Nafarroako Berrikuntza Digitalerako Poloa, Iris, foru erkidegoko 23 erakunderen bi urteko elkarlanaren fruitua da. Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eta Dinabide hasieratik bertan egon dira. Iris-ek leihatila bakar gisa funtzionatzen du. Han enpresek beren negozioak, ekoizpen prozesuak, produktuak eta zerbitzuak teknologia digitalaren bidez hobetzeko laguntza lor dezakete. Industriako enpresek, bereziki enpresa txiki eta ertainek (ETE), enpresa berriek eta kapitalizazio ertaineko enpresek jo dezakete Irisen atean.
Irisek hori egin ahal izateko finantzaketa bila Europan eta estatuan atea jo zuten eta Europako Batzordeak Nafarroako Berrikuntza Digitalerako Poloa, Iris, Berrikuntza Digitalerako Europako Hub edo zentro gisa onartu zuen 2022ko deialdian. Horrek Iris-i Europako beste antzeko poloekin lankidetzan aritzea erraztuko dio. Aldi berean, enpresei jardunbide eta joera digital onenak eta eskualde, nazio eta Europa mailako punta-puntako teknologiak eskuratzeko aukera emanen die. Horrekin batera, Europatik eta estatutik 2023-2025 aldirako dirulaguntza jasoko du Irisek. SGAko kudeatzaile Iker Manterola Matxainek jakinarazi duenez, Dinabidek 180.000 euro jasoko ditu. "Iris aurki zerbitzua ematen hasiko da". ETEk zerbitzuak %100 finantzatuta izanen dituzte.
Irisek eskaintzen dituen zerbitzuak hiru espezialitate teknologikotan biltzen dira: adimen artifiziala, superkonputazioa eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatua. Bost zerbitzu kategoriatan egituratzen dira, eta enpresen beharretara egokitzen dira, sektorearen eta heldutasun digitalaren mailaren arabera. Kategoria horiek honako hauek dira: esperimentazioa eta entsegua, prestakuntza eta talentua, finantzaketarako sarbidea, berrikuntzako ekosistemetarako sarbidea, ekintzailetza eta networkinga, eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatua digitalizazioaren bidez.
Dinabide irabazi asmorik gabeko erakundea da irailaz geroztik. Hala ere, hiru urtetan SGAk elkartea indartzeko eta garrantzia emateko lan eginen du, beti ere, hura sendotu eta egonkortzeko.