Sakanerrian:
Irurtzungo Udalak etxebizitza salduko du. Enkantea deitu du horretarako. Irurtzungo Udalak bere jabetzako higiezina prozedura irekiko enkante publiko bidez salduko du. Etxebizitza eta biltegia Ardubil kaleko 6. zenbakian dago. Lizitazioaren prezioa 93.015,64 eurokoa (BEZik gabe) da. Higiezina eskuratzen interesa duenak eskaintza maiatzaren 27ko 14:00ak arte aurkez dezake.
Uharte Arakilgo Udal larreetan azienda sartzeko eskaera egiteko garaia. Aurretik udaletxean eskaera egin behar da. Herri lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan jasotakoari jarraituz, Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi du Atako eta Okubeko larre hesituak maiatzaren 9an ireki zirela. Azienda han larratzea nahi duten abeltzainek eskaera aurkeztu beharko dute udaletxean. Eskabidearekin batera, ganaduzaleek jakinarazi beharko dute zenbat buru sartu behar dituzten larrean eta haien saneamendu egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Horretarako epea hilaren 16an, ostiralean, despedituko da.
Zazpi baso aprobetxamendu Urbasan. Foru administrazioak enkante bidez salduko ditu. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 2023 eta 2024 urteetarako Urbasa mendiko baso-aprobetxamenduen Planeko sei lote eta hutsik geratu zen 2021-22 Planaren 4. lotearen lizitazioa egin du. Enkante bidez salgai jarri diren zazpi loteak pagoz osatuta daude eta guztira 596.340,16 euro balio dute. Eskaintzak Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira maiatzaren 23ko 14:00ak baino lehen. Lizarrako Basozaindegiak enkantean jarriko dituen loteak maiatzaren 19an, astelehenean, erakustea aurreikusi da. Interesa dutenendako elkargunea Urbasako Guardetxea izanen da, 08:30ean.
Espainiako Gobernuak auzitegietara eraman du Espainiako banderaren erretzea. Banderari laidoa egitea izan daitekeela uste du. Herri ihoteetan, martxoaren 4an, momotxorroz mozorrotutako batzuek Espainiako eta Israelgo banderei su eman zieten. Estatuko Abokatutzaren ustez, Altsasun Espainiako banderaren erreketa banderari laidoa egitea izan daiteke, eta hala jakinarazi zion instrukzioko dagokion epaitegiari. Espainiako Gobernuak Kongresuari jakinarazi dio neurri hori, Parlamentuan emandako erantzunean. Gobernuak azaldu duenez, Nafarroako Guardia Civilaren Komandantziari gertakariei buruzko txosten bat eskatu zen, eta, horrekin batera, Gobernuaren Ordezkaritzak beste bat eskatu zion Estatuko Abokatutzari, egin zitezkeen jarduerei buruz. Abokatutzak ebatzi zuen gertatutakoa Zigor Kodearen 543. artikuluan tipifikatutako banderaren aurkako iraina izan daitekeela. Hori dela eta, gertakarien berri eman zion dagokion instrukzioko epaitegiari, "Fiskaltzaren esku-hartzearekin ikertu eta argitu daitezen". Beste erantzun parlamentario batean, Espainiako Gobernuak zehaztu du gertakariak grabatu eta sare sozialetan zabaldu zirela, eta haietan ikus daitekeenez, Momotxorro jantzia zeramaten zenbait pertsonak, eta aurpegia estalita, su eman zieten Espainiako bandera bati eta Israelgo beste bati.
Exekutiboaren arabera, une horretatik bertatik eta horrelako ekintzen aurrean ohikoa den protokoloari jarraituz, Guardia Civilak beharrezko kudeaketak egiten ditu arduradunak zein diren identifikatzeko. Banderari laidoa zelakoan, UPNk guardiako epaitegian salaketa jarri zuen.
Kiroletan:
Herri Kiroletan, XVIII. Ikastetxe arteko Herri Kirol Topaketa, Uharte Arakilen. Sakanako LH6. Mailako 240 ikasle ari dira parte hartzen. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak XVIII. Ikastetxe arteko Herri Kirol Topaketa antolatu du Uharte Arakilen gaur, maiatzaren 14an, 10:00etatik aurrera. Bertan Sakanako ikastetxeetako LH6. Mailako 240 ikasle ari dira parte hartzen. Hasteko eta behin, Peio Kañamaresek eta Uxue Ansorregik herri kirol erakustaldia egin dute, eta une honetan ikasleek osatutako taldeen arteko herri kirol proba konbinatuak ariko dira jokatzen. Antolakuntzak Sakanako ikastetxe ezberdinetako ikasleak nahasiz sortzen ditu taldeak, sakandarren arteko harremana sustatzeko.
Pilotan, Irurtzungo Pilota Txapelketan, Igoaren, Arbizuren eta Ongayren aukera. Lehen mailako azken final zortzirenetan, Igoa-Arbizuk eta Ongay-M. Lizeagak final laurdenetara sailkatzea dute gaur jokoan. Asteburuan Irurtzun klubeko Olaetxea eta Azpiroz txapelketatik kanpo geratu ziren, baina Santestebanek eta Cuairanek aurrera egin zuten. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehen mailan 24 bikote ari dira lehian, eta bigarren mailan 18 bikote, afizionatuen mailako pilotari onenak. Partida guztiak kanporaketa zuzenak dira, eta egunotan txapelketa final zortzirenetan murgilduta egon da. Hain zuzen ere, gaur, maiatzak 14, asteazkena, 19:00etan, final zortzirenetako lehen mailako azken bi partidak hartuko ditu Biaizpe pilotalekuak. Tartean, Irurtzun klubeko Igoa-Arbizuk eta Ongayk, M. Lizeagarekin, final laurdenetako txartela lortzen saiatuko dira. Asteburuan final zortzirenetako jardunaldi bikoitza jokatu zen, eta Irurtzun klubak txanponaren bi aldeak ikusi zituen. Batetik, Olaetxea eta Azpiroz bikotea txapelketatik kanpo geratu zen, baina, bestetik, Cuairanek, Lerenarekin bikoa osatuta, eta Santestebanek, E. Lizeagarekin bikoa osatuta, final laurdenetara aurrera egin zuten.
Areto Futbolean, Aralar Mendi, poztasun pixka bat. Uharte Arakilgo taldeak garaipen sendoa lortu zuen Universidad de Navarraren kontra. Areto futboleko hirugarren mailan Aralar Mendik Universidad de Navarra hartu zuen Uharte Arakilgo frontoian. Azken jardunaldietan galdu eta gero, Aralar Mendik buelta eman eta garaipen ederra ospatu zuen, 7-3 hartu baitzuen mendean OPUS-eko taldea Ibai Martiarenak, Jon Iribarrenek (2), Mounir El Akkarik (3) eta Julen Iribarrenek sartutako golekin. Betelu Futbol taldea da hirugarren mailako liderra (41 puntu) Kirol Sport taldearekin puntutara berdinduta. Aralar Mendi hamargarren da (14 puntu). Asteburuan ligako azken jardunaldia jokatuko da, 22. jardunaldia. Aralar Mendik Zubirin jokatuko du maiatzaren 16an, ostirala, 20:00etan, zazpigarren den Ibararte taldearen kontra.
Areto Futbolean, Altsasu eta Arbizu, kopa autonomikoko finalerdietan. Gazte Berriak eta Mendialdea izango dituzte aurkari. Gizonen maila autonomikoko ligan onenak izan ziren Altsasu eta Arbizu. Altsasuk irabazi zuen liga, Arbizu Kirol Taldearen aurretik. Bada, ligan ibilbide berbera daramate. Kopako final laurdenetan Altsasuk 6-2 hartu zuen mendean Olite partida ikusgarrian. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, baina gutxika Altsasuk aginte makila atera zuen, eta Xabier Aiestaran (2), Iñaki Mendoza, Denis Javier Ordoñez, Gaizka Martin eta Aritz Sevilla jokalariek sartutako golei esker garaipen sendoa lortu eta kopako finalerdietarako txartela lortu zuen. Arbizu Kirol Taldeak final laurdenetan Universidad de Navarra izan zuen aurkari, Arbizun. Iruñekoak aurreratu ziren, baina Pablo Orozek berdintzea eta Josu Mendinuetak Arbizuk 2-1 aurreratzea lortu zuten. Hortik aurrera tarte gehiago hartu zuen Arbizuk, Julen Mayok eta Andoni Goikoetxeak 4-1 jarri baitzuten Arbizu. Universidad de Navarrak bukaera aldera bi gol sartu zituen, baina garaipena eta finalerdietako txartela Arbizun geratu ziren, 4-3 irabazita. Kopa autonomikoko finalerdietan Altsasuk Gazte Berriak Antsoain taldea hartuko du maiatzaren 17an, 18:30ean, Altsasuko Zelandi kiroldegian. Arbizuk ere etxean jokatuko du. Berriozarko Mendialdea taldea hartuko du maiatzaren 16an, ostirala, 19:00etan Arbizuko kiroldegia. Eta bi talde sakandarrek irabazi eta kopako final handi sakandarraz gozatzen dugun.
Areto Futbolean, Xotak zortzigarren despeditu du denboraldia. Emakumeen lehen senior mailako igoera fasean zortzigarrenak izan dira irurtzundarrak, eta denboraldia bukatu dute. Emakumeen lehen senior mailako igoera fasean hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Xotak Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartu zuen Irurtzungo Atakondoa kiroldegian. 5. minutuan Cintruenigo aurreratu zen, baina Maite Medinak bana berdintzea lortu zuen, eta bizi-bizi jarraitu zuen lehiak. Cintruenigok bigarren gola sartu zuen, baina kasu honetan Xotak ezin izan zion buelta eman eta irurtzundarrek behera egin zuten Erriberakoek hirugarrena sartu zutenean. Azkenean, 1-3 galduta despeditu zuen liga Xotak.
Lacturale Orvina A izan da lehen senior mailako igoera faseko txapelduna (42 puntu). Xota zortzigarren sailkatu da (7 puntu). Lehen lau postuetan sailkatu diren taldeak –Orvina A, Mendialdea A, Txantrea B eta Azkarrena–, kopa jokatuko dute.