Sakana zeharkatuz Irurtzun eta Ziordia lotuko du bizikleta bide batek. Gainera, bideak Aguraineraino segida izanen du. Arabako partean lanak aurreratuta ditu Foru Aldundiak. Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako Garapen Agentzia (SGA) dirulaguntza baten ebazpenaren zain daude. Horrela, ibarrean bidea egitea kostako den 2,5 milioi euroak eskuratuko lituzkete. Sakanako administrazioak lau diru iturrira jo du bizikletendako azpiegitura finantzatu ahal izateko.
Batetik, estatuko aurrekontuei EH Bilduk aurkeztutako emendakin bati esker, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza eman zuen. Bestetik, Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planetik 960.000 euro jasoko ditu, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation EU funtsekoa. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirola eta Turismo Departamentuaren Donejakue bideko Helmugen arteko Kohesio Jarduerak deialdiaren bidez lanen beste zati bat finantzatuko da. Azkenik, foru administrazioko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak bizikleta azpiegitura proiektuendako deialdia dago. Azken hori ebazteko dago oraindik.
Hitzarmena
Finantzazioaren diruaren zati bat estatutik heldu denez, ibarreko bizikleta bidea egiteko Nafarroako Gobernuak eta Sakanako Mankomunitateak hitzarmena sinatu zuten agorrilaren 9an. Akordioa Berta Miranda Ordobas Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak eta Aitor Larraza Carrera Sakanako Mankomunitateko lehendakariak sinatu zuten.
Aldeak adostutakoaren arabera, Nafarroako Gobernua arduratuko da estatutik jasoko den dirulaguntza tramitatzeaz eta kudeatzeaz, eta obrak kontratatzeko eta gauzatzeko erabiliko da. Foru Komunitatearen eta Mank-en arteko hitzarmen berezi baten bidez gauzatuko da fondoen inplementazioa. Mank-ek kudeatuko du obren lizitazioa eta exekuzioa. Hitzartutakoaren arabera, 2.500.000 euroko aurrekontua duten lanak hiru urteko epean gauzatuko dira, Nafarroak estatutik jasotako dirulaguntza onartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Mank-etik eta SGAtik azaldu dutenez, lanen zuzendaritza emateko prozesu bete-betean daude orain. Baita obren deialdia nola eginen dute zehazten ere. Gaineratu dutenez, Sakanako bidegorriak Europako bizikleta ibilbideen sarearen, Euroveloren, estandarrak beteko ditu, nahiz eta sarearen barruan ez egon. Proiektuaren ibarreko arduradunek lanak urte akaberan hastea eta heldu den urtean segida izatea nahiko lukete. Dirulaguntzaren ebazpenak zehaztuko du lanak noiz despedituko diren.
Sakanako bidegorriak ibarra zeharkatzen duen ibilbideaz aparte, hari lotura eginen dioten beste dozena bat bide egonen dira. Gainera, Ziorditik Aguraineraino segituko du, 16,8 km gehiago. Arabako Foru Aldundiak lanak aurreratuta ditu.
Helburuak
Gobernuak eta Mank-ek sinatutako hitzarmenaren helburua da Sakanan mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzea, hainbat udalerri bizikleta azpiegitura moderno eta irisgarri baten bidez lotuz. Irurtzun-Agurain bidegorriaren eraikuntzak bizikleta garraiobide seguru eta iraunkor gisa erabiltzea bultzatzeaz aparte, intermodalitatea ere sustatuko du, tren geltokien eta Sakanako herrien arteko lotura erraztuz, eta eskualdeko ekonomia eta turismoa suspertzen lagunduko du.
Ekimenak herrien arteko mugikortasuna modu seguruan hobetzea du helburu, Sakanako herrien eta hainbat puntu nagusiren arteko lotura lehenetsiz, esate baterako: Uharte Arakil, Etxarri Aranatz eta Altsasuko tren geltokiak eta jarduera ekonomikoko eremuak, hala nola industrialdeak edo zerbitzuguneak. Egiteko lanen artean daude bide berriak eraikitzea eta lehendik dauden ibilbideak egokitu eta hobetzea, bide zorua, drainatzea eta bizikletendako ibilbidea seinaleztatzea barne.
Proiektu hori bat dator Nafarroako 2022-2030 aldirako Mugikortasun Aktiboko Plan Zuzentzailearekin, eta Nafarroako populazio nagusiak lotzen dituen arteria-sarearen parte da, baita beste autonomia-erkidego batzuetako eta Frantziako auzo-lurraldeekin ere.
Datuak
Aurrekontua: 2,5 milioi euro.
Lanak egiteko epea: 2024, 2025 eta 2026.
Luzera: 67,53 km.
Bide nagusia: 46,35 km.
Bide nagusira loturak: 12.
Loturen luzera: 21,18 km.