Irailak 4

Guaixe Irratia 2024ko ira. 4a, 10:47

Albisteak,

  • Mank-ek kamioia erosi nahi du . Sakanako Mankomunitateak kamioi biltzaile trinkotzaile bat erosteko deialdia egin du. Ibarreko erakundeak hondakin bilketako zerbitzura bideratuko ibilgailua, zehazki papera eta kartoia biltzera. Mank-ek 13 eta 15 metro kubiko arteko edukiera duen atzeko karga duen kamioi biltzaile trinkotzailea nahi du. Hura erosteko 186.500 euro (BEZik gabe) ditu. Eskaintzak aurkezteko epea irailaren 9ko 14:00etan despedituko da. Mank-ek kontratua kalitate-prezio erlazio hobea duen enpresari emanen dio.
  • Arakilek badu bake epailea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak hartuak hainbat herritako bake epaileak izendatu zituen 2024ko garilaren 1eko bilkuran. Arakilgo Udalak kargu hutsa betetzeko deialdia egin ondoren, Gobernu Salak erabaki zuen  Mª Carmen Garro Redin Arakilgo bake-epaile titular izendatzea. 
  • Arbizuko Kiroldegiko lanak abenduan eginen dira. Arbizuko Udalak kiroldegiko igerilekurako klimatizagailua aldatu nahi du. Lanak emanak ditu, baina udalak jakinarazi duenez, lanak agorrilean egitekoak ziren, kiroldegia itxita zegoela baliatuta. Baina udalak jakinarazi duenez, klimatizagailu berria ez zen garaiz iritsi eta oraindik ere beste sei aste beharko dira. Beraz, makina aldatzeko lanak abenduan eginen dituela jakinarazi du udalak, “ikastaroek eguberrietan egiten duten etenaldia baliatuko dugu lanak egiteko”.  
  • Ziordiko festak gaur hasiko dira. Egitaraua hemen

Kiroletan,

  • Pilotazaleak Logroñora begira. San Mateo Feriak itxiko du udako pilota torneoen denboraldia. Hamar eguneko pilota feria izango da, zortzi bikote lehiatuko dira, eta bertan lehiatzeko gogotsu daude Ezkurdia, Martija eta Zabaleta. San Mateo Feria irailaren 20an hasiko da, eta 29an despedituko da. Guztira zortzi bikote lehiatuko dira. Aspek Ezkurdiarekin eta Martijarekin bikotea osatu du, eta Altuna-Tolosa, Dario-Rezusta eta Zabala-Zabaleta dira besteak. A multzoan jokatuko dute. Baikoren bikoteak Laso-Iztueta, Peña-Mariezkurrena, Artola-Salaverri eta Larrazabal-Imaz dira, eta B multzoan jokatuko dute. Adar bakoitzeko bikote onenek jokatuko dute irailaren 29ko final handia. Zabala errioxarrak Zabaletarekin osatu duen bikoa da Errioxan ikusmin handiena sortu duena, Dario eta Rezustaren artekoa bezala. Bestalde, irailaren 28an Urzante olioaren desafioa hartuko du Adarraga pilotalekuak. Sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean. 
  • Txirrindularitzan, Iker Gomezen beste erakustaldi bat Deikaztelun. Abuztuaren 28an junior mailako XLIX. Deikazteluko Udala Saria jokatu zen, 93 km-ko lasterketa. Beroa izan zen nagusi, eta lasterketa mugitua izan zen hasieratik, etengabeko erasoekin. Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak altsasuarrak (Quesos Albeniz) primeran irakurri zuen ibilbidea eta behar zen unean eta momentuan erasoa jo zuen, helmugara bakarrik iritsiz (2:22:14) eta atzetik segika zuen Kepa Ormazabali (Ampo) segundo bat ateraz. Lasterketa irabazteaz gain, tartekako helmugen saria lortu zuen altsasuarrak. Bere taldekide Iker Begiristain 21. postuan sailkatu zen, eta Mikel Viloria 27.