Pediatria zerbitzu duinerako eskaera bere horretan segitzen du

Guaixe 2025eko abenduaren 22a

Altsasun egindako bilkura. UTZITAKOA

Kontzentrazioak ilbeltzera arte eten dituzte, orduan oposizioa baitago. 

Altsasuko osasun eskualdean 1.200 bat haur daude eta haiei pediatriako lanaldi osoa eta beste lanaldi erdi bat dagokio. Baina lanaldi osoko lanpostua dago bakarrik beteta. Egungo pediatra Iruñerrira lekualdatuko da eta Osasunbideak jakinarazi duenez, ordezkoa bermatuta dago. Ez, ordea, lanaldi erdia betetzea. Gaur egun hilean bi egunetan etortzen da pediatra bat. 

Guraso talde bat antolatu eta hainbat ekimen sustatu zituzten. Batetik, pediatriako lanaldi eta erdia betetzeko erreklamazioak aurkeztu zituzten. Osasunbideak erantzun du esanez "mediku eta pediatra falta arazo orokorra" dela eta, "kontratatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, batzuetan ez dutela lortzen". Osasunbideak jakinarazi duenez, "lanaldi osoko pediatrak bi kupoetako haurrak artatuko dituela". Halako erantzunen aurrean gurasoek erantzun dute: "benetako konponbideak behar ditugu, ez justifikazioak". 

Lanpostu horiek behar bezala bete eta zerbitzu duina bermatzeko aldarrikapena kalera atera zuten lastailaren 24an, eta ostiralero elkarretaratzeak eginez gizarteratu dute osasun zerbitzuan dagoen gabezia hori. Azken bilkura azaroaren 28an egin zuten. Ilbeltzera arte ez dute gehiago eginen, "iragarritako pediatriako oposizioak eta hauetan gertatzen denaren zain, eta honek gure egoeran izango duen eraginaren zain".

Azkenik, gurasoek Altsasu, Olatzagutiko eta Ziordiko udalei "prozesu horretan erakutsi duten prestutasuna, laguntza eta lankidetza eskertu" diete. 

Erlazionatuak

Pediatra eta erdi

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Vizuete Askargorta (Olaztiko Alkatea), Javier Ollo Martinez (Altsasuko Alkatea) eta Olatz Irizar Martinez (Ziordiko Alkatea) abe 15 Sakana