Bizikletan ibiltzeko 63 kilometroko bidea izanen da etorkizunean Irurtzun eta Agurain artean. Horietako 16,8 km Araban daude, Egino, Zalduondo, Mezkia eta Aguraingo lurretan. Arabako Foru Aldundiak bidearen proiektua egin ondoren, lanak emateko deialdia egin du. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, lanak egiteko ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen dituzte, ibilbidea lurraldearen morfologiara eta topografiara egokituko baitute. Hori egiteko hondakinak kendu, landa bideetako zorua eta drainatzeak trinkotu, eta zuhaixkak eta bestelako elementu begetalak landatuko dituzte. Gainera, bizikletendako bi aparkaleku ziur eta bizikleta elektrikoetarako bi karga puntu jarriko dituzte bidean.
Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak jakinarazi duenez, "exekuzio fasean sartzear gaude... Eraikuntza proiektuaren erredakzioa egina dugu jada. Orain behar diren baimenak tramitatzen ari gara, eta exekuzioa aurki hastea aurreikusten dugu". Urbitartek gogorarazi du lanak finantzatzeko bi diru iturri daudela. Alde batetik, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 2022an emandako milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza. Diru hori Arabako zatia egiteko da. Aurten emandako milioia, berriz, Sakanako zatirako da. Diru hori Estatuko aurrekontuetatik jaso da, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bati esker.
Baina diru hori ez da nahikoa izanen Sakanako lanak egin ahal izateko eta Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation EU funtsetik beste milioi bat jasoko da, Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planen barruan. Urbitartek azaldu duenez, bi diru iturriek "epeak markatuko dizkigute". Guztira 1,97 milioi euro izanen dira.
Ibilbidea
Eraikitzear den bidea Sakanako Estrategiaren Planean jasoa dago, eta Donejakue bidearekin batera turismo eskaintza integrala osatzeko elementua da. Bideak sakandarren herri arteko mugikortasuna errazteaz aparte, EuroVelo 1 ibilbidearen parte izanen da. Norvegia eta Portugal lotzen ditu EuroVelo 1 ibilbideak kontinentearen alde atlantiarretik, baita Baiona, Donostia eta Iruñea ere. Azken hori, besteak beste, Plazaolako bide berdearen bidez egiten du.
EuroVelo distantzia luzeko 17 bizikleta ibilbideko sarea da, Europako kontinente osoa lotzen duena. Txirrindularien Europako Federazioak sustatzen du. Ibilbide horiek zikloturistek eta eguneroko joan-etorriak egiten dituzten tokiko biztanleek erabil ditzakete.