Mank-ek informazio eta komunikazio barneratzailea du

Guaixe 2024ko mar. 14a, 11:00

Sakanako Mankomunitateko langileak ordenantzari buruzko trebakuntza saioa izan zuten abenduan. UTZITAKOA

Joan den urtean lanketa egin ondoren, Sakanako Mankomunitateak bere komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez sexista erabiltzeko ordenantza onartu zuen, aho batez izan zen, abenduan. Hurrengo pausoa ordenantza udaletan onartzea izanen da

Sakanako Mankomunitatearen komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez sexista erabiltzeko ordenantza martxoaren 5az geroztik indarrean da. Ibarreko erakundeak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako politika mankomunatuetan aurrera egiteko, horiek sendotzeko eta jasangarritasunetik bideratzeko erronka du, eta, kasu honetan, informazioaren eta komunikazioaren bidez. 

Mank-eko langile batzuek ordenantzaren berri jaso zuten abenduan egindako trebakuntza saio batean. Apirilean beste bat eginen da gainontzeko langile eta udal ordezkariendako. Helburua da udalek pareko ordenantza bat izatea. Ordenantzaren jarraipen sistema martxan jarriko dute. Horrek  aukera emanen du diskriminazio bat antzeman bezain pronto, horren berri emateko. 

Zergatia
Mank-ek Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako I. Plana indarrean du. Baina, azken urteotan informazioaren eta komunikazioaren teknologietan gertatu diren aurrerapen tekniko eta sozialek ordenantza egitera bideratu dute. Izan ere, "komunikazioak munduaren ikuspegi bat proposatzen du, mezuak jasotzen dituzten pertsonengan subjektibotasun jakin bat mugiarazten du, eta munduaren irudikapen hori errealista eta egiazkotzat onartzen dute pertsona horiek", azaldu du Oihana Gallo San Romanek, Mank-eko berdintasun teknikariak. Gallok gogorarazi duenez, "gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanak oraindik asimetrikoak dira, eta horiek informazio eta komunikazio prozesuan islatzen eta finkatzen dira". Gaineratu duenez, "hizkuntzaren erabilera jakin batzuek bulkatzen dute harreman horiek denboran mantentzea". 

Galloren hitzetan, "emakumezko haur, nerabe eta helduenganako gorrotozko eta indarkeriazko diskurtsoa nagusitzen da, batez ere baliabide teknologikoen bidez. Eta arreta espezifikoa ematen zaio matxismoaren, LGTBI+ fobiaren eta arrazakeriaren arteko intersekzioari, emakumeak uzten baititu egoera bereziki zaurgarrian eta indarkeria jasateko arrisku handian". Hori guztia kontuan hartuta, Mank-ek "informazioaren eta komunikazioaren produkzioan eta kudeaketan beste diskriminazio mota batzuekin batera agertzen diren sexismo adierazpenak saihesteko formulak" bilatuko ditu, eta "komunikazio inklusiboa eta ez diskriminatzailea sustatuko du, Sakanako Mankomunitateak erabiltzen dituen kanal guztietan", zehaztu du Gallok.

Herritarren eskubideak 
Ordenantzak hogei artikulu ditu eta haietako bitan herritarren eskubideak jaso ditu Mank-ek. Hamaseigarrenean tratu berdintasunerako eta diskriminazio ezarako eskubidea zehazten da. Beraz, Mank-ek komunikazio sistema inklusibo eta ez sexista erabiliko du dokumentazio administratiboan eta inprimakietan, pertsonen aniztasuna errespeta dadin. Hori nola egin hainbat punturen bidez argitzen da. Hamazazpigarren artikuluaren bidez ibarreko erakundeak bermatu nahi izan du hainbat egoeratan behar eta gaitasunetara egokitutako informazio osoa eta ulergarria ematea.