Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak Sorionekuak ekimenari atxikimendua eman dio, eta dei egin du garagarrilaren 10ean Iruñean eginen den mobilizazio herritarren parte hartzera eta hiriburuko kaleak betetzera. Sorionekuak dinamikaren gonbidapenarekin bat egin eta "Iruñean euskararen aldeko taupada indartsua sentitzera" deitu du Kontseiluak. Izan ere, dinamikak "eskubideak errespetatu, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu eta harrotasuna zabaltzeko deia egiten digu".
Kontseilutik azaldu dutenez, "Sorionekuak ekimenaren bultzatzaileak euskaraz bizi nahi duten herritarrak dira. Baina, borondate hori izanik ere, egunerokoan hamaika traba aurkitzen dituzte". Horien artean aipatu dituzt, besteak beste, zonifikazioaren ondorioak, "Nafarroako eremu handienean bigarren mailako herritar izateraino". Horregatik, Kontseiluko kideek azpimarratu dutenez, "euskararen ofizialtasuna da nafar guztien berdintasuna bermatuko duen giltza: 'inori eskubideak kendu baino, ez dituenari aitortzen dizkiolako'". Sorionekuak dinamikak zabaldutako ideiak bere egin ditu Kontseiluak: "euskara bizitzeko eta gozatzeko nahi dugu, gainera, iragana baino etorkizuna da, nafar guztiena".