Saretzen

Populazioa hartzen dugun ibarra gara

Guaixe 2023ko urt. 9a, 14:56

Jendea Etxarri Aranazko azokan. ARTXIBOA

Sakanara bizitzera etorritakoen eta joandakoen arteko aldea 1.385 sakandar berri gehiago da. Etorritakoen %47 nafarrak dira, %34 beste erkidegoetakoak eta %19, estatutik kanpokoak. Sakandarrek ere emigratzen dugu: %52k Nafarroara, %31k beste erkidego batera eta %8k estatutik kanpora.

Biztanleriari erreparatuta, egiten den herrien eta ibarraren argazki finkoak gutxi irauten du bere horretan, datuek erakusten dutenez Sakanan populazioaren bilakaera etengabea baita. Ibarrera jendea bizitzera etortzen den bezala, joan ere, joaten da. Joan etorri horiek pertsona batzuek bakarrik egiten dituzte, besteek familiarekin. Han edo hemen opatutako lana, etxebizitza edo bizi proiektuak baldintzatzen ditu populazio mugimenduak. 

Etorri

Sakanara bere bizi proiektua garatzera jendea etortzen da, aztertutako aldian 15.393 pertsona. Baina bi hamarkadetan etorrera ez da homogeneoa izan. Finantza arloak eragindako ekonomia krisiaren aurretik etorritako pertsonen kopuruak hazkunde handia izan zuen. 2001 eta 2007 urteen artean izan zen hori. Ekonomia krisia lehertu eta 2007an Sakana 940 pertsona hartzetik 2014an 532 jasotzera pasa zen. Bitarte horretan beherako joera mantendu zen, baina 2015etik gorakoa da joera, nahiz eta mende hasierakoa baino motelagoa izan. 

Mendeko lehen bi hamarkadetan Sakanara bizitzera etorritakoen %47 (7.234) nafarrak ziren, %34,04 (5.240) estatuko beste erkidegoren batetik lekualdatu zen Sakanara eta %18,96 (2.919) estatutik kanpotik iritsi ziren. Udalerrien ehunekoei erreparatuta nafar gehien hartu zituztenak Arakil (%70,33) Bakaiku (%65,59) eta Urdiain (%64,49) izan ziren. Nafar gutxien jaso zutenak, berriz, Olatzagutia (%34,06), Altsasu (%37,94) eta Ziordia (%40,06). Hain zuzen ere hiru herri horietara estatuko beste erkidegoren batetik etorritakoak nafarrak baino gehiago izan ziren. Gipuzkoa eta Arabako gertutasunak zerikusia izan dezake horretan. Haiekin batera irintar berrien %43 ere beste erkidego batekoa da. Azkenik, estatutik kanpo etorritako gehien hartu dituzten herriak dira Olatzagutia (%29,29), Irurtzun (%22,52), Iturmendi (%21,49) eta Altsasu (%19,35). Beste muturrean daude Irañeta (%7), Arakil (%8,54) eta Urdiain (%8,62). 

Bestetik migrazio hori hartzen duten herrien artean aldeak daude. Ehunekoak kontuan izanik, pertsona gehien hartzen duten udalerriak Altsasu (%34,35), Irurtzun (%15,66), Olatzagutia (%9,54), Etxarri Aranatz (%9,22), Arakil (%6,09), Lakuntza (%5,68) eta Arbizu (%5,28) dira. Populazioa erakartze horretan Iruñearekiko gertutasunak eragina izan dezake Arakilen eta Irurtzunen. Gainera, ibarreko herri koxkorrenak zerrenda horretan daude, eta agian etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago daude. Ehunekoa kontuan hartuta, herritar gutxien hartzen duten herrien artean daude: Arruazu (%0,5), Irañeta (%0,65), Bakaiku (%1,21), Ergoiena (%1,21), Ziordia (%2,06), Iturmendi (%2,27), Urdiain (%2,49) eta Uharte Arakil (%3,49). 

Joan

Sakandarrek ere emigratzen dute, 2001 eta 2021 artean 14.008 izan ziren. Ibarretik joandakoen kopuruak goranzko joera izan zuen 2007ra arte. 2008tik, gorabeherekin, sakandarren emigratzeko joera 700 pertsonaren bueltan egonkortuta dagoela esan daiteke. Hala ere, aipagarria da finantza arloak eragindako krisiaren ondorioz 2010 eta 2016 urteen artean Sakanatik jende gehiago joan zela etorri baino. Gainontzeko aldi guztietan gehiago izan dira ibarrera bizitzera etorritako pertsonak. 

Sakanatik emigratutakoen %57,16 (8.007) Nafarroako beste herriren batean bizi da, %34,02k (4.765) estatuko beste erkidego batean du helbidea eta %8,82 (1.236) estatutik kanpo joan zen. Sakanatik Nafarroara emigratu duten ehunekoei erreparatuta, aukera hori gehien erabili dutenak arakildarrak (%78,98), erguendarrak (%74,37), irintarrak (%73,81), iturmendiarrak (%71,38) eta ubertearrak (%70,77) izan dira. Nafarroan bizitokia gutxien bilatu dutenak altsasuarrak (%44,05), ziordiarrak (%48,51), olaztiarrak (%52) eta arbazuarrak (%53,49) izan dira. Beste erkidego batera emigratu duten sakandarren bataz bestekotik gora daude arbazuarrak (%46,51), altsasuarrak (%43,52), ziordiarrak (%44,35), etxarriarrak (%36,28) eta olaztiarrak (%35,73). Norabide hori hartu dutenen ibarreko ehunekoaren azpitik daude, berriz, Arakil (%16,69), Ergoiena (%22,69) eta Iturmendi (%24,16). Azkenik, estatutik kanpo gehien emigratu dutenak altsasuarrak (%12,43), olaztiarrak (%12,27) eta irurtzundarrak (%9,4) dira. Ibarreko gainontzeko 13 udalerriak Sakanakoaren bataz bestekoaren azpitik dago. Nabarmen Arruazu, herritar bat bera ere ez baita estatutik kanpo bizitzera joan. Emigrazio aukera horrek ere segida gutxi izan du Irañetan (%1,19), Ergoienan (%2,94) eta Urdiainen (%3,07). 

Herria utzi zuten biztanleen ehunekoari erreparatuz gero, gehienak altsasuarrak izan ziren (%32,57). Ondoren heldu dira Irurtzun (%18,22), Olatzagutia (%10,53), Etxarri Aranatz (%9,21) eta Arakil (%5,43). Zerrendak bat egiten du populazio gehien hartzen duen udalerriekin. Bestetik, emigrazio gutxien duten udalerriak dira: Arruazu (%0,31), Irañeta (%0,6), Bakaiku (%1,16), Ergoiena (%1,7), Iturmendi (%1,92), Ziordia (%2,4) eta Urdiain (%2,79). Hain justu populazio gutxien hartzen dutenak. 

Herriz herri 

Arakilera 2001 eta 2021 artean 937 pertsona etorri ziren, Sakanako migrazioaren %6,09 hartu zuen. Aldi horretan, berriz, Arakildik 761 pertsonak migratu zuten, ibarrekoen %5,43. Beraz, bi hamarkada horietan Arakilera etorritakoak 176 gehiago dira (Sakanako joan etorrien ehunekoak kontuan hartuta 0,65 puntu handiagoa). Arakilek bi hamarkada horietan hartu zituen biztanle berrien %70,33 (659) nafarrak ziren, %21,13 (198) estatuko beste erkidegoren batekoak eta %8,54(80) estatutik kanpokoak. Emigratutako arakildarren %78,98 (601) foru erkidegoko beste herriren batera joan zen, %16,69 (127) estatuko beste erkidegoren batera eta, azkenik, %4,34 (33) estatutik kanpo opatu zuen bizitokia. 

Aztertutako epean Arakilek 2007ra arte herritarrak hartzeko joera positiboa zuen. Baina krisiarekin batera migratzaileak hartzeko joera aldatu eta beherantz egin zuen, nahiz eta 2012, 2014 eta 2019an igoera handiak izan. Arakildarren emigrazioan epe horretan bi aldi nabaritzen dira. 2011 eta 2012 urteak dira erpina, aurretik arakildarrak ibarretik kanpo joateko joera goranzkoa zen. Ordutik behera egin du arakildarrek herriak uzteko joera. Bi hamarkadetan zortzi urtetan arakildar gehiagok emigratu dute, ibarrera etorri direnak baino. 

Irurtzunek 2.411 pertsona hartu zituen aztertutako epean, ibarrera etorritakoen %15,66. Aldi berean emigratu zuten irurtzundarrak 2.552 izan ziren, ibarrekoen %18k22. Populazioaren mugikortasunaren ondorioz, Irurtzunek 141 herritar galdu zituen (2,56 puntu gutxiago). Irurtzundar berrien %51,8 (1.249) nafarra da, %25,67 (619) estatuko beste erkidego batekoa eta %22,52 (543) estatutik kanpo etorri da. Epe horretan emigratu duten irurtzundarren %64,44 (1.650) Nafarroan bertan bizi da, %25,94 (662) estatuko beste erkidego batean du bizitokia eta %9,4 (240) estatutik kanpo bizi da. 

Urtetik urtera gero eta herritar berri gehiago hartu zituen Irurtzunek 2006ra arte. Orduan goia jo eta beheranzko joera hartu zuen migrazioak, 2014ra arte. Ordutik gorako joerari eutsi dio, 2019an kasik  2006ko mailara iritsi arte. Azken bi urteetan behera egin du irurtzundar berrien iritsierak. Emigrazioari dagokionez, herria uzteko irurtzundarren joera goranzkoa izan zen 2009ra arte. Krisia lehertu zen eta asko izan ziren herrian gelditzeko hautua egin zutenak. Ordutik berriro Irurtzundik alde egiteko joerak gorako bidea hartu du, nahiz eta gorabeherak izan. Bi hamarkada horietan irurtzundar gehiago joan dira 12 urtetan etorri direnak baino. 

Irañetara 100 pertsona iritsi ziren bi urte horien artean, Sakanara etorritakoen %0,65. Joandako irintarrak, berriz, 84 izan ziren, emigratu zuten sakandarren %0,6 (0,005 puntuko alde positiboa). Irintar berrien %50 (50) foru erkidegotik etorritakoak dira, %43 (43) estatuko beste erkidegoetatik etorritakoak dira eta %7 (7) estatutik kanpokoak dira. Migratutako irintarren %73,81 (62) Nafarroako herri batean du bizitokia, %25 (21) estatuko beste erkidego bat eta %1,19 (1) estatutik kanpo bizi da. 

Irañetak herritar berriak hartzeko 2003tik duen joera beheranzkoa da, nahiz eta 2003an eta 2015ean kopuruek nabarmen gora egin. Eta aztertutako epean irintarren emigratzeko joerak gorako norabidea du, nahiz eta azken hiru urtetan zertxobait leundu. 20 urtetatik hamaiketan emigrazioa migrazioaren gainetik egon da Irañetan. 

Uharte Arakilek denbora bitarte horretan 537 pertsona hartu zituen, Sakanara migratutakoen %3,49. Garai berean 520 ubertearrek hartu zuten kanpoan bizitokia, migratutako sakandarren %3,71, hain zuzen. Biztanleria mugimenduen ondorioz Uharte Arakilek 17 biztanle irabazi ditu (0,22 puntu aldea). Nafarrak dira Uharte Arakilera migratu dutenen %57,36 (308), %25,88 (139) estatuko beste erkidego batetik iritsi dira eta estatutik kanpo etorritakoak %16,76 (90) dira. Joandako ubertearren %70,77 (368) Nafarroan bizi da, %25,19 (131) estatuko beste erkidegoren batean eta %4,04 (21) estatutik kanpo. 

Herritar berriak jasotzeko joera 2007ra arte nagusitu zen Uharte Arakilen. Krisiarekin beheranzko joera nagusitu zen, 2013an hondoa jo arte. Ordutik ubertear berriak jasotzeko joera positiboa izan da. Ubertearrek emigratzeko joera 2001 eta 2005 artean, 2010ean eta 2015ean nabarmendu zen gehien. Azken data horretatik aurrera ubertearrek herria uzteko joerak beherako joera hartu zuen. Bi hamarkada horietan joan direnak etorri direnak baino gehiago izan dira 14 urtetan. 

Arruazu azken bi hamarkadetan 77 pertsona jaso ditu, ibarrak hartu dituenen %0,5. Bestetik, herria utzi duten arbazuarrak 43 izan dira, migratutako sakandarren %0,31. Mugimenduek 34 pertsonaren hazkundea utzi dute herrian (0,19 puntuko aldea). Arbazuar berrien %59,74 (46) foru erkidegoko beste herri batetik iritsi da, %27,27 (21) estatuko beste erkidegoren batetik eta %12,99 (10) estatutik kanpo. Joandako arbazuarren %53,49 Nafarroan bertan bizi dira, %46,51 beste erkidegoren batean eta inor ere ez estatutik kanpo. 

Krisia hasi zen urtean migratu zuen jende gehienak Arruazura. Ordura arteko joera oso egonkorra zen.  Ordutik arbazuar berriak hartzeko joerak behera egin zuen, nahiz eta 2012 eta 2017an igoera puntualak izan. Emigrazioari dagokionez, arbazuarren herria uzteko joera 2008ra txikiagoa zen, ondoren, gorako joera hartu baitzuen. Bi hamarkadetan zortzitan joan da jende gehiago Arruazutik etorri baino eta beste hirutan kopurua bera izan da. 

Lakuntzak 875 biztanle berri hartu zituen, Sakanara etorritako pertsonen %5,68. Herria utzi zuten lakuntzarrak, berriz, 665 izan ziren, ibarra utzi zutenen %4,75. Populazioaren mugimenduak 210 lakuntzar berri utzi ditu (0,94 puntuko aldea). Lakuntza bizilekutzat hartu zuten herritarren %57,94 (507) nafarrak dira, %27,89 (244) estatuko beste erkidegoren batetik etorri zen eta %14,17 (124) estatutik kanpo iritsi zen. Lakuntzatik emigratu dutenen %64,06 (426) Nafarroako beste txokoren bat aukeratu du bizitoki gisa, %29,92k (199) estatuko beste erkidegoren bat eta %6,02 (40) estatutik kanpo bizi da. 

Mende hasieratik 2006ra arte lakuntzak herritar berriak hartzeko goranzko joera izan zuen. Ordutik, gorabeherekin, herritarrak hartzeko joerak behera egin du Lakuntzan. Herritar berri gutxien hartu zuen urtea 2013 izan zen. Ordura arteko beheranzko joeran zuzendu zen. Emigrazioari dagokionez, igoera txikiekin, baina lakuntzarrek herria uzteko joera gorakoa da bi hamarkada horietan. Seitan izan dira emigratuak migratuak baino gehiago, tartean azken bi urteak. 

Arbizuk 812 migratzaile jaso zituen, Sakanakoen %5,28. Arbizutik emigratu, berriz, 658k egin zuten, ibarrekoen %4,7. Populazio mugimenduek Arbizun 154 herritarren hazkundea utzi zuten (0,58 puntuko aldea). Arbizuk bi hamarkadetan hartutako migratuen %51,85 (421) nafarrak dira, %29,93 (243) estatutik etorritakoak eta %18,23 (148) estatutik kanpokoak. Emigratutako arbizuarrei dagokienez, %65,05 (428) Nafarroan bertan bizi da, %30,4 (200) estatuko beste erkidego batean eta %4,56 (30) atzerrian. 

Herria arbizuar berriak hartzen aritu zen 2007ra arte. Krisia lehertu ondoren, Arbizuk hartutako pertsona migratuen kopuruak beherako joera hartu zuen, nahiz eta 2013 eta 2019an igoera nabarmenak izan. Emigrazioari dagokionez, 2005era arte arbizuarrak herritik kanpo joateko joera goranzkoa izan zen. 2007an jaitsi egin zen, baina ordutik herria uzteko gorako joera txikia sendotzen ari da. Goia 2019an jo zuen. Bi hamarkadetan seitan izan dira gehiago Arbizutik joan direnak etorri direnak baino. 

Ergoienak 2001 eta 2021 artean 235 pertsona jaso zituen, Sakanara etorritakoen %,1,53. Emigratu, berriz, 238 pertsonek emigratu zuten, ibarrekoen 1,7 dira ergoendarrak. Ondorioz, bi hamarkada horietako populazio mugimenduekin Ergoienak hiru biztanle galdu zituen (0,17 puntuko galera). Ergoienak hartutako herritarren %56,6 (133) nafarrak dira, %29,36 (69) estatuko beste erkidegoren batetik iritsi da eta %14,04 (33), berriz, estatutik kanpo. Joandako ergoendarrei dagokienez, %74,37 (177) Nafarroan bertan bizi da, %22,69 (54) estatuko beste erkidegoren batean eta %2,94 (7) estatutik kanpo du bizitokia. 

Ergoienak herritar berriak hartzeko joera mantendu zuen 2009an krisiaren ondorioak nabaritzen hasi ziren arte. Ordutik 2017ra arte biztanleria galtzeko joera nagusitu zen. Baina azken lau urteetan ergoendar berrien igoera handia izan du ibarrak. Ergoienako emigrazioak ere antzeko gorabeherak ditu. 2009ra arte ibarretik joateko joera nagusi zen, ondoren ergoendarrak herrietan gelditzearen aldeko apustua egin zuten, baina 2017tik emigratzeko joerak, atzera ere, gorako bidea hartu du. Bi hamarkadetan 13 urtetan ergoendar gehiago joan dira etorri baino, behin berdindu ziren kopuruak. 

Etxarri Aranatzera bi hamarkada horietan 1.419 pertsona etorri ziren, Sakanak jasotako migratzaileen %9,22 da. Beste norabait emigratu zuten etxarriarrak epe berean 1.290 izan ziren, Sakanakoen %9,21. Ondorioz herriak 129 etxarriar irabazi ditu (0,01 puntuko aldea). Etxarri Aranatzera migratutakoen %48,63 (690) nafarrak ziren, %32,98 (468) beste erkidegoren batetik iritsitakoak eta %18,39 (261) estatutik kanpotik etorri ziren. Herria utzi zuten etxarriarren %59,15 (763) Nafarroako beste herriren batean bizi da, %36,28 (468) estatuko beste erkidegoren batean eta %4,57 (59) estatutik kanpo bizi da. 

Aztertutako epean etxarriar berriak hartzeko beheranzko joera izan du Etxarri Aranatzek 2015era arte. Urte hartatik aurrera herrira migratu duten pertsonak hartzeko joera handitzen ari da. Etxarriarrek emigratzeko joera ere beheranzkoa izan zen 2003 eta 2017 artean. Bi urtez igo bazen ere, azken bietan etxarriarren herria uzteko joera jaitsi egin zen. Bi hamarkada horietan hamabitan gehiago izan ziren joan zirenak etorri ziren etxarriarrak baino, eta behin izan zen kopuru bera. 

Bakaikura denbora tarte horretan 186 pertsona etorri ziren, Sakanako migrazioaren %1,21 hartu zuen. Baina bakaikuarrak ere emigratu zuten, 163 zehazki, ibarrekoaren %1,16. Migrazio eta emigrazio balantzeak 23 herritar gehiagoren emaitza utzi zuen Bakaikun (0,04 puntuko hazkundea).  Bakaikuk hartu dituen herritar berrien %65,59 (122) nafarrak dira, %22,04 (41) estatuko beste erkidegoren batetik iritsi da eta %12,37 (23) estatutik kanpoko herrialderen batetik abiatu zen Bakaikura. Emigratu duten bakaikuarren %68,71 (112) Nafarroan du bizilekua, %25,77 (42) beste erkidegoren batean eta %5,52 (9) estatutik kanpo. 

Bakaikuk hartutako migrazioaren 2004 urtera arteko igoerak eta 2005 eta 2011 arteko jaitsiera ditu hasieran. Ondoren, joera zuzendu eta bakaikuar berriak hartzen hasi zen herria. 2015 eta 2018 izan ziren bakaikuar berri gehien iritsi ziren urteak. Denbora tarte berean bakaikuarrek herria uzteko joera ere izan dute. 2018ra arte joera nagusia zen gero eta gutxiago emigratzea, baina 2019tik aurrera joera aldatu eta gora egin du. 20 urtetan zazpitan joan dira bakaikuar gehiago etorri baino, eta lau urtetan herritarren kopuru berak alde egin du eta etorri da.

Iturmendiri dagokionez, herriak 349 migratzaile hartu zituen, ibarrera etorritakoen %2,27. Aldi berean 269 iturmendiarrek emigratu zuten, Sakanakoen %1,92. Biztanleriaren joan-etorrien arteko diferentziak 80 iturmendiar gehiago utzi ditu (0,35 puntu gora). Bi hamarkadetan Iturmendira migratutako pertsonen %48,42 (169) nafarrak ziren, %30,09 (105) estatuko beste erkidego batekoak eta %21,49 (75) estatutik kanpotik etorri ziren bere bizi proiektua Iturmendin garatzera. Herria utzi eta kanpoan bizitzea erabaki zutenen %71,38 (192) Nafarroan bertan bizi da, %24,16 (65) beste erkidegoren batean eta %4,46 (12) estatutik kanpo. 

Iturmendiar berrien etorrerak eta herritarren joateak pareko bideak izan dituzte azken bi hamarkadetan. Bai migrazioak bai emigrazioak goranzko joera paraleloak izan dituzte mende hasieratik. Bietan ere goia 2020an jo zuten, gerora behera egiteko. Herritar berrien etorreran hondoa 2013an jo zuen Iturmendik. Eta emigrazioan 2008an. Aztertutako 20 urteetan zortzitan joan dira iturmendiar gehiago etorri baino, eta bitan kopurua bera izan dira. 

Urdiainen kasuan denbora bitarte horretan 383 migratzaile jaso zituen, Sakanara etorritakoen %2,49. Aldi berean, 391 urdindarrek migratu zuten, ibarrekoen %2,79. Ondorioz, Urdiainek zortzi biztanle galdu zituen (0,3 puntu behera). Urdindar berrien %64,49 (247) nafarra da, %26,89 (103) estatuko beste erkidego batekoa eta %8,62 (33) estatutik kanpokoa. Urdiaindik beste norabait bizitzera joandakoen %67,77 (265) Nafarroan bizi dira, %29,16 (114) estatuko beste erkidegoren batean eta %3,07 (12) estatutik kanpo. 

Urdindar berriak hartzeko joera nagusitu da bi hamarkada horietan, baina bi aldi izan dira. Aurrena, 2007ra artekoa eta, atzena, 2015 eta 2020 artean. Urdindar berriak etorri diren moduan, herria utzi dutenen joera orokorra ere gorakoa izan da azken 20 urteetan. Bi hamarkadetan bederatzi urtetan izan da emigrazio handiagoa migrazioa baino. 

Altsasura aztertutako aldian 5.287 pertsona etorri ziren, ibarrera etorritakoen %34,35. Denbora berean herritik 4.563 altsasuar joan ziren, joandako sakandarren %32,57. Populazio mugimendu horiek Altsasura etorritako 724 pertsona gehiago utzi dituzte (1,77 puntu gora). Altsasuar berrien artean %42,71 (2.258 pertsona) estatutik etorritakoak dira, %37,94 (2.006) Nafarroatik eta %19,35 estatutik kanpokoak dira. Aldi horretan emigratu zuten altsasuarren lehen helmuga foru erkidegoko beste herriren bat izan zen %44,05rendako (2.010 altsasuar), estatura joan ziren %43,52 (1.986) eta estatutik kanpoko bidea hartu zuten %12,43k. 

Urtez urteko joerari dagokionez, mende hasieran Sakanako joera bera mantendu zuen Altsasuk eta bai migrazioak bai emigrazioak gora egin zuten 2007ra arte. 2008tik 2020ra arte herriak biztanle berriak hartzeko joera beheranzkoa izan da. Hondoa 2014an jo zuen. 2021ean igoera handia izan zuen 2007aren pare jarriz. Emigrazioari dagokionez, krisiaren ondorioz, 2009 eta 2014 urteen artean altsasuarren joateko joerak gora egin zuen. 2015etik altsasuarren emigraziorako joerak behera egin zuen, nahiz eta 2021ean gora egin zuen. Aztertutako epean emigrazioa soilik lau urtetan egon da migrazioaren gainetik Altsasun, 2010, 2013, 2014 eta 2016an. 

Olatzagutiara 2001 eta 2021 urteen artean 1.468 pertsona joan ziren bizitzera, Sakanara migratutakoen %9,54. Denbora tarte horretan kanpoan bizitokia opatu zuten olaztiarrak 1.475 izan ziren, Sakanatik emigratutakoen %10,53. Populazio mugimendu horien ondorioz, herriak zazpi olaztiar galdu ditu (0,99 puntuko aldea). Olaztiar berrien %36,65 (538) estatuko beste erkidego batetik iritsi zen, %34,06 (500) Nafarroatik eta %29,29 (430) estatutik kanpotik. Emigratu duten olaztiarren %52 (767) Nafarroa izan dute helmuga, %35,73k (527) estatuko beste erkidegoren bat eta %12,27 (181) joan da estatutik kanpo bizitzera. 

Olaztiar berriak hartzeko joerak 2005era arte iraun zuen. Ordutik 2013ra arte beherako joera nagusitu zen. Hondoa jo ondoren, 2014tik aurrera aldatu eta, atzera ere, gora joera nagusitu den arte. Emigrazioari dagokionez, olaztiarrek herria uzteko joera 2011ra arte nagusi izan zen. Baina orduan aldaketa izan zen eta emigratzaile olaztiarren kopuruak beherako norabidea hartu zuen. Bi hamarkada horietan 11 urtetan izan da emigrazio gehiago etorritakoak baino Olatzagutian. Azken lau urtetan herriratu direnak gehiago dira. 

Ziordiari dagokionez, bi hamarkada horietan 317 herritar berri hartu zituen, Sakanara etorritakoen %2,06. Baina alde egin 336k egin zuten, ibarreko emigratuen %2,4. Biztanleria mugimenduek hemeretzi ziordiarren galera ekarri dute (0,34 puntu behera). Ziordiar berrien %47,63 (151) beste erkidego batetik etorritakoa da, %40,06 (127) Nafarroako beste herriren batetik eta %12,3 (39) estatutik kanpo etorri da. Beste bizitoki baten bila Ziordia utzi dutenen %48,51k Nafarroan segitzen dute, %44,35k (149) estatuko beste erkidego batera emigratu zuten eta %7,14 (24) estatutik kanpo bizi dira.  

Ziordiaren herritar berriak hartzeko joerak 2007 urtera arte iraun zuen. Ordutik jasotako ziordiar berrien kopuruak pixkanaka behera egin du. Bestetik, herria utzi duten ziordiarren kopuruak, gorabeherekin, baina 2015era arte gora egin zuen. Ordutik herrian gelditzeko joera nagusitu da. Bi hamarkadatan zortzi urtetan joan dira gehiago etorri diren ziordiar berriak baino, eta behin berdindu dira kopuruak. 

Erlazionatuak