Agendan,
- Arbizuko festetako gaurko egitaraua.
Oharrak,
- Irurtzungo udaletxeko goiko balkoian herriko emakumezkoen taldeko kideak egonen dira garilaren 17ko 18:00etan. Taldekideek izanen dute festei hasiera emanen dion etxajua pizteko ardura. Hala erabaki dute irurtzundarrek herri bozketa bidez. Horrela irurtzundarrek taldeak genero berdintasunaren alde 31 urtetan egindako lana eskertu nahi izan dute.
- Irurtzungo Udalak Atakondoa eskola publikoan biomasa galdara erosteko eta jartzeko deialdia egin du. Udalaren asmoa da galdara hori egur ezpalarekin elikatzea da. Baina pelleta erabilteko aukera ere izanen du galdarak. Udalak erosketa horretarako 206.418,12 euro (BEZik gabe) bideratu du. Kontratua eskuratzen duen enpresak 65 egun izanen ditu galdara jarri eta martxan jartzeko.
- Sakana Zuberoako Garapen agentziarekin harremanetan . Ipar Euskal Herriko erakundearekin bilera egin dute, elkar ezagutu eta elkarlana sustatzeko.
Kirolak,
- Paleta Goman, Maialen Larrazak txapela ekarri du Sakanara. Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goma Torneoko kadeteen mailako finala irabazi zuen etxarriarrak,Julene Ininziagarekin bikotea osatuta. Eliteen mailan, Irati Igoa txapelik gabe geratu zen.
- Txirrindularitzan, Iker Gomezek ezin izan zuen Hector Alvarezen harresia gainditu. Gipuzkoako Itzuliko azken etapa irabazi zuen txirrindulari altsasuarrak, eta mendiko sailkapena, baina sailkapen orokorrean bigarren bukatu zuen. Sailkapen orokorrean, beraz, Hector Alvarez izan zen Gipuzkoako Itzuliko txapelduna (6:33:28), 5 segundora Iker Gomez, eta 1:07ra Lohann Vulliez (Team Iparralde) zituela. Iker Gomezek mendiko txapelketa irabazi zuen. Sailkapen orokorrean bere taldekide Eñaut Oiarbide 49. sailkatu zen, 19:20ra.
- Txirrindularitzan, Sakandarrak txukun Tafallan eta Atarrabian. VII. Emakumezkoen Tafalles Trofeoan eta Jose Ignacio Urdaniz “Cachorna” Oroimenezkoan lehiatu ziren.
Tafallak VII. Emakumezkoen Tafalles Trofeoa hartu zuen ekainaren 22an, kadeteen eta juniorren mailako proba. Kadeteen mailan (58 km) Ane Zubeldia (JRG Norclamp Otxe) gailendu zen (1:43:13). Eider Mazkiaran (Zu-k/Limousin) altsasuarra hamargarren sailkatu zen (1:44:50). Zu-k/Limousin talde onena izan zen.
Juniorren mailan (85 km) Paula Ostizek (Baque Team) ez zuen areriorik izan eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:14:10). Talde nagusian, Ane Berastegi arbizuarra (Beratxa) hamaikagarren sailkatu zen, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Timac Agro-Lacturale) hamabosgarren, biak denbora berean (2:21:45). Siets Goikoetxeak (Beratxa) eta June Etxeberriak (Timac Agro-Lacturale) ezin izan zuten lasterketa despeditu.
Hurrengo egunean, ekainaren 23an, emakumezkoen tropela Atarrabian bildu zen, V. Jose Ignacio Urdaniz “Cachorna” Oroimenezkoan. Kadeteen artean Lidia Castrok (Rio Miera-Meruelo) eraso indartsua jo eta bakarrik iritsi zen Atarrabiako helmugara (1:31:30). Eider Mazkiaran hamabosgarren izan zen, 9:16ra.
Eta junior mailan Paula Ostizek eta Ainhoa Sanzek, Baque Team taldeko bi txirrindulariek esprinta jokatu zuten eta Sanz izan zen Ostizen aurretik gailendu zena. Ane Berastegi hamahirugarren sartu zen, Siets Goikoetxea hamazazpigarren eta Ane Beltran de Heredia 24.