Arabak bizikleta bidea egokitzeko lanak eman ditu

Guaixe 2024ko mar. 13a, 10:32

Txirrindularia mendi bizikletan nekazaritza bide batean behera. ARTXIBOA

Irurtzun eta Agurain lotuko dituen bizikleta bideko Arabako zatiko lanak eman ditu. 

Arabako Foru Aldundiak Agurain-Egino Aldi Baterako Enpresen Elkarteari eman dizkio Irurtzun eta Agurainarteko bizikleta bideko obrak. Araban zehar doan trazadurarako lanak 16,8 kilometroan egingo dira. Obra bizikletazko bideak igaroko dituen hainbat bide mota egokitzea izango da. Hau da, hiri bideak, nekazaritza bideak, errepide zatiak, baita ibilbide egin berriak ere, esaterako Eginoko bidea eta "San Pedro bidea". Nafarroarako ibilbidean aurreikusitako trazadura, gainera, Zalduondo, Araia eta Egino herriekin lotuko da. Lanek 891.456,96 euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta lanak egiteko epea zazpi hilabetekoa da. 

Proiektatutako lanen artean daude, halaber, "Bizikleten aparkaleku seguruak" eta "Bizikleta elektrikoentzako karga estazioak" instalatzea. Ibilbide berria interes estrategikokoa da mugikortasun jasangarria eta lurraldeen arteko konexioa bultzatzeko, bizikleta bezalako "modu bigunen" bidez, eta Eurovelo Europako Bizikleta Sarearekin lotzeko aukera eskainiko dio lurraldeari. Era berean, aurreikusita dago ibilbide osoa seinaleztatzea, ibilbidean zehar informazio panelak jarriz, eta seinale horizontalak erabiliko dira hiri tarteetan.


Arabako Lautadako bizikleta ibilbidearen trazadura. UTZITAKOA

Bideak bere osotasunean 63 kilometro izanen ditu. Esku hartze horri esker, Arabako eta Nafarroako bizikleta sareak lotu ahal izango dira, Lautadako eta Sakanako korridoreen bidez. Ibilbideak Gasteiz eta Iruñea lotuko ditu, aprobetxatu egiten baitu trazadura berri horrek zerbitzuan dauden beste ibilbide eta bide berde batzuekin jarraitutasuna izateko eskaintzen duen aukera, hala nola Donejakue Bidearekin eta Vasco-Navarro trenbide zaharraren Bide Berdearekin. Gainera, Nafarroako lurraldean, Plazaolako bide berdearekin lotzea, eta gune horretan, Eurovelo 1 Europako ibilbidearekin lotzea ahalbidetzen du.