Eguneko albisteak

Maiatzaren 13ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko maiatzaren 13a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Udal oharrak:

Itxesiko obrak direla eta, informazio bilera. Uharte Arakilgo Udalak deitu du. Uharte Arakilgo Udalak Itxesi auzoan bi lan egitea aurreikusia du. Batetik, 40 urte dituzten eta mikrozementuzkoa den ur sareko hodiak berritzea. Bestetik, euri uren sareak eta ur beltzak hodi beretik doaz eta horiek bereizi eginen dira, ur araztegian arazorik ez sortzeko. Lan horien inguruko argibideak emateko, Uharte Arakilgo Udalak informazio bilera deitu du maiatzaren 14rako, asteazkena, 17:30ean, udaletxean. Aipatutako lanek 538.313,54 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lanak finantzatzeko Uharte Arakilgo Udalak Lurralde Kohesiorako Departamentuak Toki Inbertsioen Planeko dirulaguntza izanen du. 

Baso aprobetxamendua saldu du Olatzagutiko udalak.  Bost lote dira saldutakoak, denak Bargan daude. Olatzagutiko Udalak bost lotez osatutako baso aprobetxamendua saldu du. Aprobetxamendua 356.950 eurotan saldu du, aurreikusi baino 128.790,27 euro gehiagoan. Aurreneko hiru loteak Maderas Larreta SM enpresak eskuratu ditu eta atzeneko bi loteak Explotaciones Zubillaga Saralegui SM enpresak bereganatu ditu.

Bertan da Udaberriko Tonbola. 500 euroko hiru bonu banatuko ditu. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak, SDOZEk, Udaberriko Tonbolaren berri eman du. Elkartekoak diren establezimenduetan maiatzaren 12tik 24ra erosketa eginez gero, txartel bat jasoko da bueltan. Hura bete eta maiatzaren 31n, ostirala, 18:30ean, Altsasuko estalpera eraman beharko da. Han bertan presente daudenen artean zozketatuko dira hiru sariak, 500 euroko hiru erosketa bonu hain zuzen ere. 

Lacturale eta Aldakin gobernuaren berrikuntza programa berri baterako aukeratuta.  Enpresa txiki eta ertainen eta startup teknologikoen arteko lotura bulkatu du. Industria Departamentuak eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarra (CEIN) sozietate publikoaren bitartez, berrikuntza irekiko programa bat hasi zuen maiatzaren 9an. Programa horren helburua da teknologia arloko startupak eta Nafarroako enpresa txiki eta ertainak (ETE) konektatzea eta, horrela, enpresa-erronkak hazteko eta berritzeko benetako aukera bihurtzeko. Izena emateko prozesu baten ondoren, zortzi enpresa aukeratu dituzte proiektu pilotu horretan parte hartzeko, tartean dira Etxeberriko Lacturale eta Altsasuko Aldakin. Proiektu pilotuaren helburua da enpresa-erronkak hazteko eta berritzeko benetako aukera bihurtzea.

Kirolak

Aitzkibil kros solidarioak Euskaraldiarekin bat egingo du. Maiatzaren 17an jokatuko da, Bakaikun. Izena ematea zabalik dago. Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain artean jokatzen den Aitzkibil elkartasun kros solidarioaren 19. edizioa da aurtengoa. Bakaikun jokatuko da, maiatzaren 17an, Bakarrekoetxea, Aitzkozar eta Tintiniturri elkarteek antolatuta, Dantzaleku Sakana atletismo klubaren laguntzarekin eta babesleen babesarekin. Data horrek Euskaraldiarekin bat egiten duenez, lasterketan lortutako irabaziak euskararen erabilera sustatzeko ekintzetara bideratuko direla azaldu du antolakuntzak. Aurretik, 17:00etan, kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira, eta 18:00etan abiatuko da proba nagusia. Korrikalariek bi aukera izango dituzte: hiru herriak biltzen dituen lasterketa luzea osatzea (7,6 km), edo Bakaiku eta Iturmendi artean jokatuko den lasterketa motza egitea (4,3 km). Izena ematea zabalik dago Dantzaleku-Sakana taldearen webgunean, baina azken orduan animatzen direnak probaren egunean bertan egin dezakete izena ematea, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago, Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean. Korrikalari guztiek oroigarria jasoko dute, eta auzate ederra. Kategoria guztietako lehen hirurek, aldiz, trofeoa. 

Altsasu, emakumeen lurralde kopako final laurdenetan. Altsasuarrek Tudelano hartuko dute Dantzalekun. Emakumezkoen preferente mailako Altsasuk markak apurtzen jarraitzen du. Liga irabazi eta gero, emakumeen lurralde kopan lan bikaina egiten ari dira gorritxoak.  Hasierako multzoen fasean, laugarren multzoko liderra izan zen Altsasu, Cantolagua eta Lagunak taldeen kontrako partidak irabazi, eta igandean Ardoiren kontrakoa galdu eta gero. Atsedenaldia baino lehen aurreratu zen Ardoi, baina bana berdintzea lortu zuen Maite Somocurciok. Tamalez, Ardoik bigarrena sartu zuen eta Altsasuk ezin izan zion buelta eman. Nolanahi ere, sailkapeneko lehen postuari eutsi zion Altsasuk, eta final laurdenetarako sailkatu zen. Final laurdenetan Altsasuk Tudelano izango du aurkari. Partida maiatzaren 18an jokatuko da, 18:00etan, Dantzalekun. Altsasuk historia egiten jarraitu nahi du, eta finalerdietan egon. 

Erregionalean Altsasu eta Etxarri zeruan, eta Lagun Artea une gogorrean. Altsasuk eta Etxarrik gorenean jarraitzen dute, eta Lagun Arteak gora begira jartzeko aukera guztiak galdu ditu. Gizonezkoen erregional mailan 32. jardunaldia jokatu zen. Altsasu liderrak bere festarekin jarraitu zuen eta Baztan B taldeari 8-0 irabazi zion Dantzalekun. Altsasu jaun eta jabe izan zen hasieratik eta Asier San Roman, Unai Calvo (3, hat trick), Joaquin Angel, Adrian Burgete, Eneko Vera eta Gorka Martinez jokalariei esker gol festa ederra ospatu zuen. Etxarri Aranatzek Sanduzelain jokatu zuen, Arga Ibaia taldearen kontra. Bi taldeek lehia estua izan zuten. Mattin Altzelai eta Adrian Jakaren golei esker 0-2 aurreratu zen Etxarri, baina atsedenaldia baino lehen 1-2 hurbildu zen Arga Ibaia. Bigarren zatian Xabat Goikoetxeak Etxarriren hirugarren gola sartu zuen, eta deskontuan sakandarren laugarrena sartu zuen Mikel Urrestarazuk. 1-4, bide onetik segitzen du Etxarrik. Tamalez, Lagun Arteak goiko postuei begira jarraitzeko aukera guztiak akitu zituen igandean Berriozarren kontra etxean 0-2 galdu eta gero. 10. minuturako aurreratu zen Berriozar. Lagun Artea buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Eta egoera oraindik gehiago zaildu zen 67. minutuan Berriozarrek bigarrena sartu zuenean. Partidari buelta eman ezinik, 0-2 galdu eta goiko postuetan sartzeko aukerarik gabe geratu zen Lagun Artea. Datorren denboraldian erregional mailan jarraituko dute lakuntzarrek. Azken aurreko jardunaldia. Altsasu liderrak galdu gabe jarraitzen du eta 92 puntu gozo ditu bere zakuan. Bigarren San Jorge taldea da (80 puntu) eta hirugarren Etxarri Aranatz (76 puntu). Lagun Arteak zazpigarren jarraitzen du (49 puntu), baina seigarren postuan sartu eta lehen erregionaleko kopa jokatzeko aukerarik gabe. Asteburuan ligako 33. jardunaldia jokatuko da, azken aurrekoa. Altsasuk hamabigarren den Leitzako Aurrera taldea hartuko du Dantzalekun maiatzaren 17an, larunbata, 17:00etan. Etxarri Aranatz seigarren den Kirol Sport taldearen zain egongo da maiatzaren 18an, igandea, 17:00etan San Donato zelaian. Azkenik, Lagun Arteak hamazazpigarren den Asdefor taldea du aurkari maiatzaren 18an, 18:00etan, Amigon.