Autopistarako sarbide berria zabalik

Guaixe 2026ko urtarrilaren 20a

Mustutze ekitaldian Izurdiaga, Arakil eta Irurtzungo ordezkariak eta gobernukoak izan ziren. UTZITAKOA

Urritzola, Errotz, Izurdiaga, eta Irurtzungo biztanleek Iruñerako noranzkoan irteera zuzena dute. Errei berriak trafikoa Izurdiagako zeharbidetik atera du. Irurtzungo saihesbidearekin batera herritarren aspaldiko eskaera zen irteera.

Abenduaren 26az geroztik zabalik dago A-15 autobidean sartzeko errei berria. Horren ondorioz, autobide hori erabilita Iruñera joan nahi duten urritzolarrek, erroztarrek, izurdiagarrek eta irurtzundarrek ez dute Guliaraino joan beharko, hala denbora eta distantzia murriztuz. Gainera, gaur egun Izurdiagako zeharbidetik doan trafikoa arindu ahal izango da.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak egin du errei berri hori, Izurdiaga parean, Iruñerako noranzkoan. Lanek 1,2 milioi euroko aurrekontua izan dute. Obra agorrilean hasi zen eta bi fasetan egin dute. Biribilgune berri bat dago NA-7010 errepidean, 21+400 kilometro-puntuan, zortzi metroko galtzadarekin eta hogei metroko diametroa duen erdiko irlatxoarekin. Biribilgune berritik abiatzen den sarbide-erreiak, 111 kilometro-puntuan, 815 metroko luzera du guztira, eta hasierako 370 metroak galtzada bakarrekoak dira; gainerakoa azelerazio-erreiari dagokio, amaierako ziria barne.

Mustutze ekitaldian Irurtzungo Udaleko alkateorde Txiki Iriarte Vitoria, Arakilgo Udaleko zinegotzi Karlos Marti, Izurdiagako kontzejuko kide Joseba Uharte Maiora, Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivite Cornago eta Francisco Ansorena Proiektu eta Egokitzapen Lanen Ataleko burua.