Sekulako giroa eta korrikalari eta ikusle mugimendu handia egon zen Dantzalekun otsailaren 25ean goizetik hasita. Hiru txapelketa jokatu ziren aldi berean. Batetik, Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Nafarroako Banakako Atletismo Txapelketak: 18, 16, 14, 12 eta 10 urtez azpiko kategorietan. Bestetik, 37. Altsasuko Kros herrikoia, eta hirugarrenik Nafarroako Kros Laburra. Azken biak batera jokatu ziren, distantzia bera baitzuten (4,5 km). 2.000 korrikalari zeuden izena emanda Nafarroako Atletismo Federazioan, eta horiei kros herrikoian animatu zirenak gehitu zitzaizkien. Bajaren batzuk egon ziren, baina hala ere korrikalari asko eta asko bildu ziren Dantzalekun.
Dantzaleku Sakanak bi zirkuitu prestatu zituen, laburragoa Usolarrainen, kategoria txikienendako. Luzeagoa zena Dantzalekuko futbol zelai zaharretik Dameroan sartzen zen. Altsasuko Kroserako eta Nafarroako Kros Laburrerako bi zirkuituak batu zituzten, eta lasterketa azkar, eder eta ikusgarria eskaini zuten, korrikalariek beraiek ziotenez Altsasukoa “benetako krosa” baita. Beste behin, Altsasuko Krosak ez zuen huts egin. Zirkuitua, gainera, ikusgarri zegoen, eta hotza bai, baina euria egin ez zuenez, gustura ibili ziren korrikalariak. Ez zegoen lohi gehiegirik, bezperako izotzaldiak putzuak lehortu zituelako.
Hiru Herriko korrikalariek hartu zuten aurrea hasieratik. Diego Miguelena, David Perez, Israel Arbizu etxarriarra, Markel Ziriza... eta haiekin batera Ayrton Azcue, Alvaro Alduan... faboritoen taldetxoa osatu zen berehala. “Hasieran batera ibili gara, baina bigarren itzulia azkarragoa izan da. Sentsazio onekin nengoenez, aurretik jarri naiz, tiraka. Tartea ateratzen hasi naiz eta helmugaraino aldea mantendu ahal izan dut” azaldu zuen irabazleak, Hiru Herriko Diego Miguelenak (15:10). “Orain arte bigarren eta hirugarren postuak bai, baina ez dut txapelketa absoluturik irabazi, eta oso pozik nago” aitortu zuen Nafarroako Kros Laburreko txapeldunak (15:10). 14 segundo atera zizkion David Perezi (15:14) eta 15 segundo Israel Arbizu etxarriarrari (15:15), biak bere taldekideak. Ivan Sobredo “Triki”, lehen altsasuarra (16:14), proba absolutuan hamaseigarren.
Emakumezkoetan photo finisha
Emakumezkoetan borroka epikoa izan zuten Izaskun Beunza olaztiarrak eta Maria Ordoñezek, biak Beste Iruña klubekoak. Hasieratik batera ibili ziren, baina azken itzulian Maria Ordoñezek metro batzuk atera zizkion Beunzari. Hala ere, olaztiarrak ez zuen etsi eta Dantzalekuko pistako helmugan Ordoñez harrapatu zuen. Biak denbora berean sartu ziren (17:14), baina Ordoñez izan zen lehena, oso gutxigatik. “Azkeneko esprintean ia harrapatu nau eta aldi berean sartu gara, oso estu. Ezusteko garaipena izan da, espezialistagoa den jendea nagusitzen baita, baina Nafarroako azkarrenak ez daude eta nabaritu da, bestela ez bainuen irabaziko” zioen irribarrez. Ardoi taldeko Marta Fernandez sailkatu zen hirugarren (19:28).
Guztira 88 korrikalari sailkatu ziren Nafarroako Kros Laburrean eta 37. Altsasuko Krosean. Klubak kontuan hartuta, emakumezkoetan Beste Iruña izan zen lehena, eta gizonezkoetan Hiru Herri. Txapelketa, aldi berean Master Txapelketa zen. Master 35 mailan Ion Torralba (15:30) eta Izaskun Beunza (17:14) gailendu ziren, eta Ivan Sobredo izan zen lehen sakandarra gizonezkoetan, Master 35 mailan bosgarren (16:14). Master 45 mailan Gerardo Clemente (17:01) eta Marta Muñoz (20:05) gailendu ziren. Mikel Berdud (17:20) izan zen lehen sakandarra, Master 45 mailan sailkapenean laugarren.
Altsasuko Kros herrikoiari dagokienez, Kevin Alves (Hiru Herri) izan zen txapelduna (16:56) Iker Iztuetaren (17:18) eta Amets Calvaren (18:54) aurretik. Jorge Iradi altsasuarra bosgarren sailkatu zen (19:06). Emakumezkorik ez zen lehiatu.
NKJ-etan txapeldun sakandar bat
NKJ-etako Nafarroako Banakako Txapelketak izan ziren jendetsuenak, kategoria txikietan ehunka korrikalarik hartu baitzuten parte. 18 urtez azpiko kategorian Mikel Abad (San Adrian) eta Maria Alduan (Ribera At.) dira Nafarroako txapeldunak; 16 urtez azpikoan Xabier Aranjuelo (Pamplona At.) eta Gema Santesteban (San Adrian); 14 urtez azpikoan Gorka Villar (Iranzu) eta Paula Fernandez (Ribera At.); 12 urtez azpikoan Diego Miranda (Hiru Herri) eta Naia Monreal (Tafalla); eta 10 urtez azpikoan Aiur Matias Asurmendi (Dantzaleku) eta Irune Murie (Gana). Beraz, Nafarroako txapeldun sakandar bat dugu: Aiur Matias.
Pozik zeuden Dantzaleku Sakanakoak. Atletismo eskolako Aitor Mendoza handik hara zebilen, Nafarroako Atletismo Federaziokoei beharrezko laguntza ematen eta proban izena eman zuten Dantzaleku Sakana klubeko 42 korrikalariei jarraipena egiten. Guztia ongi atera zelako ere kontentu zeuden eskolakoak. Baita federazioko presidente eta kideak ere, ikuskizun ederra egoteaz gain, guztia ezin hobe atera zelako.
Sakandarrak Nafarroako Kros Laburra-Mastersean
Absolutua gizonak
1.Diego Miguelena 15:10
3.Israel Arbizu 15:15
16.Iban Sobredo 16:14
23.Sergio G. De Eulate 16:44
37.Mikel Berdud 17:20
55. Jorge Iradi 19:06
70.Ismael L. De Goikoetxea 20:15
85.Juantxo Azurmendi 22:19
86.Santi Agirre 22:32
87.Aingeru Azazeta 22:35
Absolutua emakumeak
33.Maria Ordoñez 17:14
35.Izaskun Beunza 17:14
68.Leire Estarriaga 20:10