GUAIXE Fundazioko langileek bat egin dute martxoaren 17rako greba orokorrerako deiarekin. Gaur guaixe.eus webgunean grebari buruzko informazioa soilik emanen da.
Gutxieneko soldata 1500 euro aldarrikatzeko greba orokorra egin dute ELA, LAB, Etxalde eta HIRU sindikatuek. Goizean mobilizazioak eta piketeak izan dira, besteak beste, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Altsasun.Â
Argazki galeria: https://guaixe.eus/sakana/1773747966986-greba-egu…
'Bizi eta lan baldintza duinak, kapitalismoari aurre egin' lelopean greba orokorra deitu dute EHKSk, CNTk, CGTk eta Solidarik. Altsasun piketeak izan dira.
Argazkiak: https://guaixe.eus/altsasu/1773747239743-greba-eg…
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta HIRUk deitutako Iruñeko manifestaziorako zutabeak dagoeneko Gaztelu plazara abiatu dira, eta Sakanatik ere kotxe karabanak Iruñea bidean dira.
Badatoz kotxe karabanak Iruñera. Hitzordua, 12:30ean, Gaztelu plazan.
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) March 17, 2026
Ya vienen las caravanas de coches a Pamplona. La cita, a las 12:30 en la Plaza del Castillo. pic.twitter.com/oyJZnwWBDB
Pentsiodunen mugimenduak astelehenero Altsasun egiten duen elkarretaratzean greba orokorrarekin bat egin zuen eta gaurko greba egunean eta mobilizazioetan "aktiboki" parte hartzera deitu du; gutxieneko soldata eta pentsio duin, "nahikoak eta denondako", aldarrikatzen du. Altsasun 18:00etan eginen den Sakana mailako manifestazioan parte hartzera deitu du.
Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideek azaldu dutenez, “soldatak hobetzea da gure pentsioen bermerik onena. LGS handitzea ezinbestekoa da langileei bizi baldintza duinerako sarbidea bermatzeko eta genero arrakala bukatzeko”. Salatu dutenez, “finantza eta energia enpresa handiek, urtez urte, irabazi errekorrak lortzen dituztenean, finantzazkoak ez diren enpresen etekin garbiak soldaten igoera laukoizten dutenean, justifika ezina da patronala sindikatuekin LGS negoziatzera ere ez esertzea”.
Nabarmendu dutenez, “sindikalistak langileak, pentsiodunak, gazte prekarioak, feministak eta era guztietako gizarte aktibistak, hemen eta orain gauzak beste gizarte eredu bat eraikitzeko bidean aldatzeko aukera dugu gure esku. Borroka da, gainera, gerrari eta faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena”. Horregatik deitutako mobilizazioetan parte hartzea deitu dute.
Foruzaingoak jakinarazi duenez, Altsasuko industrialde batetik gertu 60 neumatiko eta bi eregai garrafekin erretiratu dituzte. Bestetik, A-10 autobidearen 17.2 kilometroan erretzen ari ziren bi neumatikoen berri eman dute ere. Greba orokorra zehar foruzaingoaren patruilak piketeak "behatzen" egon dira.
Olaztiko eskolan langileen %86ak greba egin du; Urdiaingo, Etxarri Aranazko eta Arbizuko eskoletan gutxieneko zerbitzuak gehi langile bat ari dira lanean, eta Iturmendiko eta Lakuntzako eskoletan gutxieneko zerbitzuak. Uharte Arakilgo eskolan %55ek egin dute greba. Irurtzungo Atakondoa ikastetxearen langileen %60k egin dute greba.
Gaizka Vierge ELA sindikatuko Sakanako arduradunak greba egunaren lehenengo balorazioa egin du: "Orain arte lan itzela egin dute gure ordezkariek fabriketan eta zentroetan eta lan horren eraginez lanuztea, momentuz, nahiko zabala izaten ari da". Azaldu duenez, geldialdia toki guztietan ez da erabatekoa izan, "baina somatzen ari da lanuztea". Horregatik "pozik" daudela esan du.
Gaizka Uharte LAB sindikatuko Mendialdeko idazkariak ere grebaren lehenengo orduen balorazioa egin du: "Gaur greba egunb at da; enpresa nagusi batzuk itxi egin dira eta besteetan inzidentzia egon da; industrialdeetatik pasa gara eta ikusi dugu jendea grebarekin atxikitu dela". Egunean zehar mobilizazio "potoloak" egingo dituztela eta bertan ere greba deialdiaren eragina ikusiko dela esan du, "bai eguerdian Iruñean bai arratsaldean Altsasun".
Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan langileen %91ek egin du greba; gutxieneko zerbitzuak bete ahal izateko zenbait langile joan dira. Ikasle gutxi joanen direla aurreikusi dute.
Nafarroako Gobernuak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak:
Osasun arloan: %100eko zerbitzua egongo da larrialdietan, ZIUan, erditze gunean, hemodialisian, tratamendu onkologikoetan, antzeko unitateetan eta sukaldean. Ohiko arretan langileen %60 bermatuko da.
Lehen mailako arreta: Txanda bakoitzean familia mediku, pediatra eta erizain bana egotea bermatuko da.
Hezkuntza: HH eta LH zuzendaritzako pertsona bat eta irakasle bat, ohko jardunean hiru irakasle dauden kasuetan. Depatamentuari atxikitako haur eskolak: zuzendaritzako arduradunak, haurren hezitzaile bat, sukaldari bat eta garbitzaile bat.
SOS Nafarroa: Zerbitzuaren zuzendaria, segurtasunaren arloko teknikari bat eta Larrialdiak eta Komunikazio Sistemak Planifikatzeko eta Koordinatzeko Ataleko eta SOS Nafarroa Ataleko buru titularrak. Gainera, goizeko txandan, koordinazioko 7 operadore laguntzaile; 8, arratsaldekoan eta 4, gaueko txandan, eta kasu guztietan Aretoko buru bat ere bai.
Nafarroako suhiltzaileak: Lurralde osorako ofizialorde bat, ofizialorde edo sarjentu zentral bat eta eskualdeko beste bat egongo dira. Gainera, parke bakoitzean gutxienez kopuru hauek egongo dira: 11, Cordovillakoan; 7, Iruñeko Trinitarioen parkean; 5, Tuterakoan eta 4, Altsasu, Auritz, Lizarra, Lodosa, Nabaskoze, Oronoz, Zangoza, Tafalla eta Azkoiengo parkeetan.
EHKSko kide batek GUAXEri adierazi dionez, "krisi egoera" bat dago, "Sakanan adibidez lantoki handienetarikoa itxi zen, Susundegi, horrek dakartzan lanpostu galera eta lan baldintza okertzearekin".
Bestetik, soldatak berdin edo okerrago daudela adierazi du, "bizitza izugarri garestitzen" ari den bitartean, eta horrek langileak "pobreago bizitzera" kondenatzen dituztela. Horregatik, "langileon eskubideak eta lan eta bizi baldintzak defendatu" behar direla azaldu du EHKSko kideak, "kapitalisten irabazien aurka".
Gaurko greba eguna da eskubide horiek aldarrikatzeko modu bat: "Langile gehienek lan uztea, borrokatzea, eta ikustea badagoela langileon aldetik indar bat bizi garen sistema honi aurre egingo diona".
#piketeak lehenengo txandetan grebara gonbidatzen. #M17GrebaOrokorra #Agotzaina #Arbizu pic.twitter.com/JfUfkR2pMl
— LAB Mendialdea (@lab_sakana) March 16, 2026
ELAk jakinarazi duenez, grebaren jarraipena "oso zabala" izaten ari da industrian, eta ekoizpena geldirik dago "enpresa handi askotan"; Sakanako Lakuntza Calor, Barranquesa, Omnia, Magoutteaux, Portland, Aceros Moldeados, edo Guerra Hermanos.
Sakanan deitutako mobilizazioak:
Goizean goiz, informazio piketeak.
12:30 Manifestazioa Iruñean, Gaztelu plazatik.
IRURTZUN
10:30 Mobilizazioa, plazan.
ARBIZU
09:00 Eltze jotzea, plazatik.
10:00 Iruñera joateko auto elkarretaratzea, plazan.
17:00 Auto karabana Altsasura, plazatik.
ETXARRI ARANATZ
09:30 Manifestazioa, plazatik.
10:15 Iruñera joateko auto elkarretaratzea, plazan.
17:00 Auto karabana Altsasura, plazatik.
ALTSASU
09:00 Manifestazio piketea, Foru plazatik.
18:00 Eskualdeko manifestazioa, Foru plazatik.
Kontseilu Sozialista:
ALTSASU
08:00 Piketeak, Foru plazatik.
10:15 Kotxe kedada Iruñeko manifestaziora joateko.
11:30 Manifestazioa Iruñean, Errekoleten plazatik.
Hego Euskal Herrian Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa izateko greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17an. Miren, Gorka eta Gaizka Greba sindikatuetako kideak dira: "Bideragarria da, baina borondate politikoa eskatzen du".
Elkarrizketa hemen: https://guaixe.eus/sakana/1773248838590-bideragar…
Salaketan harago joan nahi duen greba orokor nafarra: CNT, CGT, Solidari eta EHKSk martxoaren 17rako deialdia egin dute. Hainbat eragilek bat egin dute.
Artikulua osorik hemen: https://guaixe.eus/sakana/1773244391541-salaketan…