Talde txikitan, astean behin ordu bat eta gustuko jarduera bat eginez. Horrela praktikatzen dute euskara hainbat sakandarrek ikasturtean, eta giro atseginean. Talde horietan euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan hizketatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Normalean, astean ordu bat izaten da. Euskara maila hobetu nahi dutenek arrazoi ugari izaten dituzten izena emateko: euskara ikasten ari dira eta bulkada bat eman nahi diote, ahaztuta zutena berreskuratu nahi dute, jarioa handitu nahi dute, hiztegia bereganatzea, segurtasuna irabaztea eta beldurrak uxatzen laguntzea...
Taldeek erabakitzen dute noiz eta nola elkartu. Izan daiteke kafetegi batean, kafe baten bueltan elkartzea. Baina beste zaletasun batzuekin ere uztartu daiteke. Izan ere, euskara praktikatzeko ez dugu norberaren gogoa besterik behar. Sor daitezke yoga taldeak, puntua egiteko taldeak, mendi taldeak, boxeo taldeak, bizikleta taldeak, mahai jolas taldeak, antzerkia elkarrekin ikusteko taldeak, abesteko taldeak, baratza lantzeko taldeak... Horrela, parte hartzaileek ez dituzte bere zaletasunak mintzapraktika egiteko alde batera utzi behar, dena uztartu dezaketelako. Munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleekin ere euskara praktikatzeko aukera ere badago online saioen bidez.
Badaude talde bereziak ere, esaterako, helduak eta haurrak beste familiekin euskaraz hitz egiteko tailerrak eta jolasak antolatzen dituztenak. Edo, zergatik ez, kuadrilla barruko hizkuntza dinamika aldatzeko. Gainera, mintzakide programak tailerrak, txangoak, emanaldiak, mintzodromoak eta bestelakoak eskaintzen ditu. Gainera, hilero opari kutxen zozketak eta harpidetzetan deskontuak eskaintzen ditu.
Mintzakidek pertsona askori, poliki-poliki, bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatzen ditu. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz. Mintzakide lagungarria izanen da laugarren Euskaraldian parte hartzeko. Euskara praktikatzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era izanen da.
Mintzakiden izena ematea dohainik da. Pausoa eman nahi duenak Sakanako AEKrekin harremanetan jarri behar du: 600 48 22 24 telefono zenbakiaren edo sakana_mintza@aek.eus posta elektronikoaren bidez.
8.000
Mintzakidek pertsona kopuru hori mugitzen du, bai aurrez aurre, baita online ere.
30
Urte baino gehiago ditu egitasmoak.