Erkuden Aldaz Arroyo

“Zaintza sisteman aldaketa behar dugu”

Guaixe 2023ko urr. 5a, 14:15
Erkuden Aldaz Arroyo.

Usurbilgo zaintza ekosistema deritzona lantzen buru-belarri ari da Erkuden Aldaz Arroyo, Matia fundazioko gizarte langilea. Haren nondik norakoak azaldu ditu.

Usurbilgo Udala, Matia fundazioarekin elkarlanean, zaintza eredu berri bat eraikitzen ari da. Egungo zaintza eredua aldatzeko prozesuan herriko hainbat erakunde, elkarte, eragile, zerbitzu eta foru aldundia parte hartzen ari dira, guztien artean, zaintzaren eredu berria elkarrekin eraikitzeko. 

Usurbilgo zaintza ekosistema. Ekosistema hitza entzutean, herri guztia kontuan hartzen duela pentsatu behar dugu? 
Hala da. Zaintza guztion pean dagoen erantzukizun bat da. Zaintzak behar ditugu gizarte bezala bizi ahal izateko. Zaintza beharrezkoa zaigu eta, beraz, elkarrekiko zaintza horretan denok gara pixka bat erantzule. Usurbilen proposatzen den aldaketa handienetariko bat hori da. Ekosistemaren sorreraren muinean dago hau herri proiektu bat dela. Edo zaintza herri bezala artatu behar dugula. 

Zaintza eredu berri bat eraikitzen ari zarete. 
Hala da, bai. Proposamen esperimentala da, baina bizpahiru joera nagusiri erantzun nahi dio. Alde batetik, kontutan izanda nolakoa izan den gizarte antolaketa, nolakoa den gaur egun eta etorkizuna nola izango den, bai datu soziodemografikoari begira, bai bizimoduak eta abar... Hori kontutan hartuta, egituraketa horri zaintza sistemak nola erantzuten dion hausnartuta ere, argi ikusten da zaintza sisteman aldaketa behar dugula. Proposatzen dugun zaintza ekosistema sistemaren eraldaketa bilatzen duen proposamen esperimentala da. 

Zaintza beharrezkoa zaigu eta, beraz, elkarrekiko zaintza horretan denok gara pixka bat erantzule

Zeinek parte hartzen du ekosistema horretan?
Ekosistema horren sorreran parte hartzen duten ekosistema horren parte diren eragile guztien ordezkariak. Talde motor dago eta han ordezkariak dituzte: gizarte zerbitzuak; bizilagunak; elkarteak; zaintza beharrean dauden pertsonak; zaintza ematen duten pertsonak, bai profesionalak bai senideak; zerbitzuak, esaterako eguneko zentroa, etxez etxeko arreta eta beste; osasun alorra, koordinazio soziosanitarioa oso-oso garrantzitsua baita; udala, alkatea eta zinegotziak eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Eraldaketa sistema bezala ulertzen baldin badugu, sistemako hainbat maila desberdinekin ere harremana du. Beraz, aldundiarekin ere zerikusia dauka eta mahai horretan ere bere ordezkari bat dago. 

Zer egin duzue Usurbilen? 
Gai zehatz batzuk jorratzen dira, aurreko fase batean identifikazio lana egin delako. Ulertu behar dugu zaintza ekosistema baten eraketa bizia dela, prozesuak berak eramaten zaituela ondorengo pausoetara. Niretako oso garrantzitsua den abiapuntu bat dago: eragile horiek guztiak mahai baten bueltan jartzen ditugunean eta eratzen hasten garenean nola irudikatzen dugun zaintzen duen herri bat. Egin genuen lehenengo pausoetariko bat izan zen: nola irudikatzen dugu Usurbil zaintzaile bat? Nolakoa izan behar du? Zer behar dugu honetarako? Zer baliabide badauzkagu jada herrian? Zeintzuk falta zaizkigu? Herriaren diagnosi zabala egin genuen; herria ezagutu, herri horrek zer ulertzen duen dela zaintza, eta nola nahi duten zaintza jorratu herrian. Ardatz nagusi batzuk atera ziren. Betiere arreta eredu batzuk kontutan izan da. Kasu honetan pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta eredua dago erdian. Hori da lehenengo pausua. Hortik diagnostiko zabala, lan ildo batzuk atera eta ondoren ildoak jorratzen goaz. 

Usurbilen hiru maila dauzkagu, lehen aipatutako talde motorra. Mahai estrategikoagoa talde txikia da, egitasmoari koherentzia ematen joaten da, ondorengo pausoak jorratzen ditu, herriarekin lotu eta abar. Azkenik, talde operatiboak daude, talde motorrean identifikatu diren erronkak lantzen dituzte. Esate baterako, identifikatu da etxez etxeko arretaren inguruan eraldaketa bat egin behar dugula. Zerbitzuekin lotutako talde operatibo bat dago, beraz, talde horrek badauka aurrera bultzatu behar duen proiektu bat. Mailen arteko joan-etorriko informazio bidea dago. 

Zaintza ekosistema baten eraketa bizia da, prozesuak berak eramaten zaitu ondorengo pausoetara

Zenbat urte daramazue?
Zaintza ekosistema izen horrekin beharbada hiruzpalau urte daramatzagu. Baina, egia da, Usurbilen zaintzen inguruko ardura eta gauzak eraldatzeko gogoa aspalditik datorrela. Udalak pauso asko eman izan ditu ekosistema eraketa prozesu honetatik haratago. 

Herritarrak eragina sumatzen hasi dira? 
Uste dut egiten dugun horren inpaktua neurtu beharrean gaudela eta, hasieratik, ebaluazioa bidelagun dugu; garrantzitsua da. Lehenengo fase horretan aldaketak sumatzen dira. Egon dira lorpen eta momentu potoloak Usurbilen baitan, esaterako, bi ekipamendu berri ireki dira herrian; lorpen zehatz eta garrantzitsuak izan dira. Zaintza azoka bat egin zen, eta herritar pila batek, eta herritik kanpoko hainbat pertsonek ere, parte hartu zuten. Inpaktu polita izan zuen herrian. Hainbat gauza lortu dira, baina orain inplementazio fasean buru-belarri sartuta gaude eta, nik uste, hemendik aurrera oraindik gehiago sumatuko dugula. Gizarte zerbitzuak beraien egitekoa eraldatzen ari dira: pertsonen beharrak ikustetik pertsonen bizitzak ikustera pasatzeko ibilbidean daude, metodologia berriak eta desberdinak erabiliz. Horrek zaintza beharrean dauden pertsonen eta zaintza ematen duten horiengan inpaktu berezia dauka. Edo etxez etxeko arreta zerbitzuarekin. Aurten buru-belarri sartuta gaude horretan. Ikerketa bat egin dugu eta ondorengo pausoak identifikatu ditugu. Iruditzen zait  inpaktu batzuk lortu direla, eta hemendik aurrerakoak oraindik askoz ere gehiago sumatuko direla. Baina horiek frogatuko ditugu, eta ebaluaziotik aterako zer lortu dugun, zer ez dugun lortu, zer erronka dauzkagun oraindik mahai gainean. 

Gizarte zerbitzuak beraien egitekoa eraldatzen ari dira: pertsonen beharrak ikustetik pertsonen bizitzak ikustera pasatzeko ibilbidean daude, metodologia berriak eta desberdinak erabiliz

Aldundia egoteak babesa ematen du?
Beti defendatzen dugu zaintzan denok beharrezkoak garela. Aldundia hor egotea, noski, babesa da. Gainera, eraketa horrek pertsona eta ekonomia ahalegina suposatzen du. Beraz, aldundiaren babesa ezinbestekoa da. Gero ere dauzkagun prozesu asko aldundiaren baitan daude. Hau da, gizarte zerbitzuetatik gauza asko eraldatu nahi izanda ere, batzuetan aldundiak duen barne  funtzionamenduarekin talka egiten dute zuzenean. Beraz, beraiek ere prozesu honetan sartu eta gauzen zergatia ulertzea ezinbestekoa da. Bestela, sistemaren zati txiki bat aldatzen goaz baino sistema hori sistema handiago batekin konektatua dago. Horrek ere bere ibilbidea egin beharko luke hori guztiari koherentzia emateko. Bai, dudarik gabe, beraien parte hartzea ere ezinbestekoa da.