Eguneko albisteak

Apirilak 16

Guaixe Irratia 2025eko apirilaren 16a
Sakanerrian:

Bake epaile ordezkoaren izendapena. Udalak onartu ondoren oniritzia eman dio epaitegiak. Kargua hutsik zegoenez, Iturmendiko Udalak, osoko bilkuran, ordezko bake epaile gisa Miren Galarza Marin aukeratu zuen. Legeari jarraituz, izendapen hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak aztertu zuen eta oniritzia eman dio. 

Altsasuko Udalak bi lan emateko deialdiak egin ditu. Ondarria industrialdea hobetzeko eta eskolako teilatua hobetzeko lanak eman nahi ditu. Altsasuko Udalak Ondarria industrialdea hobetzeko lanen laugarren fasea emateko deialdia egin du. Lanek 115.699,29 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra egin nahi duen enpresak eskaintza aurkezteko apirilaren 22ko 23:59ra arteko epea du. Kontratua eskuratzen duenak egitekoak 50 egunetan despeditu beharko ditu. Bestalde, Altsasuko Udalak Zelandi ikastetxe publikoko teiladuraren zati bat konpontzeko lanen deialdia egin du. Obrak 72.846,44 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Enpresek eskaintza apirilaren 22ko 23:59ra arte aurkezteko aukera izanen dute. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak haiek despeditzeko bi hilabete izanen ditu, baina irailaren 15erako despedituta egon beharko dute.

Udalak emakumezkoei zuzendutako tailerrak antolatu ditu.  Lau dira eta dohainik dira. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eta Altsasuko Udalak emakumezkoei zuzendutako lau tailer antolatu dituzte: ibilaldi nordikoko tailerra, defentsarako tailerra, indar tailerra eta, azkenik, zoru pelbikoaren eta gorputz jarreren tailerra. Laurak ere hastapen tailerrak dira, beraz, ez da beharrezkoa kirolaria izatea informazioa emateko. Interesa duenak, gehienez ere bi tailerretan eman dezake izena. Tailerrak Zelandiko erabilera anitzeko aretoan egingo dira. Izena emateko epea maiatzaren 15a arte dago zabalik. Horretarako, 948 012 012 telefono zenbakira hots egin behar da, 08:00etik 18:00etara.

Kirolak:

Etxarri Aranatz, kopa ekartzeko prest. Etxarri Aranatz futbol taldeak Carcastilloko Larrate taldea izango du aurkari apirilaren 17an Funesen jokatuko duen finalean. Ikusmina handia da eta lauzpabost autobus abiatuko dira Etxarritik taldea animatzeko. Gutxika, iritsi da egun handia. Apirilaren 17an, Ostegun Santua, Etxarri Aranatz futbol taldeak eta Carcastilloko Larratek FNF Karbel Kopako finala jokatuko dute Funesko Juan Bertol futbol zelaian, 17:00etan hasiko den partidan. Partida eremu neutroan jokatuko zela erabaki zuen Nafarroako Futbol Federazioak eta Funes aukeratu zuen, Carcastillotik gertu baina Etxarri Aranaztik urruti dagoen tokian, toki ez oso neutroa, agian, baina horrek ez ditu etxarriarrak kikildu. Izan ere, kopak ilusio handia piztu du Etxarri Aranatzen. Etxarriko zaleez betetako lauzpabost autobus inguru abiatuko dira Funesera, Etxarri animatzera. Erregional mailako ligan ikusgarri ari da Ioseba Bakaikua lakuntzarrak gidatzen duen taldea, sailkapenean bigarren jarri baita. Horrek, jakina, konfiantza handia eman dio taldeari eta orain kopa lortzeko ilusioa du taldeak. Larratek preferente mailan jokatzen du; Etxarri Aranatzek, aldiz, erregional mailan. Paperaren gainean maila gehiago beharko luke Larratek, baina Etxarri Aranatz erregional mailako igoera postuetan dago eta ez da kikiltzen. Txapeldunaren beste saria. Kopako irabazleak, kopa irabazteaz gain, badu beste sari bat: Errege Kopako aurretiko kanporaketa jokatuko du hirugarren mailako igoera faseko kanporaketan igo gabe geratuko den taldearen kontra. Beraz, kopaz gain, asko dago jokoan.

Saskibaloian, CBASK, horren gutxigatik...Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapia play-offetatik kanpo geratu da. Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bukaera fasean San Ignacioren kontrako joaneko partida galdu du, eta itzulerakoa 6 puntuko aldearekin irabaztera derrigortua dago. Mutilen bigarren maila autonomikoan, CBASK Narum Fisioterapiak bigarren faseari ekin dio, 1 eta 8 postuen arteko ligaxkari, hain zuzen ere. 1-8 postuen arteko sailkapen faseko bigaren jardunaldian CBASK Narum Fisioterapiak CB Noain taldearen kontrako itzulera partida jokatu zuen Noainen. Joanekoan 10 punturen aldearekin galdu zuten altsasuarrek, eta itzuliko partidan, nahiz eta ikaragarri jokatu, 88-83 galdu zuten Noainen kontra, 3 punturen aldearekin. Hortaz, Noainek egin du aurrera ligako tituluko play-offetarako. Gauzak horrela, eta lehen lau postuetako play-offetatik kanpo geratu ondoren, ligako bosgarren eta seigarren postuetarako borrokatuko du CBASK Narum Fisioterapia taldeak. Talde altsasuarrak Bar Soto Gazte Berriak taldea hartuko du maiatzaren 10ean, 17:50ean Zelandi kiroldegian jokatuko den partidan. Neskak, bukaera fasean. Nesken lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak final laurdenetako bukaerako fasean San Ignacio du aurkari. Joaneko partida apirilaren 11n jokatu zuten, Zelandin. Oso txukun jokatu zuten altsasuarrek, baina San Ignaciok aurrea hartu, eta, azkenean, 5 puntuko aldearengatik irabazi zioten talde altsasuarrari, 55-60. Beraz, bi taldeek apirilaren 27an 18:00etan Larraona kiroldegian jokatuko duten itzuliko partidan gutxienez 6 tantoko aldearengatik irabaztea beharko du CBASK-ek play-offetan sailkatzeko. Ea altsasuarrek ongi jokatu eta zortea alde duten. 

Areto Futbolean, Zalduak garaipenaren xendan jarraitzen du. Elomendiko Futbol Txapelketako 24. jardunaldian garaipena lortu zuen. Elomendiko Futbol Txapelketako 24. jardunaldian sailkapenean bosgarren den Zalduak bigarren den Salinas taldearen kontra jokatu zuen eta partida lehiatuan Arakilgo taldeak 4-2 irabazi zion Salinasi. Sailkapenean Bar Olmok jarraitzen du lider (64 puntu) Salinasi 6 puntu aterata (58 puntu). Zalduak bosgarren jarraitzen du (49 puntu), Elomendi laugarrenetik 2 puntura. Udaberriko geldialdian atseden hartuko du Elomendiko Txapelketak. Hurrengo jardunaldia apirilaren 26an jokatuko du Zalduak. Sailkapenean zazpigarren den Txaparros taldea izango du aurkari, Ukarren. 

Areto Futbolean, Aralar Mendik ezin izan zuen abantaila mantendu. Hirugarren mailako hemezortzigarren jardunaldian San Juan taldearen kontra azken unean erori zen talde uharte arakildarra. Asteburuan hirugarren mailako hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. San Juan izan zuen aurkari Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak, Iruñean. Partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek. San Juan aurreratu zen, baina Mounir El Akkarik bana berdindu zuen eta hurrengo minutuetan egindako jokoari esker 1-3 aurreratu zen Aralar Mendi, Jon Arenaza eta Mikel Martiarena fin ibili zirelako. San Juan, ordea, esnatu egin zen eta hiruna berdindu zuen. Ibai Martiarenak Aralar Mendi aurreratu zuen berriz, 3-4, baina pozak gutxi iraun zuen, hurrengo minutuan launa berdindu zuelako San Juanek. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean San Juanek garaipenaren gola sartu zuen 39. minutuan eta 5-4 galdu zuen Aralar Mendik. Kirol Sport da hirugarren mailako liderra (32 puntu), Gazte Berriak bi puntura duela (30 puntu). Aralar Mendi hamargarren da (11 puntu). Hemeretzigarren jardunaldian Aralar Mendik lidergoagatik borrokatzen ari den Gazte Berriak taldea hartuko du apirilaren 26an, Uharte Arakilen. Partida zaila dute aurretik uharte arakildarrek.

Areto Futbolean, Lehen maila autonomikoko lidergoa, gori-gori. Arbizuk atseden jardunaldia zuen, eta Altsasuk berdindu zuen. Bi puntuko aldea dute bi taldeek eta azken jardunaldiak erabakiko du txapelduna. Azken unera arte emozioa izango du lehen maila autonomikoak. Ligako azken aurreko jardunaldia jokatu zen asteburuan, 25. jardunaldia. Sailkapenean bigarren den Arbizuk atseden jardunaldia zuen, eta Altsasu liderrak Erriberrin jokatu zuen, Oliteren kontra.  Partida oso borrokatuan, patroi berdina errepikatu zen partida guztian barna. Alvaro Garciak Altsasu aurreratu zuen, baina Olitek berdindu zuen.  Bigarrenez aurreratu zen Altsasu, Jonathan Medinari esker, baina bina berdindu zuen Olitek. Atzera ere Jonathan Medinari esker 2-3 aurreratu zen Altsasu, baina partida bukatzear zela hiruna berdindu zuen Olitek eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Azken jardunaldiak erabakiko du. Gauzak horrela, Altsasuk jarraitzen du lider, bigarren jardunaldiz (57 puntu). Arbizu bigarren da, 2 puntu eskasera (55 puntu). Beraz, ligako 26. eta azken jardunaldiak erabakiko du nork irabazten duen liga.  Altsasuk Cantera taldea hartuko du apirilaren 26an, 18:00etan, Zelandin, eta Arbizuk egun berean Vulcanizados Ruiz Tafa taldea izango du aurkari, Tafallan. Eta Sakanako zein taldek irabazten duen liga. 

Areto Futbolean, Xotak irabazi gabe jarraitzen du. Senior mailako igoera faseko hamaikagarren jardunaldian talde irurtzundarrak ezin izan zuen Murchante garaitu. Senior mailako igoera faseko hamaikagarren jardunaldian Xota taldeak Murchante hartu zuen Atakondoa kiroldegian. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Murchantek konfiantza hartu zuen, partida kontrolatzen hasi zen eta 0-4 aurreratu zen, Irurtzungo taldearen zoritxarrerako. 39. minutuan Nahia Moranek Xotaren gol bakarra sartu zuen, eta 1-4 galduz bukatu zuen Roberto Martilek zuzentzen duen taldeak.  

Lacturale Orvina A taldeak jarraitzen du lider (33 puntu), eta Xota azkena da, zortzigarren (4 puntu). Igoera faseko hamabigarren jardunaldian Xotak azkenaurrekoa eta arerio zuzena den Azkoien izango du aurkari apirilaren 26ean, Azkoienen.