Amaia Zalba Martinez

“Prestakuntza saioa egin genuen erakusteko zertaz ari garen”

Guaixe 2023ko urr. 5a, 14:00

Amaia Zalba Martinez.

Sentsibilizazio proiektua izateaz aparte, 'Berriozar, zaintza ardatz' zainketen inguruko gogoetarako eta lanketarako gunea ere badela azaldu du Amaia Zalba Martinezek, udal berdintasun teknikariak. 

Bizitzea merezi duten bizitzak ahalbidetzen dituzten aldaketak laguntzeko, horiek lantzeko, proiektua martxan du Berriozarko Berdintasun Zerbitzuak. Egitasmora herriko elkarte eta eragileak batu dira, eta nor berean zaintzaren ideia gauzatzen ahalegintzen ari da. 

Zertan datza zuen proiektua? 
Gure Berdintasun Planean zaintzen inguruko esku hartze atal bat dago, eta 2017an zaintzak lantzeko nahiarekin hasi ginen. Pentsatu genuen: "kanpaina puntualak egin beharrean herria eta bertako eragileak inplikatuko dituen egitasmo orokor bat sor dezagun, denon artean zaintzak lantzeko". Berriozar, zaintza ardatz; Berriozar, pueblo que cuida sortu genuen. Hasiera batean, nolabait zaintzarekin harremana zuten herriko erakunde, eragile eta elkarteekin elkartu ginen. Ondoren taldea zabaltzen joan gara, konturatu ginelako edozein esparrutan landu daitekeela zaintza, edozein zaintza dela ere. 

Elkartzen hasi, egitasmoari izena jarri, logotipoa, prestakuntza saioa egin genuen talde guztiekin, inplikatu nahi zuten horiekin. Prestakuntza saioa egin genuen erakusteko zertaz ari garen, zer den zaintza, zer nahi genuena. Gure asmoa zen zaintzak esparru guztietan lantzea. Berdin dio haur eskolan edo liburutegian, gazte gunean edo bestelako elkarteetan, talde feministan edo adineko pertsonen egoitzan. Nahia zen bakoitzak bere esparrura bideratzea zaintzen lanketa eta hor ikusaraztea zer den zaintza, nork zaintzen duen, zaintzak baloratzea... Azken finean, ikustea zaintza ezinbestekoa dugula gure bizitzan, gure bizitzak funtzionatu ahal izateko. 

Hasiera hartan izan ziren 25, momentu honetan 27 eragile eta elkarte gara. Udalak plaka batzuk sortu zituen logotipoarekin eta kaletik zoazenean atxiki direnen egoitzetan ikus daitezke: adineko pertsonen zentroan, ikastetxeetan, guraso elkarteak, Emausko Trapuketarietan, gazte gunean, kiroldegian, musika eskolan, kiroldegian, garbiketako enpresa publikoan... Horren bidez herrian zaintzarekin dagoen inplikazioa ikusarazten da. 

Taldea zabaltzen joan gara, konturatu ginelako edozein esparrutan landu daitekeela zaintza

Denetariko eragileak. 
Anitza zentzu guztietan. Urte hauetan ikusi dugu zaintzak esparru guztietan landu daitezkeela. Honen asmoa da elkarte edo eragile bakoitzak bere esparruan zaintza lantzea, bakoitzak dakielako zeintzuk diren beharrak. Esaterako, kiroldegia atxiki zen. Behin prestakuntza saioa eginda, zer behar zuten galdetu zioten bere buruari eta zaintza kiroldegira egokitu zuten. Eta jendartea sentsibilizatzeko kanpaina egin zuten: kirol instalazioak zaintzeko, eta uraren eta gasaren kontsumoaren inguruko kontzientzia hartzeko ere. Bakoitzak zaintzak bere esparrura bideratu ditu. Ez du zertan izan behar umeen edo pertsona helduen zaintza; orokorrean, zaintza. Berriozarko herri zaharrean, Ezkaban, bada elkarte bat eta zaintza ingurumenari zuzenduta lantzen dute: auzolanak, herriaren zaintza, ez horrenbeste pertsonen zaintza. Beraz, denetarik dago. Oso anitza da. 

Elkarte batek bere zaintza proiektua garatzerakoan laguntza jasotzen du?
Prestakuntza saioan hizkuntza eta kontzeptu aldetik komunean jarri genuen zaintzak zer diren, zertaz ari garen eta zer nahi genuen. Egitasmoa Berdintasun Zerbitzuak koordinatzen du, eta nolabaiteko aholkularitza hori badute. Urtean bitan elkartzen gara elkarte eta eragileak. Urte hasierakoan bakoitzak urte horretan landu nahi dituenak proposatzen ditu; batzuek ez dute ezer proposatzen. Proposatutakoari forma ematen joaten gara. Beti dago Berdintasun Zerbitzua aholkulari moduan. Pandemiarekin eten handi bat izan zen, baina urtero elkarte horiei zuzendutako prestakuntza saioa egiten saiatzen gara. Elkarte edo eragile bakoitzetik pertsona bat edo bi etortzen dira, ez da elkarte osoa etortzen.

Elkarrekintzak sortzen dira? 
Batetik, ideia trukaketa egon daiteke. Baina, bestetik, elkarrekin egindakoak ere badaude. Esate baterako, eskolan garbiketa egiten duen enpresa publiko bat dago. Bai eskolak eta bai enpresako kideek ikusi zuten langileen eguneroko lana erraztu zitekeela garbitzaileek umeei aurkezpena egin eta hitzaldia emanez gero. Elkarlanean aritu ginen Berdintasun Zerbitzua, bi ikastetxeetako zuzendariak eta garbiketako enpresa. Pentsatu genuen egokia izango litzatekeela garbitzaileek gelaz gela beraien burua aurkeztea. Esaterako, goiz batean garbitzaile bat 5. mailako gela batera joatea eta esatea: "ni Mari Carmen naiz, hemengo langilea. Zuen gela garbitzen dut egunero. Eta gustatuko litzaidake zuek jakitea lana erraztuko zenidaketela aulkiak mahaira igotzen baldin badituzue. Horrela, nik 300 aulki igo beharrean, zuen laguntzarekin, garbiketa azkarrago, erosoago egiten dut,  eta horrela ni zaintzen nauzue". Halako aurkezpenak egin dira 2017tik ikasturtero. Ikastetxean konturatu dira, batetik, ume eta garbitzaileen artean harremanak sustatu direla. Eta, bestetik garbitzaileak ikusarazten dituzte; pasabideetan agurtzen dituzte, garbitzaileendako oso onuragarria da hori. Aldi berean, ikastetxea, patioa, garbiago eta txukunago dago. Zeren hitzalditxo horretan gela bakoitzak garbitzailearekin arau batzuk adosten ditu. Esaterako, egunero aulkiak jaso behar ditugu, materialak jasota utzi behar ditugu... Eta bide batez lortu da ikastetxea txukunago egotea. Hor zaintzak bi zentzutan landu nahi genituen: garbitzaileek zaintzen dituzte umeak eta irakasleak, beraien espazioa egoteko garbi eta txukun egunero eta egoteko gustura; eta bide batez, bertan dauden pertsonek, bai irakasle zein ikasleek zaintzen dituzte garbitzaileak. 

Plakak jartzeak berarekin konpromisoren bat dakar? 
Plakek proiektura atxikita dagoen eta haren parte den elkarte edo eragile hori identifikatzen dute. Han zaintzak lantzen direla adierazten du. Proiektuaren berri eman arren, herritar guztiek ez dute ezagutzen. Horretan saiatzen gara. Urte bukaeran udalak Nafarroako Berdintasun Institutuak sustatutako zaintzen aldeko tokiko ituna sinatuko du. Horren harira jendartean egiten diren jardueren berri eman eta ikustarazi nahi dugu. Zeren askotan jarduerak barrura begira izan daitezke. Kontatu dudan ikastetxeenak oihartzuna izan zuen, familiei seme-alabekin egindakoaren berri emanez gutuna bidaltzen baitzaie. Jardueren berri zabaltzen da, baina herrian, kalean, ikustea falta zaigu. 

Asmoa da elkarte edo eragile bakoitzak bere esparruan zaintza lantzea, bakoitzak dakielako zeintzuk diren beharrak

Aurrera begirako erronka gehiago dituzue?
Adineko pertsonen zentroaren proposamena jaso dugu: erruki komunitatea sortzea. Bidean da. Munduan barna zabalduta daude, Hego Amerikako herri askotan daude. Ez da sare bat, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan hala dauden. Berez, bizitzaren bukaeran zaintzak lantzen dituzte. Pertsonaren bat bizitzaren bukaeran gaixo badago, edo dena delakoa badu, berak eta bere familiak akonpainamendua izanen dute. Jatorrizko ideia hori da. Baina Berriozarren pixka bat zabaldu nahi da eta hori lantzeko lantalde txiki bat sortu da. Komunitate hori sortu nahi da, baina ez bakarrik zaintzak lantzeko edo bidelagun izateko bizitzaren bukaeran. Baizik eta bestelako gaiak ere lantzeko, esaterako, suizidioaren prebentzioa, doluak eta, bide batez, terapeutikoa ez den komunitate bat sortu familia edo pertsona horiei akonpainamendua egiteko. Zentroa duela lau bat urte zabaldu zuten eta bitarte horretan jendea hil da. Eta hori lantzeko beharra ikusi dute, pertsona bere bizitzaren bukaeran dagoenean, baina baita taldea ere nola gelditzen den pertsona hori hil ondoren. Jubilotekan, esaterako, egunero joaten zen pertsona bat hiltzen denean, ondoren taldeak babes bat behar du.

Mahai gainean jarritakoak aztertuko dituzue. 
Bai. Urtero urte hasieran bilera bat eta bukaeran beste bat egiten ditugu. Orain bilduko gara. Ikusiko dugu aurten zer gauza landu ditugun. Nafarroako Gobernuaren zaintzen tokiko paktua etorriko denez, aurten haren bidez jasoko dugu prestakuntza. Urte hasieran zer landu nahi den jakiteko elkartuko gara.