Delicia eta Patricia

“Bere burua birpentsatzen duen udala da Amurriokoa”

Guaixe 2023ko urr. 5a, 13:45

Delicia Aguado Pelaez eta Patricia Martinez Garcia.

Amurrioko Udala garatzen ari den barne prozesuaren berri eman zuten Aradia Kooperatibako Delicia Aguado Pelaezek eta Patricia Martinez Garciak, bere jardunean zainketen ikuspegia txertatzeko proiektua baitu udal horrek.

Amurrioko Udaleko barne prozesuaren helburua da zainketen ikuspegia udal ekintza gidatuko duen zeharkako politika gisa txertatzea. Udal teknikariekin batera hasi dira lanean, pertsonen eta ingurunearen zaintza kontuan izanik. 

Zergatik ekin dio Amurrioko Udalak barne prozesu bati?
Patricia. 2019an sortu zen ideia. Zaintza politika, ekonomia feminista eta bizitzaren jasangarritasunari buruzko prestakuntza saioak izan zituzten. Udal teknikariak asko hunkitu ziren, baita alkatea izanen zena ere. Jabetu ziren udal politikak hobetu zitezkeela, bidezkoagoak izan; barneratu zitekeela ingurumenarekiko eta pertsonekiko kezka. Talde motor bat eratu zuten eta berritzen hasi ziren, irizpideak txertatzen eta gauzak hobe egiteko moduaz pentsatzen hasi ziren. Burokraziak, errutinak eta halakoak geldiarazi zuten talde motorra. Orduan akonpainamendu teknikoa egiteko gu kontratatzea erabaki zuten. Helburuak: bizitzak erdigunean jartzeak udal jardueran zer esan nahi duen pixka bat zehaztea; politika publiko baterako zaintzak zer diren zehaztea... Beti ere, zaintzari buruz hizketatzerakoan ohituta gauden ikuspegia baino zabalago bat kontuan izanik. Zaintzez aritzean burura datozkigu haurren edo adinduen zainketa... Zaintzaren ideia mugatua da hori. Amurrion zaintzaren ideia zabaldu nahi dute inguruneak eta pertsonak kontuan izanik, guztiok baldintza beretan bizitza duinak izateko bizitzarako baliabide material eta sinbolikoak jartzea; beti ere, ingurumen fisikoaren mugak kontuan izanik. 

Helburuak: bizitzak erdigunean jartzeak udal jardueran zer esan nahi duen pixka bat zehaztea; politika publiko baterako zaintzak zer diren zehaztea...

Gauza bat da udal agintariek erabakia hartzea, bestea udal langileen inplikazioa. 
Delicia. Momentuz taldetxo batekin ari gara: gizarte zerbitzuak, berdintasuna, herritar parte hartzea, ingurumena eta alkatea. Ingurumena berregituraketa prozesu gisa hartu da. Eta alkateak parte hartzearena ez da ohikoa, askotan talde motorrak edo politikoak edo teknikoak baitira. Alkateak “pisua” ematen dio. Tarte batez talde motor hori izan zen hausnarketa gehien egin zituena. Ondoren gainontzeko teknikariei zabaldu genien prozesua: diagnosia egiteko elkarrizketak egin genituen, tailerrak sortu genituen, aurkezpena egin genuen... Gainontzeko langileen artean zabaltzen ari gara gaur egun. Aldaketa horiek guztiek udal lan taldeetan barne eraldaketa handia dakarte. Talde horiek lanez gainezka daude, errutina asko dituzte... Nahiko agenda estua dute, pentsatzen hasteko... Hori udal guztietan gertatzen da. Prozesuak hausnarketatik asko izan du, gauza askori buelta asko eman dizkiogu, bai teorikoak, bai praktikoak. Orain udal egituran behera egiten, zabaltzen ahalegintzen ari gara, haren beste ikuspegi bat izan dezaten; ez dezaten urruneko zerbait bezala ikusi. Tresna baten bidez aplikatu ahal izanen da, nahiz eta hura egiteko zeregin handia dugun aurretik. 

Tresna diseinatzen ari zarete? 
P. Horretan gaude, hausnarketa teorikoan eta praktikoan. Gu laguntzen ari gara eta ikuspegia zabaldu dezakegu, baina errealitatera ere jaisten gaituzte: honako eskumenak eta baliabideak ditugu. Ideia zen bi aldeen arteko elkarrizketaren bidez, eta marko orokorreko eta zati praktikoan anbizioa galdu gabe, aurrera egitea. Oso zehaztuta dago. Azken formatua kalkulu orri bat da. Baina eraikitzeko dago oraindik, asko pentsatu behar dugu horren gainean, eta talde motorrekoak ez diren teknikarien iritzia jaso behar dugu. Egunerokoan nola dakusaten esatea nahi dugu. Jakina, ez da gauza bera talde motorrekoa izatea, kontzeptuen esanahia zein den badakiena, edo haiekin harremanetan jarri berri izatea. Ea ulertzen duten, erraz ezartzen den... Ezartzeko aste bat behar duen tresna bat ez duzu jarriko! Praktikaren eta teoriaren markoaren arteko orekaren bila gabiltza. 

Aldaketa horiek guztiek udal lan taldeetan barne eraldaketa handia dakarte

Prozesuan laguntzarik izan duzue?
D. Unibertsitateko lagunei eskatu diegu laguntza: Jone Martinez Palacios eta Amaia Perez Orozko; REAS-Euskadi... Hainbat forotan parte hartu dugu, kontrastatzeko. Prozesuak ez du aurrekaririk. Oso zaila da, markoa zabala da eta ideia oso handinahia da. Ideia eraldatzailea galdu gabe zerbait praktiko eta erabilgarria egitea pixka bat zaila izaten ari da. Oraindik oso berde badago ere, aurki 2030 Agendako Ministerioaren dirulaguntza batekin estatuko beste udaletara zabaldu nahi du. Azken urteetan izan ditugun ikasketak beste errealitate bat duten udalekin kontrastatu nahi ditugu. Izan ere, Amurrioren idiosinkrasia oso markatuta dago: euskalduna, arabarra, siderurgia... Beste errealitate batzuk dituzten udaletan ea nola ikusten duten tresna.

Tresnak ea funtzionatzen duen?
P. Bai tresna, bai irizpideak. 

Izan ditugun ikasketak beste errealitate bat duten udalekin kontrastatu nahi ditugu

Helburua da bere burua zaintzen duen herria izatea Amurrio? 
P. Bere burua birpentsatzen duen udala da Amurriokoa. Hobe zaintzen ikasten duen herria. Politika oso eraldatzaileak bilatu beharrean, apika ez daude puntu horretan, egiten ari direna hobetzeko neurri zuzentzaileak ezartzea da. 

Zaintza ez bakarrik pertsonena, ingurumena ere. 
D. Diagnosian atera zirenetako bat izan zen: nola zaindu? Udalak ordurako zaintzen zuen; horretarako, zaintzeko, balio du udalak. Galdera aldatu genuen: nola zaintzen duzu? Udalen eskumenak eta baliabideak askotan mugatuak dira. Baina gertuen dugun administrazioa da, gurekin elkarbizitzen da, eta kontaktu gehien izan dezakeguna da. Planteatzea elkar zaintzea, komunitatea eta ingurua zaintzea. Teknikariek eta herritarrek eragiteko gaitasuna dugu gertuko horretatik aritzeko, ideia oso onak dituzten baina urrun ikusten diren egitasmo handietatik baino.