Sakana Bizirik plataforma aurkeztu dute

Guaixe 2025eko urriaren 20a

Errausketaren kontra egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Hainbat sakandarrek osatu dute mugimendua. Olatzagutiko porlandegiaren "hondakinen errausketaren kontra eta osasunaren, bizitzaren eta lurraldearen alde" egin du. Emandako baimenak baliogabetzea eskatu du

Nafarroako Gobernuak Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresari bere Olatzagutiko zementu fabrikan biomasa erregai gisa erabiltzeko baimena eman dio. Porlandegian gaur egun petrolio kokea erabiltzen da eta %40 gutxiago erabili nahi du. Horretarako, haren ordez %100 biomasa diren produktuak erabili nahi ditu erregai gisa: patsa olioa (26.437 tona urtean), kafe hondarrak (10.367 tona urtean) eta basoko materialak (6.077 tona urtean). Guztira 42.881 tona biomasa balorizatu nahi ditu CPVk, egunean 72,43 tona hondakin. 

 Hori jakinik, ibarreko hainbat herritarrek Sakana Bizirik plataforma sortu dute. Mugimenduaren sorreraren berri emateko prentsaurrekoan eskatu dute "emandako edozein baimen berehala baliogabetzea eta benetan jasangarriak diren politikak martxan jartzea, hondakinen ekoizpena murrizteko eta berrerabilera eta kontsumo arduratsua sustatzeko, kapitalismo globalak ezartzen duen kutsadura eta suntsiketa zikloa iraunarazi beharrean". Horrekin batera, plataformako kideak Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiei eta eremu guztietako udal ordezkariei eskatu diete "jarrera argia eta koherentea har" dezatela. "Ez daitezela bihur eredu kapitalista harrapariaren konplize, eta babestu dezatela herriaren nahia: bizitza, lurra eta gure herrien etorkizuna babestea, edozein interesen gainetik". 

Argudioak
Plataformako kideek azaldu dutenez, "sistemaren logika kapitalista suntsitzaileak 'aurrerapen' eta 'garapen ekonomikoaren' izenean proiektuak inposatzen ditu, gutxi batzuen mesedetan eta gehienen bizitza baldintzak kaltetuz". Azaldu dutenez, "'hondakinen balorizazioa' negozio zikin berri bat besterik ez da, hondakinen arazoa korporazio handiendako onura iturri bihurtzeko modua, herriaren osasunaren eta ingurumenaren orekaren kontura". Porlandegiko labeetan hondakinak erretzeak "arrisku larriak ekarriko lituzke bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako". Duela urte batzuk Sakanako eta inguruko herrietako biztanleek, erakundeek, alderdiek eta eragileek "irmoki baztertu zuten jada". 

Gobernuak CPVri hondakinak erretzeko emandako baimena "ulergaitza da. Bazirudien etapa hori gaindituta zegoela, enpresak ulertu zuela bizikidetza herrien borondatea errespetatuz bakarrik zela posible. Baina kapitala bere gutizia eta prepotentzia inposatzen saiatzen da berriro, herritarren eskubideak eta gaixotasunik eta kutsadurarik gabe bizitzeko gure komunitateen itxaropena alde batera utzita".

Ziurtatu dutenez, "Portlanden jabe berriei ez zaizkie axola gure bizitzak, gure osasuna, ezta Sakanaren etorkizuna ere. Irabaziak handitzea besterik ez dute bilatzen, gure herriak hondakin industrialen zabortegi bihurtuta ere". Plataformako kideek azaldu dutenez, "mehatxu hori ez da gertaera isolatu bat. Kapitalismoaren estrategia global baten parte da, mugarik gabe ustiatzeko, kontsumitzeko eta xahutzeko, lurralde osoak degradaziora kondenatuz". AHT, goi tentsioko linea, desindustrializazioa eta tokiko ekonomiaren abandonua adibide gisa jarri dituzte. "Larritzat" jo dute foru gobernua "enpresa-interesen kudeatzaile otzan gisa jardutea, Sakana, Lautada eta beste hainbat eremu 'sakrifizio-gune' bihurtuz, eredu ekonomiko jasanezin baten ondorioak estaltzeko".

Plataformatik dei egin diete kezka horiek partekatzen dituzten pertsona, kolektibo eta mugimendu sozial guztiei haiekin bat egitera. "Erantzun kolektibo eta antolatua behar dugu eraso hori gelditzeko. Eta benetako alternatibak eraikitzeko, herri subiranotasunean, justizia ekologikoan eta bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomian oinarrituz".