Maiatzaren 20ko albisteak

Guaixe Irratia 2025ko mai. 20a, 10:30

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerria:

Igerilekurako langileak behar ditu Irurtzungo udalak. Sorosleak eta mantentze lanak eginen dituzten zortzi pertsona kontratatuko ditu. Gainera, tabernaren kudeaketa emateko deialdia egin du. Irurtzungo Udala igerileku denboraldia behar bezala prestatzeko langileak kontratatzeko deialdia egin du. Alde batetik, lau sorosle behar ditu. Bestalde, igerilekuen mantentze lanez arduratuko diren lau pertsona ere kontratatu nahi ditu Irurtzungo Udalak. Deialdietan interesa dutenek eskaerak udaletxean edo udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dituzte maiatzaren 21eko 14:00ak baino lehen. Eskabide ereduak eta deialdien oinarriak irurtzun.eus webgunean daude. Azkenik, Irurtzungo Udalak igerilekuko taberna udan kudeatzeko deialdia egin du. Interesa duenak kontratuaren baldintza udaletxean eska ditzake. Eskaintzak aurkezteko epea garagartzaroaren 2an despedituko da. 

Satrustegiko Frontoia estaltzeko lanak aurreratuta. Udarako teilatudun frontoia izanen dute satrustegiarrek. Satrustegiko frontoiari teiladura jartzeko lanak aurreratuta daude. Dagoeneko ezker pareta guztia altuera berean jarrita dago. Porlanezko zutabeak egin eta bat eta besteen gainean egurrezko teiladura duen teilatua jarriko dute langileek. Hura metalezko txapaz estali eta argiteria jarri ondoren, lanak despedituko dituzte. 

Altsasuko Zelandi Eskolan egin beharreko konponketak eman nahi ditu udalak. Teilatuaren zati bat eta haurren eremuko patioko estalkia zati batean konpondu nahi dira.  Altsasuko Udalak berrikuntza lanak egiten ditu urtero Zelandi ikastetxe publikoan. Horretarako udak baliatzen ditu. Udalak aurten teilatuaren zati bat eta haurren eremuko patioko estalkia berritu nahi ditu ur filtrazioak baitaude. Teilatuan dagoen teila kendu, isolatzailea jarri eta teila berriak jarriko dira. Patioan, berriz, polikarbonaztoko argi zuloak aldatuko dira. Azkenik, teilatu hodiak ere aldatuko dituzte.

Lanek 72.846,44 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra eskuratu nahi duenak epea maiatzaren 30eko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Egitekoa bi hilabetetan despeditu beharko da. Udalak lan horiek emateko egin duen bigarren deialdia da.

Kiroletan:

Txirrindularitzan, Aralarko San Miguel igoera, Nafarroako Itzuliko etapa nagusian. Afizionatuen mailako proba prestigiotsua maiatzaren 29tik ekainaren 1era jokatuko da eta 18 talde lehiatuko dira. Sakanara maiatzaren 31n helduko da, Aldatzen hasi eta Itxasperrin despedituko den etapan, tartean Lizarraga eta San Miguel portuak dituena. Atzo aurkeztu zuten afizionatuen mailako 62. Nafarroako Itzulia. Txirrindulari amateurren proba ezagun hau maiatzaren 29etik ekainaren 1era jokatuko da, eta hemezortzi talde lehiatuko dira bertan, tartean lau talde nafar, eta txirrindulari afizionatu garrantzitsuenak bertan bilduko dira. Antolatzaileek lasterketa ikusgarria antolatu dute. Maiatzaren 29ko lehen etapak (146 km)  Caseda eta Zangoza batuko ditu, eta etapa laua da, esprinterrendako egokia. Bigarren etapa Iruñea eta Tafalla artean jokatuko da (139 km). Añorbe, Girgillano eta Tirapu gainak gainditu beharko dira. Hirugarren etapa, maiatzaren 31koa, Sakanara helduko da. Aldatzen (Larraun) hasi, eta Itxasperrin (Arakil) despedituko den etapa (153 km) Nafarroako Itzuliko etapa nagusia da, tartean Lizarragako portua, Genbeko gaina eta Aralarko San Migeleko portua hartzen baititu. Azken etapa Sarrigurenen hasi eta Abodiko eski pistan despedituko da (142 km).

Futbolean, Altsasuk ez zuen lurraldeko kopako final laurdena jokatu. Taldekide baten aitaren bat-bateko heriotzarengatik ez zuten Tudelanoren kontrako partida jokatu. Emakumezkoen preferente mailako ligako irabazleak, Altsasu taldeak, hitzordu garrantzitsua zuen maiatzaren 17an Dantzalekun. Emakumeen lurraldeko kopako final laurdena zuen jokoan Altsasuk, Tudelanoren kontra,  18:00etan, baina ustekabeko albiste batek guztia hankaz gora jarri zuen. Jokalari baten aita goizean zendu zen, bihotzekoak jota, eta talde gorritxoak ez zuen animorik izan final laurdenarekin aurrera egiteko, eta bertan behera geratu zen partida. Hala, Tudelanok egin du aurrera finalerdietara.  Altsasu Kirol Elkarteko jokalariak makina bat futbol taldeetatik doluminak jaso ditu. Altsasu klubak ere doluminak helarazi zizkion familiari eta minutuko isilunea gorde zen zendutakoaren alde. Halaber, klubak taldeaz “oso harro” dagoela nabarmendu zuen. 

Futbolean, Azken jardunaldira garaipen ederrekin iritsi dira Altsasu, Etxarri eta Lagun Artea
Gizonezkoen erregional mailan 34. jardunaldia jokatuko da, azkena. Altsasu liderraren erronka liga partidarik galdu gabe bukatzea da. Etxarri igoera faseko postuetan dago ere, eta Lagun Artea kanpo geratu da. Gizonezkoen erregional mailan 33. jardunaldia jokatu zen asteburuan, ligako azken aurrekoa, jardunaldi ederra gure taldeendako. Altsasu liderrak Leitzako Aurrera hartu zuen Dantzalekun. Lehia oso borrokatua izan zen, bigarren zatira arte erabaki ez zena, atsedenaldira husnako berdinketarekin joan baitziren bi taldeak. 69. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasu aurreratu zuen, eta lasaitasuna hartu zuten gorritxoek. Partida bukatzear zela, 89. minutuan, Eneko Verak Altsasuren bigarren gola sartu zuen. Etxarri Aranatzek etxean jokatu zuen, Kirol Sport taldearen kontra. Lehia estua izan zuten bi taldeek, eta Kirol Sport izan zen atsedenaldia baino lehen aurreratu zena. Bigarren zatian Etxarri partidari buelta ematera atera zen. Mattin Altzelaik berdinketaren gola sartu zuen 55. minutuan, eta bi taldeen arteko lehia areagotu zen orduan. 83. minutuan Joanes Mikeok Etxarriren bigarren gola sartu zuen, eta deskontuan Xabat Goikoetxeak hirugarrena sartu zuen. 3-1, Etxarriren alde. Lagun Arteak Amigo ikastetxean jokatu zuen, Asdefor taldearen kontra. Lakuntzarrak ikusgarri aritu ziren, eta 2-7 hartu zuten mendean Asdefor, Gorka Egurza, Sael Ozoria (2), Asier Artaso, Gorka Hernandez, Yonatan Davila eta Bilal Berrerhdoche jokalarien golei esker. Azken jardunaldia. Altsasu liderra 31 partida irabazita eta 2 berdinduta iritsi da azken jardunaldira (95 puntu). Helburua liga galdu gabe despeditzea da. San Jorge bigarrena da (83 puntu), eta Etxarri Aranatz hirugarrena (79 puntu), guztiak igoera faseko postuetan, laugarren den Rotxapea B taldearekin batera. Lagun Artea zazpigarren da (52 puntu), lehen erregionaleko kopa jokatuko duten bosgarren (Amaya) eta seigarren (Kirol Sport) postuetatik kanpo. Azken jardunaldian Altsasuk Universidad de Navarra B taldea du aurkari maiatzaren 25ean, igandea, 19:00etan, Iruñean. Etxarri Aranatzek Lekunberrin jokatuko du maiatzaren 24an, larunbata, 16:30ean, Beti Kozkor B taldearen kontra. Azkenik, Lagun Arteak etxean despedituko du denboraldia. Larunbatean, 11:00etan, Mendillorri taldea hartuko du Zelai Berrin.