Txirrindularitza

30 urte, milioika pedalkada

Maider Betelu Ganboa 2024ko ira. 24a, 14:38

Sakanako Bizikleta Eguna boluntarioei esker ateratzen dela aurrera azaldu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.

Sakanako Bizikleta Egunaren 30. edizioa egin zen irailaren 22an, Ziordian hasi, eta Ergoienan geldialdia egin ondoren, Uharte Arakilen despeditu zena.

Sakandar askok betidanik ezagutu dute Sakanako Bizikleta Eguna. Izan ere, heldu bilakatu zaigu Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako proba ez lehiakor ezaguna. 30. edizioa bizi izan du aurten, data borobila. “Oso pozik gaude, 30 urte urte asko direlako. Sakanako Bizikleta Eguna beti oso atsegina den eta giro onean egin dugun ekimena da, egun polita, eta pozik gaude horrenbeste urte eta gero beti bezain arrakastatsu segitzen duelako" azaldu du Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak. 

Gerrikagoitiak 23 urte daramazki Mank-eko kirol teknikari, eta, hortaz, Sakanara iritsi zenetik beti antolatu  du aipatu eguna. Hasieratik erantzun ona izan zuen ekimenak, eta hasierako izpirituari eusten dio, kirola eginez Sakanako herriak ezagutzea. Izan ere, halakoa du leloa: "Sakana Bizikletaz Ezagutzen". 

Bizikletan ibiltzeko zaletasuna
Arrakastaren arrazoietako bat Sakanan dagoen bizikletarekiko zaletasuna da. "Beti esan dugu Sakanan bizikletan ibiltzeko zaletasun handia dagoela. Horren erakusle dira bertan dauden txirrindulari taldeak, Aralar, Burunda eta Barranka. Gainera, Sakanako ikastetxe guztiek ekimena gizarteratzen eta izena ematean ematen diguten laguntzari esker, beti oso arrakastatsua izan da Bizikleta Eguna".

Emakumeak, gehiago
Teknikariak argi du zer aldatu den gehien: emakumeen parte hartzea. "Nabaritu dudan aldaketa handiena da. Urtetik urtera, geroz eta emakume gehiagok parte hartzen dute Bizikleta Egunean. Eta helduek ere, gehiago. Hasierako urteetan haurrak eta haien gurasoak aritzen ziren bereziki, baina orain emakumeak eta helduak ere animatu dira. Familian, kuadrillan, lagun artean... Sakanako Bizikleta Eguna oso parte hartzailea da, anitza". 

Mank-eko kirol zerbitzuak antolatzen duen ekitaldirik jendetsuena da Sakanako Bizikleta Eguna, eta parte hartzean eragiten duen faktore garrantzitsuena eguraldia da. "Urteren batean, eguraldia lagun, 500 partaide biltzera iritsi ginen. Jakina, ez uneoro, sartu-irteerak egoten direlako. Urte oso jendetsuak egon dira, baina nahiz eta eguraldi kaxkarra egin, beti mantendu izan da gutxieneko partaidetza on bat, 250 partaide ingurukoa, gutxi gorabehera.

Ziordia-Uharte, Ergoienatik
Aurtengo edizioa igandean abiatu zen Ziorditik, eta Ergoienan atsedenaldia egin ondoren, Uharte Arakil izan zuen helmuga, 35 km osatuta. Ergoienara bost urtetik behin iristen da Bizikleta Eguna. Ergoiena eta aldapak banaezinak dira, eta horrek ibilbidea pixka bat gogortzea dakar. "Aldapak daude, baina egin daiteke. Mantso joaten gara, atzetik datorrenari itxaronez eta guztien erritmoak errespetatuz. Egingarria da, guztiz. Txarrenean jarrita, norbaitek ezin badu, ibilbidearen atzetik autobusa eta kamioia doaz. Beraz, nahi duenak zati hori autobusean egin dezake, eta gero ibilbidera batu, nahi duen zatian". Sakana zeharkatzeko erronkari, Ergoienako erronka gehitzen zaio. "Bi domina jartzen ditugu Ergoienan" dio, txantxetan, Gerrikagoitiak, tarte horren edertasuna goraipatzen du. "Paisaia zoragarria da; ibilbide zati hori oso polita da. Bertakoak ez bagara ez dugu askotan gurutzatzen; beraz, aurtengo ibilbideak plus hori izan du"

Asegurua
Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzea dohainik da, baina Mank-en izena eman beharra dago, azpiegiturak antolatu eta asegurua ongi ixteko. "Izena eman beharra dago, asegurua egiteko orduan partaideen izen-abizenak beharrezkoak direlako. Beti dago erorketa txikiren bat, eta badaezpada, aseguratuta hobe". Duela 15 urte inguru aseguruaren baldintzak zorroztu zirela gogoan du.

Urte hauetako beste aldaketa bat kaskoaren erabilera izan da. "Uste dut hasieran ez zela derrigorrezkoa, baina gaur egun ezinbestekoa da, ez da kaskoa ahaztu behar. Eta beste aldaketa bat bizikleta doitzearena da. Jendeak gaur egun bizikleta egoera onean ekartzen du, doituta. Mekanikariek, gehienbat, egunean sortu ahal diren zulatzeak eta bestelakoak konpontzen dituzte soilik. Ez dute lan gehiegirik izaten". 

Beste aldaketa bat, datarena izan da. Hasieran urrian izaten zen, baina azkenaldian irailean egin da. "Tarte batean irailaren azken asteburuan egin genuen, baina aldatzea eskatu ziguten, zenbait herritan San Miguel festak zirelako. Horregatik, astebete lehenago egiten dugu orain". 

Boluntarioen lana, ezinbestekoa
Sakanako Bizikleta Eguna makina bat boluntariok egiten duten lanarengatik ateratzen da aurrera. Sakanako txirrindularitza taldeak, mekanikariak eta garraio enpresak daude tartean. "Sekulako inplikazioa dago Sakanan, eta eskertzekoa da. Haiek gabe, ezingo genezakeen Bizikleta Eguna antolatu. Urtero prest daude, eta gogo onez. Oso eskertuta gaude". 

Barranka Txirrindularitza Taldekoak gehienbat ibilbideaz arduratzen dira. Batzuk aurrean kokatzen dira, besteak atzean, eta tropelaren kontrola egiteaz gain, bidegurutze guztiak zaintzen dituzte. Inor atzean ez gelditzeaz arduratzen dira, eta geldialdiak egin edo tropela batu behar denean, beti daude prestu. "Barrankakoek aurretik ibilbidea prestatzen dute, eta egunean tropela kontrolatzen dute. Segurtasunaren aldetik, beti oso ongi joaten gara. Urte askotako esperientzia dute, eta hori nabaritzen da. Bestalde, Burunda eta Aralar klubak txandakatu egiten dira, autoa eta megafonia eramateko. Aurten Burundari dagokio. Bidea irekitzen dute, eta ekimena girotu". 

Mekanikariei dagokienez, Ciclos Muruzabaleko Joxi Lazkozengana eta Berri Bikes-eko Joaquin Beltran de Herediarengana jotzen du Mank-ek azken urte hauetan. Euren konpromisoaren arabera, bata edo bestea dator, eta, tarteka, biak. Kamioiari dagokionez, azken urteetan Transakanara eta Arregi garraioetara jo dute. "Beti daude laguntzeko prest". 

Gerrikagoitiak ez du Sakanako Bizikleta Egunean hutsik egiten. "Pare bat aldiz izan ezik, beti joan naiz".