Orri txuriaren aurrean jartzeko garaia

Guaixe 2023ko ots. 1a, 10:18
2022ko Maria Markotegi sariko sari banaketa ekitaldia. ARTXIBOA

Sakanako ikasleen euskarazko sormena bultzatzea xede duen Maria Markotegi sarietako eta euskara ikasleendako Nanopuin lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu Sakanako Mankomunitateak. Apirilaren 5era arte aurkez daitezke lanak

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak Maria Markotegi sariko 2023. urteko edizioa martxan jarri du. Narrazio laburra, poesia, komikia eta booktubea sailak daude eta Sakanako ikasleek edo ibarreko ikastetxeetan ikasten duten haur eta gazteek parte har dezakete. Euskara ikasleendako eta Mintzakideendako Nanoipuin lehiaketaren edizio berria jarri du martxan ere. Lanak aurkezteko epea apirilaren 5ean bukatuko da eta ikastetxeek ikasleen izenean lanak aurkez ditzakete.

Maria Markotegi sarietan lau kategoria daude, ikasleen mailaren arabera: A kategoria LHko hirugarren eta laugarren ikasleak, B kategoria bosgarren eta seigarren mailako ikasleak, C kategoria DBHko lehenengo eta bigarren ikasleak eta D kategoria DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak.

Kategoriaren arabera lanek luzera desberdinak dituzte: A kategoriakoek narrazio laburrean gutxienez orrialde bat eta gehienez lau orrialdeko lanak egin behar dituzte; poesian gutxienez hamar lerro eta gehienez 50, eta komikia gutxienez orrialde bat eta gehienez bi. B kategorian, narrazio laburrean, gutxienez bi orrialde eta gehienez bost orrialde; poesian gutxienez hogei lerro eta gehienez 50, eta komikian gutxienez orri bat eta gehienez hiru orrialde egin beharko dituzte.

C kategoriakoek booktube sailean parte har dezakete eta gutxienez 1,5 minutu eta gehienez bi minutuko liburu baten inguruko bideoa egin beharko dute. Narrazio laburrean DBHko lehenengo eta bigarren mailako gazteek gutxienez hiru orrialde eta gehienez sei idatzi beharko dituzte, poesian gutxienez 30 lerro eta gehienez 80 eta gutxienez bi orrialde eta gehienez lau orrialdeko komikia egin beharko dute. Bukatzeko, D kategoriakoek narrazio laburrean lau eta zazpi orrialde arteko narrazio laburra, 40 eta 80 lerro arteko poesia lana eta bi eta bost orrialde arteko komikia egin beharko dituzte. Booktubean 1,5 minutu gutxienez eta hiru minutu gehienez iraun beharko du bideoak.

Narrazio laburrak eta poemak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira, 12 puntuko hizki tamainan. Komikiak zuri beltzean edo koloretan aurkeztuko dira, eta ez dira onartuko ordenagailuz egindakoak. Aholkatzen dute Din A3 tamainakoak egitea, testuak ongi ikusi ahal izateko. Lanak bakarkakoak izanen dira, booktubeak izan ezik, binaka egin baitaitezke, baina ez da derrigorrezkoa biak bideoan agertzea. Lanak sakana-mank.eu webgunean aurkez daitezke, edo bestela, Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako bulegoan. Lan guztiak goitizen batez izenpetuko dira eta antolakuntzak banatutako plikaren bidez datuak gutun azal batean sartuko dira. Booktubeak USB batean edo Wetransfer bidez bidaliko dira euskara1@sakana-mank.eus helbidera.

Sarietara aurkezten diren lan guztien egileek oroigarria jasoko dute eta guztira 28 zortzi banatuko dituzte ekitaldi publiko batean. Kategoriaren arabera Sakanako liburu denda batean erabiltzeko 50, 70, 90 edo 110 euroko txartelak banatuko dira.

Nanoipuinak
Euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak parte har dezake Nanoipuin lehiaketan, baita Mintzakide programako parte hartzaileek ere. Hiru maila daude: A1 eta A2 mailetako ikasleak; B1 ikasleak eta B2 eta C1 mailetako ikasleak. Mintzakideak euskararen ezagutzaren pareko mailan parte hartuko dute.

Nanoipuin bakoitzak 150 hitz izango ditu gehienez eta egile bakoitzak nahi beste testu aurkez ditzake. Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko. Lanak sakana-mank.eus webgunetik aurkeztuko dira eta azken eguna apirilaren 5ean izanen da. Aurkezten diren lan guztien egileek oroigarria jasoko dute eta maila bakoitzeko saridunek Sakanako liburu dendetan erabili ahal izateko 150 euroko txartela irabaziko dute.