Urdalurko urtegiko ur sarea Sakana ekialdera iritsi zen udaberrian. Izan ere, orduan bat eginda gelditu ziren Etxarrengo lotunea eta Irurtzungo ur biltegia. Bien arteko 4.800 metroetan fundizioko hodiez osatutako sarea egin zuten. Gainera, hodi nagusi horren adar batek Etxeberri eta Egiarretako uraren goi hornidura egiteko balio du.
Urritzola, Errotz, Izurdiaga, Irurtzun eta Etxeberri Iribasko iturburuko urez hornitzen dira gaur egun. Hango ura Irurtzungo biltegian jaso eta banatu egiten da. Aitor Larraza Carrerak, Sakanako Mankomunitateko presidenteak esan duenez, "egindako lanak Irurtzuni eta Arakilgo lau herriri ur horniduran berme handiagoa eskainiko die. Izan ere, Urdalurko sarearekin lotzeak ur hornidura bermatuko du lehorte edo ur eskasia luzeko garaietan. Gainera, ur horniduran murrizketak egoteko aukera murriztuko du".
Larrazak gogora ekarri duenez, "Arakil eta Irurtzungo udalek duela bi hamarkada eskatu zuten Urdalurko ur sarearekin lotzea. Horrela ur eskasia garaiko arazoei aurre egin nahi zieten". Lanak despedituta, "Sakanako Mankomunitateak bere eskualde sarea indartu du eta ur horniduraren etorkizuneko beharrei erantzuteko gaitasuna handitu du". Sare horren barruan ibarreko udal guztiak daude, lau ezik: Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz. Beraz, Urdalurko ur sarera konektatuta daude 20.670 sakandarretatik 17.053, %82,50. Urdalurko uharkak 5,5 hektometro kubiko gordetzeko gaitasuna du eta astelehenean, irailaren 14an, 3,4 zituen.
Lanak joan zen urteko iraileko azken astean hasi ziren. Construcciones Mariaezcurrena enpresak egin ditu 1.749.017,58 euroren truke. Lanak finantzatzeko Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planeko %80ko dirulaguntza izan du.
Datak
- 1996-02-14 Urdalur uharkaren mustutzea. Lakuntzara arteko ur sarea. Ondoren Altsasu eta Ziordia arteko tartea egin zen.
- 2006 Arbizu eta Ergoiena arteko adarra.
- 2013 Lakuntza eta Ihabar/Satrustegi arteko tartea.
- 2022 Satrustegi eta Etxarren arteko tartea.
- 2026 Etxarren eta Irurtzun arteko tartea.