EBKk lau proiektu fotovoltaikori buruzko argibideak emanen ditu

Guaixe 2026ko otsailaren 24a

Irurtzungo liburutegiko teilatuko eguzki plakak. ARTXIBOA

Otsailaren 19an, Irurtzunen; otsailaren 26an, Arbizun; martxoaren 3an, Etxarri Aranatzen, eta martxoaren 26an, Urdiainen, energia burujabetzak dakartzen "onura ekonomiko eta sozialen" inguruan sentsibilizatzeko batzarrak izanen dira. 

Energia Berriztagarrien Kooperatiba (EBK) pausoak ematen hasia da. Jakinarazi duenez, lau proiektu fotovoltaiko identifikatu ditu dagoeneko. EBKko kideek azaldu dutenez, proiektu bakoitzak garapen maila bat du. Etxarri Aranatzen autokontsumoaren lehen fasea apirilean hastea aurreikusi dute. Irurtzunen, berriz, irailean jarri ahal izanen da martxan instalazioa. Azkenik, Arbizuko eta Urdiaingo instalazioak 2027rako martxan jartzea aurreikusten dute EBKko kideek.

Kooperatibakoen arabera, lau proiektuetan sortutako argindarra 184 etxebizitza eta 8 negozio erabiltzen dutenaren adinakoa da. Guztira 365 kW banatuko lituzkete, familia eta negozio bakoitzaren energia beharren arabera. Proiektu fotovoltaiko horiek aurrera egiteko lau herrietako udalek egindako hasierako inbertsioa 332.793 eurokoa da. Gainera, lau udalak energia komunitateko bazkide dira.

EBKk bilerak antolatu ditu. Saio horien helburua da "herritarrak zuzenean inplikatzea, energia subiranotasuna handiagorantz aurrera egiteak dakartzan onura ekonomiko eta sozialen inguruan sentsibilizatzeko". Bileretan proiektuetan sartzeko bideak eta horiei lotutako onurak azalduko dira.

Bilerak
Lehenengo batzarra Irurtzunen izanen da, otsailaren 19an, osteguna, 19:00etan, udaletxean; udalak instalazio fotovoltaikoa jarri zuen kiroldegian joan zen urtean. Irurtzungo Udala Sakanako Energia Berriztagarrien Kooperatibako kidea da. Bi erakundeak irurtzunadarrak bilera batera gonbidatu dituzte. Bilkuran kiroldegiko instalazio fotovoltaiko berriaren berri emanen dute. Kiroldegian sortutako argindarra erabiltzeko zer egin behar den azalduko dute, besteak beste. 

Otsailaren 26an, osteguna, 18:30ean, Arbizuko eskola zaharrean eginen dute bilera; martxoaren 3an, asteartea, 18:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean, eta martxoaren 26an, osteguna, 18:00etan, Urdiaingo Auzoan.