Astekaria

"Pena eman zidan, baina egindakoarekin pozik nago"

Guaixe 2023ko mar. 7a, 13:00

Izaskunek helmugako azken metrotan Maria Ordoñez harrapatu zuen, baina ezin izan zuen gainditu.

Altsasun jokatutako Nafarroako Kros Laburreko Txapelketa irabaztear egon zen Izaskun Beunza olaztiarra, baina esprintean Maria Ordoñez gailendu zitzaion.

Nafarroako Kros Laburreko zer nolako final estua eskaini zeniguten Maria Ordoñezek eta biek. Bera gainditzekotan egon zinen, eta oso gutxigatik ez zenuen lortu, denbora berean sartu baitzineten (17:14).

Maria taldekidea eta laguna da eta oso ongi ezagutzen dugu elkar. Sarritan tokatu izan zaigu biak parean egotea. Mendi korrikalari oso ona da eta indar asko dauka. Nire taktika izan zen bere ondoan ahalik eta gehien mantentzea, banekielako erritmo altua jarriko zuela. Berarekin joan eta azkeneko esprintean berari aurrea hartzea, ni pistan gehiago aritzen naizenez, azkartasun puntu hori entrenatzen dudalako. Lehen bi itzuliak elkarrekin egin genituen, baina hirugarrenean metro batzuk atera zizkidan. Geroz eta gertuago nuela ikusita, erritmoa bizkortu nuen eta oso gutxigatik ez nuen harrapatu, oin erdi batengatik. Ze pena, helmuga metro batzuk urrutirago balego... Hau pilotan final bat 21 tantorekin galtzea bezalakoa da. Momentuan pena nuen, eta etxean izanda gehiago, baina egindakoarekin oso pozik nago. 

Dantzalekuko zirkuitua nola zegoen?
Lokatza zegoen baina guztiz lokaztuta zegoen Ortuellako krosetik nentorren, Espainiako Kros Txapelketatik, eta haren ondotik Altsasun ez zitzaidan iruditzen horrenbesteko lokatza zegoenik. Dantzalekuko zirkuitua oso polita da. Hori da benetako krosa. Gainera, korrika egiteko baldintzak primerakoak ziren: tenperatura, zirkuitua ere oso polita --pixka bat moldatu zuten eta asko gustatu zitzaidan- oso ongi. 

Hemendik aurrera zeintzuk dira zure helburuak?
Martxoaren 25ean Burjasoten (Valentzia) jokatuko diren Espainiako Pista Txapelketa absolutuan 10.000 metroko lasterketan parte hartzeko gutxieneko denbora dut, eta Ortuellako krosa eta gero buru belarri hasi nintzen prestatzen. Entrenamendu oso fuerteak egiten ari naiz, gogorrak eta erritmo bizietan. Erronka zaila jarri diot nire buruari: 10.000 metroak 36 minututik jaistea. Zaila da, baina markatu dizkidaten entrenamenduak orain arte egin ditut, eta saiatuko naiz. Gero proba egunean dena zure alde egon behar da, kirola horrela delako, baina saiatuko naiz. 

Erlazionatuak

Emozio handia Dantzalekun

Maider Betelu Ganboa 2023 mar 06 Altsasu