Hezkuntza publikoan ez da gelarik itxiko hurrengo kurtsoan

Guaixe 2026ko maiatzaren 25a

Haur eskola bateko gela bat. NAFARROAKO_GOBERNUA

Hezkuntza Departamentuak UPNren Itunei buruzko Foru Legearen "interpretazio zabala" egingo du hezkuntza sistema publikoa defendatzea bermatzeko. UPNk sustatutako legearen aurretik sare publikoan 19 gela ixtekoak ziren, STEILASek jakinarazi zuenez, Uharte Arakil eta Arbizuko eskoletan gela bana itxi behar zuten. 

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako sare publikoko ikastetxe publikoei ostiralean, maiatzaren 22an, jakinarazi die ez dutela talde bakar bat ere galduko, oraingo ikasturteko eskaintzarekin alderatuta, 2026-2027 ikasturterako unitateak murriztea aurreikusi baitzen ikastetxe horietan. Ikastetxe publikoetan, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ikasturte honetan dituzten taldeak mantenduko dira, eta, gainera, datorren ikasturtean unitate-kopurua nabarmen handituko da, hezkuntza-premia berriak artatze aldera.

Nafarroako Parlamentuak hezkuntza itunen inguruan UPNren Foru Legearen interpretazio zabal bat onartu zuen maiatzaren 14an, eta Hezkuntza Departamentuak, "hezkuntza publikoaren ahalik eta babes handiena bermatzearren, ikastetxe bakoitzeko egungo unitateak mantentzea" erabaki du, etaparen irizpidea aplikatuta eta ez hezkuntza-sistema publikoko unitate-kopuru orokorra. Carlos Gimeno Gurpegi kontseilariak zuzentzen duen Departamentuaren erabakia izan da, eta hezkuntza publikora eraman du lege erregionalistak itunpeko ikastetxe pribatuei begira ezartzen duen tratamendu babeslea. Horiei urtebeteko luzamendua eman zaie Hezkuntzak murriztea onartu zuen hamalau unitaterentzat.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako sare publikoko ikastetxeei gaur bidalitako posta elektronikoan jakinarazi zaie laster zehaztuko dela 2026-2027 ikasturterako behin betiko eskaintza, eta berreskuratu beharreko taldeak ratio-aurreikuspenak handiagoak dituzten mailan esleituko direla.