Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) aldarrikatzeko greba orokorra deitu zen martxoaren 17an. Grebaren testuinguruan, Sakanako greba batzordeak deituta, BarraskiloOperazioa deitutako mobilizazioa egin zen. Hau da, Sakanako Autobiatik 60 kilometro orduko abiaduran zirkulatu zuten, trafikoa moteldu eta aldarrikapen hori ikusarazteko helburuz. Batzordeko kideek azaldu dutenez, "hasiera hasieratik hartu ziren beharrezko segurtasun neurri guztiak, eta mobilizazioa modu baketsuan egin zen, gorabeherarik gabe eta bidearen erabiltzaileak arriskuan jarri gabe". Adierazi dutenez, "protestak oihartzun handia izan zuen eta greba orokorraren jarraipena indartzen lagundu zuen, lan harremanetarako esparru propio baten eta Nafarroarako eta Euskal Herri osorako gutxieneko 1.500 euroko soldataren aldarrikapenari hauspoa eman zion".
Isunak
Sakanako greba batzordeko kideek jakinarazi dutenez, Barraskilo Operazioaren aurrean "Nafarroako Gobernuaren eta Foruzaingoaren erantzuna errepresioa izan da, zigor espediente ugari ireki baitira. Gaur egun, isunak 5.000 eurotik gorakoak dira". Gaineratu dutenez, salatutako pertsonei gidabaimeneko puntuak ere kendu dizkiete, guztira 50 puntutik gora. Gaztigatu dutenez, "oraindik ez dakigu zein izango den isunen eta ondorio administratiboen azken balantzea".
Batzordeko kideen iritziz, "erantzun hori guztiz neurrigabea da, eta gizartearen mobilizazio legitimoa zigortzeko eta kriminalizatzeko ahalegin bat besterik ez da. Aldarrikapenei buruzko eztabaida ireki eta Nafarroarendako gutxieneko soldata propioa lortzeko neurriak hartu beharrean, errepresioaren bidetik jo du Chiviteren gobernuak". Gaineratu dutenez, "Nafarroako Gobernuak ez du berdin jokatzen langileok zigortzerako orduan edo enpresariak zigortzerakoan. Esate baterako, greba testuinguruan egon diren greba eskubidearen aurkako mehatxuek eta langileen ordezkapenek ez dute ondorio berak izan enpresariendako".
Jakinarazi dutenez, "Barraskilo Operazioarengatik zigortuak izan garenok elkartasun-dinamika bati ekingo diogu, zigor horien ondorio ekonomiko eta administratiboei kolektiboki aurre egiteko". Nabarmendu dutenez, "lan eta giza eskubideak defendatzea ezin da zigortzeko arrazoi bihurtu. Isunei eta errepresioari erantzuna, antolakuntza eta elkartasuna izango dira. Gure eskubide zibilen aldeko ekimena, greba eskubidearen aldekoa".