Astekaria

"Orain abenduaren 13ko Altsasuko Krosa eta San Silvestrea prestatzen hasiko gara"

Maider Betelu Ganboa

Fermin Azkargorta eta Aitor Mendoza. Atzean, Aratz Mendoza.

Onddo Lasterketa despedituta, abenduaren 13an jokatuko den Altsasuko Krosaren eta abenduaren 31ko San Silvestrearen antolakuntzan hasi dira buru-belarri Dantzaleku Sakana atletismo klubeko kideak. Fermin Azkargortak eman ditu azalpenal. 

Dantzaleku Sakana atletismo klubeko presidente Adrian Claverren faltan –NUPeko irakasle eta ingeniaria Norvegian lanean dago hilabete batzuetarako–, klubeko atletismo eskolako monitore Fermin Azkargortak eta Aitor Mendozak hartu zuten XVII. Onddo Lasterketa antolatzeko ardura, makina bat laguntzaile alboan zituztela. 

Onddo Lasterketan euria ari zuen baina korrikalariak gustura, ez ziren kexatu, ezta?
Ez dugu kexarik jaso. Korrikalariak oso gustura egon direla esan digute. Denak pozik zeuden eta dena ongi atera da. Beraz, lasterketaren balorazioa positiboa da, guztiz. 

Lehen Onddo Lasterketa ez zen proba lehiakorra. Ez zen saririk ematen, onddo saskiak zozketatzen ziren. Orain, baina, sailkapena prestatu eta sari ematea egiten duzue. 
2025ean Dantzaleku Sakana atletismo klubaren junta aldaketarekin erabaki genuen aldaketa egitea. Lehen ez zen proba lehiakorra izaten baina denborak hartzen ziren, jendeak hala nahi zuelako. Eta lan hori eskuz egiten zen. Iaz, aurrekontua zegoenez, kronometroan inbertitzea erabaki genuen. Krono lanak egitera etorri zirenez, bide batez sariak ematea erabaki genuen. Beraz, iaztik aurrera Onddo Lasterketa proba lehiakorra da, baina izaera herrikoia izaten jarraitzen du. 

Ikasturtea hasi da. Zenbat gaztetxok eman dute izena Dantzaleku Sakana atletismo eskolan? Eta helduen taldean?
Dantzaleku atletismo eskolan 50 gaztetxo baino gehiagok eman dute izena, eta helduen taldean 20 korrikalari inguruk. Gehienek txandaka lan egiten dutenez, aste batzuetan batzuk etortzen dira eta hurrengoan besteak. Normalean hamar korrikalari baino gehiago biltzen gara egunero. Kopuruarekin pozik gaude, balorazioa ona da. 

 

"Jende gazte asko hurbiltzen zaigu lasterketetan laguntzera. Oso eskertuta gaude"


Aitor Mendozak eta zuk zeuk jarraitzen duzue monitore. 
Eskoletan Aitor eta biok gaude lanean, momentuz, eta helduen taldean ni neu. Denborarekin estu gabiltza beti; hirugarren monitore batean bila gaude.  

Hurrengo atletismo probak Zubeztia lasterketa eta Altsasuko Krosa dira, aldi berean Nafarroako Txapelketa luzea izango dena. 
Altsasuko Zubeztia Elkartea Lasterketa-Candi Arnanz Memoriala Zubeztia elkarteak antolatzen du eta gu laguntzaile gara, baina Altsasuko Krosa guk antolatzen dugu. Aurten abenduaren 13an izango da, Dantzalekun, eta aldi berean Nafarroako Kros Txapelketa Luzea izango da. Lehen ilbeltzean jokatzen zen, baina Nafarroako Atletismo Federazioak eskatuta iaz abendura aurreratu zen. Beraz, berehala krosarekin hasiko gara burubelarri. Gaur bertan Altsasuko Krosari eta abenduaren 31ko San Silvestreari buruz hitz egiten hasi gara. 

Altsasuko Krosaren ibilbidea aurreko urteetakoaren antzerakoa izango da? Orain arteko ibilbidea mantenduko duzue?
Bai, orain arte prestatu dugun ibilbidea iraunkorra izatea nahi dugu, behin betiko hala uztea. Aitor Mendozak sekulako lana egin zuen zirkuitu hori prestatzen, eta zirkuitu hori mantentzen jarraitu nahi dugu. Gainera, korrikalariek oso gustuko dute. Sufritzen dute, hemendik kanpoko jendeak batez ere, baina gustura etortzen dira. Oso polita da.  

Onddo Lasterketako antolakuntzan gazte asko ikusi ditugu lanean.
Antolatzen ditugun lasterketa guztietara jende asko hurbiltzen zaigu laguntzera, tartean gazte asko, eta eskertuta gaude. Klubaren martxarekin pozik gaude. 180 bazkide inguru izango ditugu, eta juntan ilusioz eta gogotsu jarraitzen dugu. Adrian Claverrek segitzen du presidente, Ivan Sobredok lehendakariorde, Asier Palaciosek idazkari, ni diruzaina naiz eta Olatz Azazeta, Ekhi Congil eta Alberto Garcia bokalak dira. Jende gazte gehiago animatzen da laguntzera, eta hori oso pozgarria da.