Astekaria

"Dantzalekuko zirkuitua Nafarroako onena da, zalantzarik gabe"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 7a, 12:00

Israel Arbizu, helmugarantz.

Otsailaren 25ean Altsasun jokatutako Nafarroako Kros Laburreko Txapelketan hirugarren sailkatu zen Israel Arbizu korrikalari etxarriarra.

Nafarroako Kros Laburreko Txapelketako hirugarrena sailkatu zara eta Dantzalekuko podiumera igo zinen. Espero al zenuen?
Oso-oso kontentu nago Dantzalekun egin nuen lasterketarekin. Hiru Herriko Diego eta David taldekideekin podiumean egongo nintzenik ez nuen inola ere espero. Eta hiru taldekideek tripletea egingo genuenik ere ez zen gure buruan sartzen. Harrituta geratu ginen. Espezialista onak falta ziren, baina hala ere bazeuden krosean onak direnak, adibidez Beste Iruñako Abule Esteban, Ardoiko Ayrton Azcue, Marathoneko Pablo Lassa, Hiru Herriko Miguel Aristu gure taldekidea... korrikalari onak zeuden, eta beraz, errendimenduarekin eta podiumean sartzeagatik oso-oso pozik nago. Berriro diotsut, ez nuen espero.

Dantzalekuko zirkuitua zoragarri zegoen. 
Dantzalekuko zirkuituaz zer esango dizut, ba zalantzarik gabe Nafarroako onena dela. Argi eta garbi. Gainera, espezial zegoen. Lehorrago egongo zela uste nuen, baina hain justu proba jokatu aurreko egunetan elurra egin zuen, elur pixka bat, eta bikain geratu zen, espeziala. Larunbata, gainera, korrika egiteko egun bikaina izan zen. Goizean goiz hotza egin zuen, baina gure proba 11:40ean hasi zen eta ordurako bikain zegoen. Denetatik zegoen: lokatz askoko guneak eta toki lehorrak. Dantzalekuko zirkuitua ikusgarria da. Aurrekoan Axi Estarriagarekin aipatu genuen zirkuitu hau Espainia mailako probetarako sekulako zirkuitua izan daitekela. Elgoibar, Lasarte... kenyarrak eta munduko kros espezialistak lehiatzen diren nazioarte mailako proba horietako zirkuituekin alderatu dezakezu. Demasa da. Larunbatean oso gustura ibili nintzen. Dantzalekuko zirkuitua korrikalari gisa ditudan ezaugarrietarako primeran datorkit: bihurguneak, aldapa gora, aldapa behera... denetatik du. 

Hemendik aurrera zeintzuk dira zure helburuak?
Asmoa da hemendik aurrera asko entrenatzea, baina asko, eta gutxiago lehiatzea, aire zabaleko denboraldiko pistan Nafarroako Txapelketetako 1.500 metrotan eta 5.000 metrotan marka polita egiteko. 

Erlazionatuak

Emozio handia Dantzalekun

Maider Betelu Ganboa 2023 mar 06 Altsasu