Industria biziberritzeko plana abiadura hartzen

Guaixe 2025eko irailaren 16a

Aitor Larraza Carrera eta Mikel Irujo Amezaga bilera baterako bidean. ARTXIBOA

Zenbait enpresa itxi ondoren, Sakanako eragileak eta foru administrazioak industria biziberritzeko plana egiten hasi ziren. 2026rako indarrean nahi dute. Oporren ondoren diagnosirako datu bilketak bulkada jasoko du.

Nafarroako Gobernua Sakanako Mankomunitatearekin, Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) eta Sakanako Enpresen Elkartea lan mahaia sortu zuten apirilean. Haren helburua da ibarreko industria biziberritzeko plan bat egitea, ekonomia, enpresa eta gizarte garapena bulkatzeko. Horretarako, lehenik eta behin, industriaren egungo egoera aztertzen ari dira: industria egitura, gaitasuna, baliabideak eta erronkak. SGAko koordinatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "kaleratuak izan diren langileetako batzuk dagoeneko lana opatu dute. Baina Sunsundeguiren itxierarena prozesu luzea izan zenez, oporren ondoren beste batzuk izena emanen ote duten begira gaude, benetako errealitatea zein den zehatz jakiteko". 

Diagnosiak bi mailatan lan egiteko aukera emanen die. Alde batetik, epe motzera kaleratutako pertsonen akonpainamendua egiteko, prestakuntza eta bestelakoak zehazteko. Bestetik, epe ertain-luzera begirakoa. Sakanako eragileen diagnosi sakonak industriaren inguruko eragile guztiak lerrokatzeko tresna litzatekeela azaldu du Manterolak. "Enpresak kanpotik erakarri behar baditugu, Sakanan zein ezagutza dagoen eta zein produkzio mota dagoen kontuan izan beharko dugu. Hau da, ibarreko enpresen osagarri izan daitezkeen eta beraien ezagutza indartu eta balioa emanen lioketen enpresak komeniko lirateke". Horretaz aparte, "Sakanako enpresek beraien zein lerro sakondu edo gara dezaketen aztertuko da". 

Agerraldia
Nafarroako Parlamentuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Batzordean izan zen Mikel Irujo Amezaga kontseilaria hilaren 5ean. PPk eskatutako agerraldia izan zen, Sunsundeguiren kudeaketaren inguruan argibideak emateko. Irujo Sakana berrindustrializatzeko helburuz sortutako lan mahaiaz aritu zen. Azaldu zuenez, mahaian aipatu ibarreko eragileez aparte, Nafar Lansareren Altsasuko enplegu agentzia, Sakana Lanbide Heziketa Institutua, CEIN (ekintzailetzaren arduradun), Nasuvinsa, Sodena (finantziazioa), Invest In Navarra (inbertsioak erakartzea) eta Nafarroako Gobernuko hainbat zuzendaritza nagusi daude: merkataritza eta kontsumoa, digitalizazioaren eta hezkuntza zerbitzua, toki administrazioa eta despoblazioa eta analisi eta prospekzio bulegoa. 

Irujok azaldu zuenez, "Nafar Lansareren bidez Sunsundeguik langabezian utzi zituzten pertsonen egoeraz arduratzen ari da. Nasuvinsa Etxarrengo industrialdeko udalez gaindiko plan sektoriala eta Altsasuko Isphordingen lantegi zaharreko lursaila eta Kapitansoro garatzeko lan eginen du. Sodenak eta Invest In Navarrak finantziazioan eta inbertsioak erakartzen lan eginen dute". Irujok esan zuenez, "industria suspertzeko planak funtsezko sektoreak eta hazteko aukerak aztertuko ditu. Horretarako honako alderdietan estrategia ardatzak eta jarduera ildoak zehaztuko dira: tokiko industria bulkatzeko neurri espezifikoak garatzea, ikerketa eta garapenerako laguntza, tokiko talentuarendako prestakuntza eta trebakuntza, azpiegitura egokia (industria parkeak, konektibitatea…), sustapen jarduerak industria inbertsioak hartzeko gune erakargarri gisa aurkezteko eta Sunsundeguiko langileak birkokatzeko prozesua".

Aipatu enpresaren inguruan, kontseilariak argitu zuen Sunsundeguiren hornitzaile ziren enpresen azterketa ere egiten ari direla. Haietako batzuetan Irujo egon da, edo arduradunekin bildu da. "Egin ahal diren jarduerak Sakanako industria suspertzeko planean sartuko ditugu. Plana 2026tik aurrera indarrean jarriko da. Helburua da industria suspertzeko prozesu bat martxan jartzea". Sakanako eragileekin batera ari direla esan zuen.