzen dira″. 

Horrekin hausteko, feministek gizonezkoei eskatu diete ″posizionatzea, gure hitza sinestea, aurrerapauso bat ematea eta zuen inguruan inongo bortizkeriarik ez onartzea″. Ziurtatu dutenez, ″gutxi″ dira ″errealitate hori onartzeko prest″ daudenak, ″errazagoa baita errua beti beste batzuei botatzea″. 

Justizia feminista
Horixe aldarrikatu du mugimenduak, ″indarkeria matxistatik bizirik atera garen emakume* guztiok justizia eta erreparaziorako eskubidea izan dezagun funtsezko gaia da″. Erakundeetatik salaketa egitea eskatu eta ″badirudi bide penala dela daukagun bide bakarra″. Baina pausoa ematen duten emakumezkoak* ″epai eta prozesu amaigabeetan murgiltzen dira″. Prozesu horietan haien bertsioa zalantzan jarri, galdeketa bortitzak jasan, berbiktimizatu, umiliatu eta gaitzetsi egiten dituztela nabarmendu dute. Horregatik, mugimendu feministako kideek esan dutenez, ″justizia patriarkalak ez digu balio, bere azken helburua zigorra delako, ez erreparazioa, sortutako kaltearen onarpena eta are gutxiago emakumezkoak libre bizi gaitezen baldintzak sortzea″. 

Justizia eredu berriarekin batera, bortizkeria matxistatik bizirik atera diren emakumezko* guztiek bere bizitza aurrera eramateko baliabideak eskatu dituzte. Salatu dutenez, ″harrera etxeetan eta pisuetan sei hilabeteko itxarote zerrendak daude″. Horregatik, indarkeria jasaten duten emakumezkoen* beharrei erantzuteko behar adina aurrekontu exijitu dute, ″baliabideak integralak, publikoak eta kalitatezkoak″ izan behar dutela gaztigatu dute, ″erabiltzaile eta langileendako baldintza duinak dituztenak″. 


Mobilizazioak 

  • Izurdiaga
    18:00 Irurtzunera arteko martxa. 

  • Uharte Arakil 
    18:30 Kontzentrazioa, plazan. 

  • Irurtzun
    19:00 Kontzentrazioa, plazan. 

  • Arbizu 
    19:00 Elkarretaratzea, plazan. 

  • Bakaiku
    19:00 Kontzentrazioa, erdiko iturrian. 

  • Iturmendi
    19:00 Bilkura, plazan. 

  • Urdiain 
    19:00 Elkarretaratzea, plazan. 

  • Altsasu 
    20:00 Sakanako manifestazioa, Foru plazatik.