Albisteak,
- Arbizuko gaztetxokoan izena emateko epea lastailaren 18an, ostiralean, despeditu zen. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, dozena bat arbizuarrek eman dute izena. Udalaren iritziz, “kopuru eskasa iruditzen zaigu zerbitzua dagoen bezala mantentzeko”. Horregatik, udalak erabaki du izen ematea lastailaren 22ra arte, asteartera arte luzatzea. Epea itxi ondoren, izen emate kopuruaren arabera udalak Gaztetxokoarekin zer egin erabakiko du. Arbizuko Udalaren asmoa zen gaztetxokoak lastailaren 26an ateak zabaltzea. Gaztetxokoaz hizketatzeko Arbizuko Udalak bilerara deitu zituen arbizuar gaztetxoak lastailaren 5ean. Udalak kezka du azken urtetan parte hartzeak behera egin zuelako eta, bilkuran, Gaztetxokoaren etorkizunaz hitz egin zuten.
- Altsasuko feriak. Gartzia Ximenez kalean elikagai postuak beraien eskaintzak jarri zituzten. 36 postuen aurretik jendearen joan etorria handia izan zen. Asteazkenek ohiko azoka domekan ere izan zen, gehienbat arropak izan zen. Erremintak eta makineria salgai izan zen Gurutze Saindua kalean. Foru plazan artisauak eta hainbat argitaletxeetako salmahaiak izan ziren. Iortia kultur guneak arte feria hartu zuen eta mikologiaren zaleek bere jakin-nahia edo kuriositatea Garbitoki eraikinean asetzeko aukera izan zuten.
Aziendari dagokionez, Zelai kalean zaldi azienda ikusgai izan zen, bertan lehiaketa jokatu zen. Ferial kalean lau baletegiren behi azienda ikusgai izan zen, 54 buru guztira. Gurutze Saindua kalean latxa ardien erakusketa izan zen, lau mailatako 66 ale. Gainera Victor Navarro altsasuarrak hainbat arrazatako oiloak erakutsi zituen. Bitartean, jendartean 40 argazki ibili ziren, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako lehiaketako partaideak ziren. Argazki galeria hemen.
- Zangozako ikastolak antolatuta, Nafarroa Oinez eguraldi apartarekin ospatu zen atzo. Piztu lelopean, makina bat euskaltzale elkartu ziren Zangozan atzo. Ibilbideari irekiera ofiziala emateko ekitaldian sakandarrak protagonista izan ziren. Izan ere, Zangoza ikastolako Axun Urkia irakaslea izan zen zinta moztu zuenetako bat. Ordutik aurrera hiru guneetan ekitaldiak hasi ziren. Horien artean, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak protagonista dituen Erronka. Dozena bat ikastoletako ordezkariek parte hartu zuten, tartean ibarreko bi ikastoletako ordezkariak: Andra Mari ikastola bi talderekin eta Iñigo Aritza bakarrarekin. Garces de los Fayos ikastolakoak izan ziren onenak eta podiuma osatzen, hirugarren koskan, Andra Mari ikastolako talde bat izan zen. Nafarroa Oinez urtero egiten den ospakizun ibiltaria da. Heldu den urtean Paz de Ziganda ikastolak antolatuko du. Haren izenean lekukoa hartu zuenetako bat Maider Nuin Lopetegi lakuntzarra zegoen, ikastolako lehendakaria dena.
- Gaur Euskal Herri mailan Genozidioa Stop! Gernika Palestina herri ekimenak deituta mobilizazioak izango dira, Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Altsasun eta Ziordin.
Kirolak,
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak Peñiscola izan zuen aurkari lehen mailako ligako bigarren jardunaldian. Lehen jardunaldian Cordobaren kontra ikusgarri aritzetik iritsi zen talde irurtzundarra Peñiscolara, baina urriaren 20an jokatutako partida bestelakoa izan zen: Miguel Hernandezen taldeak ez zuen rock and rolla izan, inondik inora, eta itxura nahiko kaxkarra emanda itzuli zen Valentziatik, punturik gabe. Peñiscola dena ematera atera zen hasieratik. Valentziarrek Xota presionatu zuten, eta erritmo biziz aritu ziren. Horrela, estrategia jokaldi bati esker Peñiscola aurreratu zen, eta hurrengo jokaldian, Xotak oraindik ere kontrako gola barneratu gabe zuenean, bigarrena sartu zuten valentziarrek. Peñiscola dena ematera atera zen hasieratik. Valentziarrek Xota presionatu zuten, eta erritmo biziz aritu ziren. Horrela, estrategia jokaldi bati esker Peñiscola aurreratu zen, eta hurrengo jokaldian, Xotak oraindik ere kontrako gola barneratu gabe zuenean, bigarrena sartu zuten valentziarrek. Peñiscolari dena ateratzen zitzaion bitartean, Osasuna Magna Xotari, ezer. Paseetan akatsak egin zituzten jokalari berdeek, eta urduri aritu ziren, presaz. Egoera guztiz okertu zen kontrako beste bi golekin: atsedenaldira 4-0 galduz joan zen Xota. Bigarren zatian Peñiscolaren estrategia defentsan aritzea eta kontraerasoan ateratzea izan zen. Arbitroek Asier Llamas kanporatu zuten, areatik kanpo baloia eskuarekin ikutu zuelakoan, jokaldi guztiz polemikoan, berdeak ez baitzeuden ados. Alejandro Palazonek penalti bikoitza geratu zuen. Ligeiro izan zen protagonista, bi gol sartu zituelako, 4-2ra hurbilduz. Tamalez, Peñiscolak bosgarrena sartu zuen eta erremontadaren asmoa zapuztu zuen. Azkenean, 5-2 galduta itzuli ziren jokalari nafarrak. Miguel Hernandez serio azaldu zen. “Gaur ez gara Peñiscolara etorri. Gorputzez bertan geunden, baina arimaz eta buruz, ordea, ez. Partida honi ezin zaio horrela aurre egin” azaldu zuen. Peñiscolaren bertuteak nabarmendu ondoren, “horrenbeste estutzen duen eta defentsan asko eskatzen duen arerio baten kontra ez gara egon. Lehen zatian partida joan zaigu, eta ondoren haizearen kontra ibili behar izan dugu. Ez diogu partidari behar bezala erantzun” aitortu zuen. Hemendik aurrera, “errekuperatzea eta lan egitea” da dagokiena, Manzanares baitute hurrengo arerio. “Ikasteko eta hobetzeko gaude, eta gure nortasuna erakusteko. Gaur ez gara Osasuna Magna Xota izan, eta partida gogorra izan da guretako”. Lehen mailan lider aldaketa izan da: Jimbee Cartagena Costa Calida taldeak hartu du Osasuna Magna Xotaren tokia, 9 punturekin. Gainera talde murtziarrak hirugarren jardunaldiko partida dagoeneko jokatua du, aurreratu zuen, eta hiru garaipen ditu. Xota zortzigarren postura jaitsi da (3 puntu), eta urriaren 26an, larunbata, hirugarren jardunaldia jokatuko du, Ciudad Realen, momentuz punturik bildu ez duen eta hamabosgarren den Quesos Hidalgo Manzanaresen kontra.
- Pilotan, Lau eta Erdiko B Serietan final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan. Joanes Bakaikoak Eskiroz izan zuen aurkari urriaren 20an Labriten jokatutako jardunaldian. Etxarriarrak distantzia txikian espezialista handia dela erakutsi zuen, 22-11 irabazi baitzion Iosu Eskirozi, maisuki jokatuta. Orain arte bi txapela ditu, eta badirudi hirugarrenaren bila sendo dabilela. Txapela lortzeko faborito argia da, Agirrerekin batera. Gainontzeko partidei dagokienez, Agirrek 8 tantotan utzi zuen Exposito, Sorian; Larrazabalek 22-5 irabazi zion Muruari, Eibarren; eta Egiguren V.ak 22-17 hartu zuen mendean Senar, Azkoitian. Promesen Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Bakaikoak Egiguren V.a izango du zain urriaren 25ean, Tafallako Ereta pilotalekuan. Urriaren 26an Agirrek Larrazabalen kontra jokatuko du, eta Eskirozek Senarren kontra. Oraindik ez dira egoitzak zehaztu. Azkenik, urriaren 27an Expositok Murua izango du aurkari, Gasteizko Ogetan.
- Txirrindularitzan, Bukatu da. 16 urteren ondoren Gorka Izagirre Insaustik (Cofidis) txirrindulari profesional gisa bere azken pedalkadak Txinan eman zituen, Guangxiko Tourrean. Bukaeran, Tropelak merezitako omenaldia egin zien bai Gorka Izagirreri eta baita Rüdiger Seligi (Astana), hark ere txirrindularitza utziko duelako. Txirrindulariek ‘ohorezko guardia’ egin zieten biei, eta tente jarri zituzten txirrindula guztien artean pasa behar izan zuten Izagirrek eta Seligek, taldekideen omenaldia jasoaz. Lennert van Eetveltek (Lotto) irabazi du Guangxiko Tourra (22:21:45). Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) 21. sailkatu da, 1:07ra, eta Gorka Izagirre 74., 15:58ra. Izagirreren helburua proba despeditzea zen, eta, beraz, helburua bete du. Igor Arrietak, bestalde, bikain mustu du World Tour maila, UAE Emirates taldearekin ikusgarri aritu baita. UAE Emirates izan da 2024ko denboraldiko talde txapeldun handia. 81 garaipen lortu ditu Tadej Pogacar buru duen talde ahaltsuak, sailkapenean bigarren den Lidl taldeari (42 garaipen) 39 garaipen aterata. Soudal izan da hirugarren taldea, 34 garaipenekin.