Atletismoa

Sakanako herri lasterketen alde

Maider Betelu Ganboa 2025ko mar. 11a, 12:45

Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariketako sarituak.

Pandemia ondoren lehenengoz banatu ziren Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako XVII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak. Sakanako herri lasterketak sustatzen jarraitzeko prest azaldu ziren korrikalariak eta antolatzaileak

Lasa Kirolak denda korrikalari sakandarren bilgune izan zen otsailaren 26an, XVIII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariketa hartu baitzuen. "Pandemia ondotik sariketa antolatzen dugun lehenengo aldia da hau. Hainbat arrazoirengatik orain arte ezin da posible izan, eta oso kontentu gaude berriro hemen egoteagatik" azaldu zuen Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia. "Urteak pasatu dira, eta belaunaldi aldaketa nabaritzen dugu. Lehen korrikalari sarituek seme-alaba koxkorrak zituzten, eta oraingoek, aldiz, haur txikiak" gaineratu zuen Lasa Kirolak-eko Mari Carmen Lasak.

Lasterketa herrikoien garrantzia
2024an jokatutako lau lasterketek puntuatzen zuten: Urdiainen jokatutako XVIII. Aitzkibil elkartasun krosak, Ziordiko XI. Lasterketa solidarioak, Ergoienako XVIII. Birak eta Altsasuko Zubeztia Elkartearen XLIII. Lasterketak. Lasterketa bakoitzeko 10 korrikalari onenek puntuatzen zuten, eta txapeldunak Erkuden San Martin Gonzalez eta Ekhi Congil Mendiola etxarriarrak izan ziren, Noemi Cordero Diaz eta Aritz Etxeberria Bengoetxea bigarrenak, eta Maite Zabaleta Gomez eta Ivan Sobredo "Triki" hirugarrenak. Guztiek Lasa Kirolak dendan kirol materialean gastatzeko bonoa jaso zuten opari. Horretaz gain, Erkuden San Martinek beste sari bat jaso zuen, kopako lau lasterketetan parte hartzeagatik. Guztiek eskertuta jaso zuten saria, eta Sakanako lasterketa herrikoiak sustatzearen garrantzia nabarmendu zuten. 

Ildo horretan, 2025ean Sakanako Atletismo Kopa antolatzeko asmoa berretsi zuen Amaia Gerrikagoitiak. "2025eko herri lasterketen datak konfirmatzen ari dira egunotan, eta Mankomunitatetik aurten ere kopa antolatzeko asmoa dugu. Lasterketa hauek bultzatu nahi ditugu, eta korrikalari sakandarrek bertan parte hartzea sustatu nahi dugu". 

Azkenaldian herriko probetako parte hartzea jaisten ari da, "ez bakarrik atletismoko lasterketetan; duatloian eta triatloian ere hala gertatzen ari da. Ez dakit izango den beste kirol batzuk ugaritu direlako edo jende askok, gazteek bereziki, gimnasioetara jotzen dutelako eta tendentziak aldatu direlako, baina horrela da. Dena den, oraindik ere herrietako atletismo proba hauetan partaidetza polita dago, proba horiek herriei bizia ematen diete, eta antolatzen jarraitu beharra dago. Mank-etik, jakina probak sustatzen jarraituko dugu".