Eguneko albisteak

Maiatzaren 27ko albisteak

Guaixe Irratia 2025eko maiatzaren 27a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Igerileku sasoia prest Irurtzunen.  Garagartzaroaren 13tik irailaren 14ra zabalik egonen dira igerilekuak. Bonua eskuratzeko epea zabaldu du eta, beraz, Irurtzungo Udalak prest du aurtengo igerileku sasoia. Udalak jakinarazi duenez, tarifetan aldaketak egonen dira. “Igerilekuak pertsona guztiendako irisgarriagoak izan daitezen, familia bonuak bertan behera utzi dira. Tarifa 21 euro murriztu da 5 eta 14 urte bitarteko haurrendako. Erabaki horrekin haur guztiek igerilekuaz gozatzeko aukera izatea da gure asmoa, herrian udan aisialdirako eta gizarteratzeko leku nagusia baita”. Tarifetan izan diren beste aldaketak dira: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonendako tarifa bi euro igo da eta 66 urtetik gorakoendako tarifa 35 eurokoa izanen da, Nafarroako Arartekoaren bidez aurkeztutako  erreklamazio bati erantzunez. Bestalde, Irurtzungo Udalak hobariak ezarri ditu langabeendako, errenta bermatua jasotzen dutenendako edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera dutenendako. Igerilekuko sasoiko bonua edo txartela ordainketa helbideratuta dutenei garagarrilaren 6an kobratuko die udalak. Igerilekuak helbideratuta ez dituzten erabiltzaileek dagokien ordainketa-abisua jasoko dute etxean. Ordainketa helbideratu nahi dutenek kontu korrontearen zenbakia eman beharko dute udaletxean, irurtzun@irurtzun.eus posta elektronikoko helbidean edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez eskaera bidaliz. Helbideratu nahi ez dutenek Irurtzungo edozein banku edo kutxatan ordaindu ahal izango dute, udalaren kontuan edo udal bulegoetan txartelaren bidez. Bankuaren gordekinak eta karneta igerilekuetara sartzeko frogagiri gisa balioko dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, udal bulegoetara jo edo irurtzun.eus webgunera jo daiteke. 

Bizikleta festa arrakastatsua.  200 parte hartzaile izan ziren. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta, Bizi Festa ospatu zen igandean. Adin guztietako sakandarrek osatutako 200 txirrindulariko tropela izan zen Arbizu eta Arruazu arteko joan-etorria egin zuena. Herritik kanpo lehen pedalkadak ematen zituzten umeak eta helduak izan ziren parte hartu zutenak. Bi orduko ibilaldiaren ondoren, Errota kaleko berdegune zabalean bat egin zuten guztiek. Han Izaskun Mujika ipuin kontalaria entzun, herri jolasetan aritu edota bizikletak konpontzen ikasten aritu ziren. Akaberan parte hartzaileen artean opariak zozketatu ziren. 

Ikastoletan elikagai bilketa egiten ari dira aste honetan. Paris 365ekin batera ari dira elkartasun bilketa egiten Nafarroako hamabost ikastoletan, tartean ibarreko bietan. Nafarroa Oinez aurten antolatzen duen Paz de Ziganda ikastolak sustatuta, Nafarroako hamabost ikastoletan jaki bilketa egiten ari dira aste honetan. Parte hartzaileen artean daude Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastola. Guztien arteko ekimen horren bidez Paris 365 jantoki sozialaren beharrak asetzeko erronka solidarioari erantzun diote. Izan ere, “gero eta zailtasun handiagoak aurkitzen dituzte elikadura egokia eskuratu ezin duten pertsonen eskaria asetzeko”. Besteak beste, honako jakiak jaso nahi dituzte: esnea, galletak, zerealak, arroza, pasta, lekaleak… Bilketa epea igarota, elikagaiak jantoki sozialera eramango dira erabiltzaileen artean banatzeko.

Kiroletan:

Areto Futbolean, Altsasuk, Etxarrik eta Lagun Arteak berdinketarekin despeditu dute liga. Altsasu liderrak erregional mailako liga partidarik galdu gabe despeditzeko erronka gainditu du. Etxarri hirugarren sailkatu da eta Lagun Artea zazpigarren. Altsasu eta Etxarri igoera fasean murgilduko dira. Gizonezkoen erregional mailako 2024/2025 denboraldia despeditu da. Asteburuan 34. jardunaldia jokatu zen, azkena, eta gure hiru taldeek berdindu egin zuten. Altsasuk Iruñean jokatu zuen, Universidad de Navarra B taldearen kontra. Mikel Etxaizek Altsasu aurreratu zuen, baina berehala berdindu egin zuten OPUS-ekoek. Atsedenaldia baino lehen Aitor Augustok unibertsitatekoen atea zulatu egin zuen eta 1-2 aurretik joan zen atsedenaldira Altsasu. Bigarren zatian bide horretan segitu zuen partidak, Imanol Lobok Altsasuren hirugarrena sartu arte. Berehala, ordea, 2-3 gerturatu zen Unibertsitatea, eta partida bukatzear zela hiruna berdindu zuten. Beraz, puntu banaketarekin despeditu zen lehia (3-3). Etxarri Aranatzek Beti Kozkor B taldea izan zuen aurkari Lekunberrin. Etxekoak aurreratu ziren partida hasi eta berehala. Etxarri modu guztietara saiatu zen, baina ezin buelta eman. Bigarren zatian, 70. minutuan Jon Erdoziak bana berdindu zuen, eta 10 minututara Xabat Goikoetxeak 1-2 aurreratu zuen Etxarri. Deskontuan, 92. minutuan, Beti Kozkorrek bina berdindu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Azkenik, Lagun Arteak Mendillorri hartu zuen Zelai Berrin. 3. minuturako Alvaro Codonek gola sartu zuen, eta 1-0ko aldearekin joan zen Lagun Artea atsedenaldira. Bigarren zatian bana berdindu zuen Mendillorrik, eta 10 minutura 1-2 aurreratu ziren iruindarrak. Partida bukatzear zela, 90. minutuan, bina berdindu zuen Iker Anduezak eta binakako berdinketarekin despeditu zen lehia. Azken sailkapena: Horrela, Altsasu liderrak partidarik galdu gabe despeditu du liga (96 puntu), 31 partida irabazi eta 3 partida berdinduta. San Jorge izan da bigarrena (83 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarrena (80 puntu). Hiru taldeek, laugarren sailkatu den Rotxapea B taldearekin (61 puntu) eta gainontzeko multzoetako talde onenekin igoera fasea jokatuko dute. Lagun Arteak zazpigarren bukatu du liga (53 puntu). Igoera fasea martxan. Asteburuan hasiko da erregional mailako igoera fasea. Altsasuk Urroztarra izango du lehen arerio. Joaneko partida ekainaren 1ean, igandea, 18:00etan jokatuko da, Urrotzen, eta itzulikoa astebete beranduago, Dantzalekun. Etxarri Aranatzen arerioa, aldiz, San Ignacio izango da. Joaneko partida maiatzaren 31n, 12:00etan izango da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian, eta itzulerakoa ekainaren 7an, 12:00etan, Etxarri Aranazko San Donato zelaian. 

Mendi lasterketetan, Bi arbizuar Zegama-Aizkorrin. Ander Ericek eta Ioseba Izak mendi maratoi gogorra ongi bukatzea lortu zuten. Ohi denez, jendetza bildu zen igandean Aratz, Aizkorri eta inguruko mendietan XXIV. Zegama Aizkorri Mendi Maratoian parte hartu zuten mendi korrikalariak animatzera, tartean sakandar asko. Proba Golden Trail World Series txapelketarako baliagarria zen, eta trail running onenak bildu zituen. Kilian Jornet txapeldun handiaren hutsuneak lasterketa gehiago ireki zuen eta ikuskizun handia eskaini zuten korrikalariek. Azkenean, aurretik bi bigarren postu zituen Elhousine Elazzaouik lortu zuen garaipena, merezimendu osoz (3:43:28). “Zegama, Zegama da, eta hemen irabaztea ametsa da. Beti bigarren izan naiz eta garaipena lortzea oso berezia da niretako” azaldu zuen. Bigarren Sancti Spiritura lehena iritsi zen Alacanteko Andreu Blanes izan zen (3:50:53), eta hirugarren Daniel Pattis italiarra (3:51:40). Sakandarrei dagokienez, Ander Erice arbizuarra 152. sailkatu zen (5:26:33), eta Ioseba Iza arbizuarra 242. (6:11:59). Emakumezkoetan Sara Alonso donostiarra gailendu zen (4:27:25), emozio handiz, lasterketa goitik behera kontrolatu eta gero. “Garaipenaren bila atera naiz, hori nuen buruan. Asfaltora iritsi arte, ez dut sinetsi. Oso pozik nago, ilusio handiena ematen didan lasterketa delako. Ezin dut gehiago eskatu”. Bigarren Judith Wyder suitzarra izan zen (4:29:47) eta hirugarren Malen Osa (4:31:18), nabarmentzekoa.