Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak antolatuta, Nola sustatu euskararen erabilera eta presentzia enpresetan? izenburuko hitzaldia eginen da. Enpresei zuzendutako saio horretan hiru gai landuko dituzte. Alde batetik, enpresetan euskara sustatzeko ohiko ekintzak zein diren azalduko dute. Bestetik, enpresen euskalduntzean Euskara Zerbitzuak ematen duen laguntzaren berri emanen dute.
Eta, azkenik, Nafarroako Gobernuak enpresak euskalduntzeko egin duen dirulaguntza deialdiaren gakoak azalduko dituzte. Dirulaguntza horrek 82.000 euroko poltsa du eta lau ildo. Lehena euskarak lantokian duen egoeraren diagnostikoa egiteko edo Euskara Plan bat egiteko dirulaguntza da. Bigarrena enpresan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak egitea, beti ere enpresaren Euskara Planetik eta urteko kudeaketa planetik abiatuta.Hirugarren ildoa da Euskara Planik ez duten enpresetan euskararen aldeko ekintza puntualak egitea edo neurri zehatzak hartzea. Eta atzeneko ildoaren bidez lagundu nahi da komunikazioaren teknologien esparruan euskara sustatzeko edota zabaltzeko webguneak eta software-aplikazioak euskaraz sortzea.
Hitzaldia Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan izanen da martxoaren 12an, ostegunarekin, 09:00etatik 10:00etara. Informazio gehiago nahi duenak Mank-eko Euskara Zerbitzuan izanen du, 948 840 telefono zenbakian.