Nafarroako Gobernuak Nafarroako Autopistaren (AP-15) sozietate emakidadunarekin (Audenasa) sinatuko den hitzarmena onartu du gaurko bilkuran. Hitzarmenaren bidez sarbidearen eta autopistan eginen den errei berriaren kontserbazio lanak zeinek eginen dituzten zehaztu da. Hitzarmen hori onartzea ezinbesteko pausoa zen, bide hori egiteko beharrezkoak diren obrak lizitaziora atera ahal izateko.
Proiektu horren helburua da autopistarako sarbide bat egokitzea Nafarroako hiribururako noranzkoan Urritzola, Errotz, Izurdiaga, Irurtzungo eta beste herri batzuendako. Gaur egun ez dute autobidetik gertu dagoen sarbiderik, eta N-240-A errepidea hartu behar dute Iruñera joateko. Obren aurrekontua 1.113.258,36 eurokoa da, BEZik gabe. Eskuhartzea Nafarroako Gobernuak finantzatuko du oso-osorik, Foru Komunitateko Aurrekontu Orokorren kontura.
Sarbide berria egokitzeko lanak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak proiektatu, kontratatu, egin eta zuzenduko ditu osorik. Hitzarmenaren testuaren arabera, bi alderdiek konpromisoa hartuko dute proiektua gauzatzen laguntzeko, bakoitzak bere eskumenen esparruan, bereziki ibilgailuen zirkulazioari eragiten dion guztian, bai autobidean, bai obrek eragindako gainerako errepideetan.
Obrak egin eta sarbide berria zerbitzuan jarri ondoren, sarbide hori Audenasaren emakidari gehituko zaio. Zehazki, sozietate hori arduratuko da adarraren zatia kontserbatzeaz, plataforma bakarra izango den puntutik aurrera, eta Nafarroako Gobernua arduratuko da gainerako zatiaz.
Eraginik gabea
Sarbide berria irekitzeak ez du inolako eraginik izango trafikoaren bolumenean eta Zuastiko ordainleku eremuko merkataritza politikaren arabera aplikatutako deskontuetan; izan ere, sarbide horrek erabiliko duen trafikoa gaur egun Guliako lotunean autopistan sartzen ari dena da, eta Irurtzun eta Iruñea arteko tokiko igarobideei dagokiena da.
Hori dela eta, adar hori gauzatzeak ez du gastu gehigarririk eragingo Audenasari merkataritza politikagatik konpentsatzeko formulari dagokionez, ezta itzulerako ibilgailu arinei 24 orduko epean deskontuak aplikatzeari dagokionez ere. Beraz, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritakoa mantentzen da, inolako aldaketarik gabe.
Hitzarmena gobernu bilkuran onartu ondoren, Audenasari jakinaraziko zaio, Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek eta sozietate emakidadunaren zuzendari nagusi Victor Torresek sina dezaten.