Turismo jasangarritasun planak badu finantziazioa

Guaixe 2024ko urr. 17a, 09:00

Erakundeetako ordezkariak Sakanako Mankomunitatearen egoitzan bildu ziren. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak, Cederna Garalur elkarteak eta azken horren ordezkari gisa diharduen Sakanako Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute. Plazaola, Ultzamaldea eta Sakanan jarduerak egiteko bost milioi euro izanen dituzte, eta zikloturismoa eta jasangarritasuna bultzatuko ditu. Ibarrean lau proiektu eginen dira

Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Larraza Carrerak Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaola Bermejok eta Cederna Garalurreko lehendakari Arantxa Arregi Alberrok hitzarmena sinatu zuten ekainaren 19an. Lakuntzan egin zen ekitaldian izan ziren ere Cederna Garalur elkarteko eta Plazaolako Kontsortzio Turistikoko eta Sakanako Garapen Agentziako ordezkariak. Hitzarmenaren bidez Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Turismo Jasangarritasun Plana garatuko da. Planean onartutako proiektuak 2026ko garagarrilerako despedituta egon beharko dira. 

Esnaola kontseilariak esan zuenez, hitzarmenari esker, "ondare horren inguruan industria turistikoa garatu ahal izango da, errespetuz, planifikatuta, lurraldearekin eta bertako jendearekin koherentea, erresilientea eta iraunkorra izanik". Plan hori Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation funtsak emandako bost milioi eurorekin finantzatuko da.

Planaren barruan, Sakanan garatzeko egitasmo zehatzekin batera, beste proiektu batzuk ere sartzen dira; esate baterako, uholdeak prebenitzea, energia eraginkortasuna hobetzeko ekimenak, txirrindularientzako zerbitzu guneen sare bat prestatzea, bidezidor naturalak egokitzea, bisitariak helmugan monitorizatzeko digitalizazioa eta Marketin Digitaleko Plan bat eta Helmugako Irisgarritasun Plan bat egitea.

Sakanako, Plazaolako eta Ultzamaldeko eremuak Gune Turistikoa Kudeatzeko Unitate batean sartu ziren, Nafarroako Gobernuak eta toki-erakundeek bultzatuta, sinergiak eta masa kritiko nahikoa lortzeko asmoarekin, Nafarroan helmuga bereizia izatearren. Gobernuko turismo arduradunen iritziz, "gaur egun, Plazaola-Sakana-Ultzamaldea eremuak eredu turistiko lehiakorragoa eta iraunkorragoa eraiki nahi du, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren mailan, lurraldearen nortasuna errespetatuz eta horri balioa emanez".

 

Garatuko diren lanak

Sakanako bizikleta bidea


Helmugako bizikleta eskaintza artikulatu eta beste eskualde batzuekin konektatu ahal izango da ibarra. Egitasmoak 2,5 milioi euroko aurrekontua du. Planaren bidez 960.000 euroko finantzazioa lortu da. Ibarreko erakundeak finantzazioa lotzen ari dira. 

Uharteko aterpea

Futbol zelaiaren eta igerilekuen artean L formako eraikina du. Hura bota eta eraikin berri bat jasoko du udalak. Lanak hainbat fasetan eginen ditu Uharte Arakilgo Udalak. Aurten hura bota eta eraikin berriaren zimenduak eta lurperatutako instalazioak egitea. Eraitsiko den eraikinak 450 m2-ko azalera du. Lanek 133.852,56 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Udalak Nafarroako Gobernutik lan horietarako zuzenean 90.000 euro jasoko ditu, EH Bilduk foru aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa bati esker. Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren deialditik 312.000 euro onartuta daude aterpetxea egiteko. Baina aurrekontua handiagoa da eta udala beste finantzazio iturri batzuk lantzen ari da. 

 

Unanuko aparkalekua 

Beriain mendiak erakarrita jende asko joaten da Unanura. Turismo presio horrek unanuarrei arazoak sortzen dizkie, ez baitute eskaintzeko nahikoa aparkaleku. Horretarako prest ez dauden bizileku eta eremu naturaletan ibilgailuak ez aparkatzeko, bisitariei alternatiba bat eskaintzea egoki jo du kontzejuak. Aparkalekua eginda, natur eremuetan motordun ibilgailuen presentzia mugatu nahi du kontzejuak, natur ingurua babesten lagundu eta hura ez kaltetzeko. Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren deialdiaren bidez 35.000 euro jasoko ditu kontzejuak Ergoienako Udalaren bitartez. 

 

Altsasuko ibilbidea

Usolarrainen eta Dantzalekun dagoen Sakana haritzen lurra ibilbidea berrantolatu eginen da. Interpretazio bide bat da, itsas erabilera duten basoen kudeaketari balioa eman nahi dio. Horregatik, ibilbideak historian zehar izan den baso kudeaketa erakusten du, Albaola fundazioa San Joan baleontziaren erreplika eraikitzen ari da, eta ibilbidea proiektuaren parte da. Asmoa da gaur egun egoera onean ez dagoen eta tarteren batean igarotzea ezinezkoa den ibilbidea berriz diseinatu eta berregitea. Bestetik, ibilbide berrira egokitutako informazio-panelak birjarriko dira, eta bidezidor hori igarotzen den atsedenlekua eta askaldegiak berrituko dira. Publiko guztiengana iristeko helburuarekin, atseden gunea tematizatzea planteatzen da, familiendako eta tokikoendako ere erakargarria izanik. Azkenik, tarteren bat desgaitasun desberdinak dituzten pertsonendako egokitzeko aukera aztertuko da. Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren programaren bidez 100.000 euro jasoko dira.