UEMAk zuzendaritza berritu du

Guaixe 2023ko ira. 29a, 10:00
UUEMAko buru berriak. UTZITAKOA

Martin Aramendi eta Irune Urbieta izanen dira lehendakari eta lehendakariordeak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) 101 udaletako ordezkariak Ataunen batzartu ziren irailaren 23an, larunbatarekin, tartean Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranazkoak. 2023-2027 agintaldiko aurreneko batzar nagusian UEMAk bere zuzendaritza berritu zuen. Hamaika kideko zuzendaritzaren buru Ataungo alkate Martin Aramendi izanen da eta lehendakariordea Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta. 

Gaur egun 101 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz aparte, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera. Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Martin Aramendik eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasotako konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Iraitz Lazkanori eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere.

Adierazpenak
UEMAren lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu duela adierazi zuen Martin Aramendik, "UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua" delako. Azken agintaldian UEMAren lana aitortzeko eta UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: "Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira".

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Aramendik. "Ardura eta erronka handia da UEMAren lehendakari postua, baina zuzendaritza batzordea izango dut lagun. Alderdi eta kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere".

Azkenik, UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan ditu Aramendik: "argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko". Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, "ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko". Aramendik nabarmendu duenez, horrek egitasmo berritzaileak ekarri ditu azken urteotan UEMAra, "euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko hain beharrezkoa eta arrakastatsua izaten ari den egitasmoa. Horrelako egitasmoak lantzea eta herrietan errotzea izango da hurrengo urteotan euskararentzat herritar berriak eta esparru berriak irabazteko giltzarrietako bat".