Sakanako Garapen Agentziak (SGA) EDIT: erronka eta aukera berriak Nafarroako industriarendako jardunaldia antolatu du. Saio hori EDIT proiektuaren azken foroa izanen da. Jardunaldiaren helburua da Produktuaren Pasaporte Digitalari lotutako erronkak eta aukerak enpresetara hurbiltzea eta, benetako enpresa esperientzietatik abiatuta, proiektuan zehar jasotako ikaskuntzak partekatzea.
SGAk antolatutako jardunaldia bereziki enpresa ehunari zuzenduta dago. EDIT proiektuaren emaitzak aurkezteaz harago, helburua da digitalizazioaren eta jasangarritasunaren esparruetan gertatzen ari diren aldaketak enpresen eguneroko errealitatera ekartzea, datozen erronkei aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeen tresnak, esperientziak eta ikaskuntzak ezagutaraziz. Saioa Nafarroako Merkataritza Ganbararen egoitzan izanen da, ostegunean, lastailak 29, 09:30etik 11:30era. Izena eman nahi duenak Interneteko galdetegi baten bidez (labur.eus/ryzuiuwu) egin beharko du.
Azalpena
Lehenik Produktuaren Pasaporte Digitalak enpresendako zer den azalduko dute. Horretarako, Sustainneko Carlos Leonek Produktuaren Pasaporte Digitalaren gako nagusiak, eskuragarri dauden tresnak eta enpresentdako irekitzen dituen aukerak azalduko ditu. Bere hitzaldiak testuinguru berri horrek dakartzan aldaketak kokatzeko eta enpresek produktuari buruzko informazioan, digitalizazioan, trazabilitatean eta jasangarritasunean aurrera egiteko nola presta daitezkeen ulertzeko aukera emango du.
Helburua ikuspegi praktikoa eskaintzea da, enpresek Produktuaren Pasaporte Digitala zer den ulertzeaz aparte, beren prozesuetan zer eragin izan dezakeen eta lanean nondik has daitezkeen identifikatu ahal izateko.
Lekukotasunak
Adituaren hitzak Produktuaren Pasaporte Digitala ezartzeko lan egin duten enpresetako ordezkarien esperientzien kontakizunarekin osatuko da. Hala, EDIT proiektuko bazkide den Etxarrengo Harivenasa enpresak bere esperientzia aurkeztuko du. Fernando Zulategi merkataritza-arduradunak emanen ditu azalpenak. Proiektuaren barruan egindako lana nola garatu den eta prozesuak zer ikaskuntza utzi dituen azalduko du.
Ondoren, enpresen arteko solasaldia egingo da. Bertan parte hartuko dute Cristobal Cruz IEDko Kalitate arduradunak, Leire Ganboa Kalaska Kooperatibako koordinatzaileak eta Javier Gorriti Lacunza Kalorreko Kalitate arduradunak. Harivenasarekin batera, beraien erakundeetan prozesuak utzitako ikaskuntzak, identifikatutako erronkak eta aurrera begirako hurrengo urratsak partekatuko dituzte, enpresa-errealitate desberdinetatik abiatuta.
Enpresetako ordezkarien bidez prozesua askotariko enpresa errealitateetatik ezagutzeko eta eztabaida gai zehatzetara eramateko aukera emanen du: datuak eta trazabilitatea lantzean zer zailtasun sortzen diren, digitalizazioa eta jasangarritasuna eguneroko jardueran nola txertatzen diren edo aurrera egiten jarraitzeko enpresek zer pauso jotzen dituzten lehentasunezkotzat.
Aukera berriak
Jardunaldiak Nafarroako industriaren eraldaketarako beste aukera batzuetara ere zabalduko du begirada. SODENAko Montse Guerrerok zirkulu ekonomiarekin eta bioekonomiarekin lotutako aukera berriak aurkeztuko ditu, EDITen egindako lana enpresa ehunarendako interesgarriak diren beste esparru batzuekin lotuz.
Jardunaldiaren irekiera instituzionalean Javier Tabernak, Nafarroako Merkataritza Ganberako ordezkariak, eta Mikel Irujok, Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariak, hartuko dute parte. Jardunaldia Aitor Larrazak, Sakanako Garapen Agentziako ordezkariak, itxiko du.
Topaketa bukatzeko, kafea eta networking-erako tartea izanen dira parte hartzaileen artean harremanak eta trukea sustatzeko.