LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek deituta, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte leloa zuen kontzentrazioa egin zen Altsasuko estalpean otsailaren 16an, ostiralean. Haren bidez "lan istripuak eragindako heriotza salatu eta aski da" esan nahi izan zuten. Aldi berean, "enpresek prebentzio neurriak har ditzatela eta legea bete dezatela" exijitu zuten. Erakundeei ere zuzendu zitzaizkien sindikatuak: "prebentzio neurriak betetzea enpresaren ardura baita, baina horiek betearaztea administrazioaren betebeharra ere bada. Beraz, ozen esan dezakegu batzuk mozkinak dituzten bitartean, beste batzuek albo batera begiratzen dutela langileria odolusten ari den bitartean".
Protesta bilkura deitu zuten sindikatuen ordezkariek esan zutenez, "ez da onargarria etxetik lanera atera eta bizirik ez bueltatzea. Eta, are gutxiago, prebentzio neurririk ez dagoenean. Hori ez da istripua, hori hilketa da". Horregatik langileei, sindikatuei eta gizarteari deia egin zieten: "lantokietan antolatu, eta lan osasuna erdigunean kokatu". Deitzaileek gaztigatu zutenez, "lan istripuak gizarte honetan arazo larria bilakatu dira". Horren adierazle gisa aurten Euskal Herrian lanean hildako hamabost pertsonak dira; haietatik sei Nafarroan hil dira. "Altsasun hiru bizilagun zendu dira azken urtean, eta, kasu honetan, bigarren langilea da Cementos Portland Valderribas enpresan bizitza galdu duena azkeneko bi urteetan”. Datu horiek "onargarriak" ez direla nabarmendu zuten. Sindikatu deitzaileek azaldu zutenez, "enpresek eta mutualitateak 2023an publiko egin dituzten datuen arabera, 26.000 istripu baino gehiago izan dira Nafarroan. Espainiar Estatuko daturik kaskarrenak".