Urdalur Arakilen barneratzen

Guaixe 2020ko ots. 25a, 12:49
Pala bat ur hoditeria sartzeko zuloa egiten.

Ibarreko erakundeak aurten 5.379.456 euroko aurrekontua izanen du, joan den urtean baino 400.000 euro gutxiago, inbertsio hain handiak egin behar ez dituelako.

Sakanako Mankomunitatearen Ur Zerbitzuaren bidez, Urdalur uharkako urarekin ibarreko hainbat herri hornitzen dira. Urdalurko uraren goi-horniduraren hoditeria gaur egun Satrustegiraino iristen da. Mank-ek aurten egitea aurreikusten dituen lanekin hoditeria Etxarreneraino luzatuko da (azken helburua Irurtzunera iristea da). Horretarako, Mank-en Ur Zerbitzuaren 551.000 euro bideratu ditu. Zerbitzu berak dagokion zatia pagatuko du gaur egun egiten ari diren beste hiru lanetan: Iturmendiko sareak berritzeko 56.8000 euro, Urdiaingo Bentalde kaleko sareetarako 60.500 euro eta herri bereko De Felipe kaleko sareetarako 68.900 euro. 

Ibarreko erakundearen Hondakin bilketa Zerbitzuak hartuko du beste inbertsio handi bat: hondakin bilketarako kamioi konpaktatzaile berria. 135.000 euro bideratuko ditu horretara. Azaroan halako beste ibilgailu bat eskuratu zuen Mank-ek. David Oroz Alonso presidenteak azaldu digunez, “flota zahartua dugu eta pitteka berritzen joanen gara”. Kamioi horien ibilbideak optimizatzeko GPS sistema bat martxan jarriko du Mank-ek. Informatika-sistema hori aurten aktibatuko da. Hura ezartzeko Mank-ek 80.000 euro bideratu ditu. Horietatik 48.000 euro Landa Garapenerako Planeko dirulaguntzen bidez jaso ditu. 

Hondakin Zerbitzuak eginen duen beste inbertsio bat edukiontziak erostea izanen da. Joan den urtean industrialdeetakoak berritzeko erosi baziren, aurten Irurtzungoak eta Altsasukoak berritzeko izanen dira. “Zahartuta eta hautsita daude, eta ahal denean ordezkatzen ditugu”. Horretarako, Mank-ek 78.000 euro jarri ditu. Eta beste 7.000 euro auzo-konpostagailuetarako. Inbertsio horietarako ez du laguntzarik jasoko. 

Joan den urteko aurrekontuetan hondakinei buruzko lau inbertsioetatik bat egina dago: transferentzia kaia ixtearena. Beraz, Arbizuko hondakindegian kamioiak kargatzen ari direnean eta haizeak jotzen duenean ontzi arinak ez dira hegan ateratzen. Beste hiru lanak martxan daude. Hondakindegian bertan konpost plantarako lanak udazkenerako despeditu nahi dituzte. Hasi direnak ere, Altsasuko eta Ziordiko garbiguneak egiteko lanak dira. Biak uda aurretik erabilgarri egotea espero dute Mank-en. 

Bestetik, eraldaketa digitala Mank-en bertan aplikatzeko 25.000 euro bideratu dira. Mantentze lanetarako diru-saila ere handitu egin du Mank-ek. Orozek azaldu digunez, aurrekontua “zerbitzuak mantentzeko, egonkortzeko eta ahalik eta zerbitzu onena ematera bideratuta dago”. 

Ur-kontagailuak 
Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen eta Olatzagutian Mank ur-kontagailuen irakurketa eskuz egitera pasa da behin-behinean. Hau da, enpresa bat kontratatu du etxeetatik pasa eta barruan dauden ur-kontagailuak irakurtzeko. Langilea etxera joan eta bertan inor ez badago oharra utziko du ur kontagailuaren irakurketa Mank-era bidaltzeko eskatuz. Horretarako, hiru bide izanen dira: 948 464 867 (4. luzapena) telefono zenbakia, 663 399 732 telefono zenbakira whatsapp mezua bidaltzea edo ura@sakana-mank.eus e-postara mezua bidaltzea. Irakurketa ematean honako datuak eman behar dira: abonatu zenbakia (oharrean agertuko da), izen-abizenak eta irakurketa edo kontagailuaren argazkia.

Ibarreko erakundeak 2012an herri horietako etxeetan kontagailu bereziak jarri zituen: irrati bidez etxeetako kontsumoen berri ematen zion kaletik auto batean pasatzen den tablet bati. Gomez Contadores SL enpresarekin 430.000 euroko akordioa itxi zuen orduan Mank-ek. Orozek azaldu digunez, “hamar urterako akordioa sinatu zen, baina kontagailuen irratien bateriak agortu egin dira. Irrati modulu horrek arazoak eman ditu, esaterako, ur kontsumoa egon denean zeroko irakurketa eman izan dute. Gainera, ez du espero zen zerbitzua eman. Horregatik, enpresarekin genuen kontratua bertan behera utzi dugu”. Orozek argitu dudenez, kontratua eteteko erabakiak ez du galerarik ekarri: “inbertsioa ez zen hasieran pagatu, hamar urtetan pagatzekoa zen. Kontratua zortzigarrenean eten denez, epe horri dagokiona pagatu da”. 

Mank-eko lehendakariak azaldu digunez, erabakia hartzeko Nafarroako beste mankomunitate batzuekin eta kanpokoekin kontrastatu dute. “Iruñean irakurketa eskuz egiten segitzen dute. Estatuko hainbat hiritan aurrerako saltoa egin eta zeuden arazoez jabetuta betiko sistemara egin dute atzera. Teknologia ez dago behar bezain garatua, ez dago horretarako prest”. Orozek azpimarratu du, irrati moduluaz aparte, ur-kontagailuak onak direla. 

Plan estrategikoa
Sakanako Mankomunitatearen plan estrategikoa lantzeko azken fasean dago. Martxo akaberarako egina izatea espero dute.