Sakanako enpresek beraien lehen Produktuaren Pasaporte Digitalak garatzeko pausoak eman dituzte

Guaixe

Parte hartzaileen talde argazkia. SGA

Harivenasak bere produktu batean garatu du pasaportea. Kalaska Kooperatibak eta Lacunza Kalorrek ere parte hartu dute EDIT Europako proiektuan.

Etxarrenen kokatutako Harivenasa enpresa bere lehen Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) garatzen hasi da Copos de Avena Suaves produktuan, ontzian dagoen QR kodea aprobetxatuz. Esperientzia hori, Kalaska Kooperatibak eta Lacunza Kalorrek egindako lanarekin batera, Nafarroako Merkataritza Ganberan egindako EDIT: erronka eta aukera berriak Nafarroako industriarendako foroan aurkeztu zuten atzo, lastailak 29. Sakanako Garapen Agentziak antolatutako topaketa horrek etorkizuneko pasaporte digitalari lotutako erronkak enpresen errealitatera hurbiltzeko balio izan zuen.

Harivenasako zuzendari komertzial Fernando Zulategik eta Idoia Garcia ingurumen arduradunak azaldu zutenez, autodiagnostikoa egin eta zortzi erronka identifikatu ondoren bi lan ildo lehenetsi dituzte. Alde batetik, pasaporte digitala garatzea produktu zehatz batean eta, bestetik, ALEA ontziaren ekodiseinuan aurrera egitea, material bakarreko zein birziklagarria den soluzio baterantz jotzeko.


Lacunza Kalor eta Kalaskako ordezkariak parte hartu zuten mahai-ingurua. SGA

Harivenasarekin batera, Sakanako Kalaska Kooperatibak eta Lacunza Kalorrek ere parte hartu zuten EDIT proiektuko aholkularitza prozesuan, IED enpresarekin batera. Egitasmo horrek digitalizazioaren eta jasangarritasunaren arloan bakoitzak duen egoera ezagutzeko eta bere errealitatera egokitutako bide orria zehazteko aukera eman die. Parte hartze horrek erakutsi du ez dagoela PPDrako prestatzeko bide bakarra, enpresa bakoitza hainbat gaitasunetatik abiatzen delako.

Lekukotzak
Topaketan Carlos Leonek, Sustainnen sortzaileetako batek eta berrikuntza zuzendariak, gogorarazi zuen PPDak materialen, trazabilitatearen, ingurumen inpaktuaren, iraunkortasunaren eta produktuen bizi zikloaren informazioa kudeatzea ekarriko duela. Bere esanetan, baldintza zehatzak produktu talde bakoitzaren araberakoak izango dira, eta prestaketari esker enpresek barne prozesuak eta trazabilitatea hobetu ahal izango dituzte.


Aitor Larraza Carrera EDIT proiektuaren inguruan hizketan. SGA

Erakundeen aldetik, Aitor Larrazak, Sakanako Garapen Agentziako presidenteak, azpimarratu zuen ibarreko industriak Europako proiektuetan modu aktiboan parte hartzeko gaitasuna duela. "EDITek Sakanako enpresekin zuzenean lan egiteko aukera eman du eta, aldi berean, beste lurralde batzuekin metodologiak, esperientziak eta ezagutza partekatzeko mugaz gaindiko sare batean parte hartzeko aukera" eman duela esan zuen. 

Mikel Irujok, Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak, eta Javier Tabernak, Nafarroako Merkataritza Ganberako presidenteak, ireki zuten jardunaldia, eta Irujok Europako politikak enpresa errealitatera hurbiltzeko ekimenen balioa azpimarratu zuen: "enpresei kokatzen, aurreratzen eta aukerak aprobetxatzen lagunduko dieten jarduera zehatzetara eramateko duten gaitasunagatik".

Ekitaldian Montse Guerrerok, SODENAko Jasangarritasun eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariorde nagusiak "ekonomia zirkularraren eta bioekonomiaren arloan Nafarroako enpresa ehunarendako sortzen ari diren aukerak" azaldu zituen.

EDIT Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko enpresa zein erakundeak biltzen dituen mugaz gaindiko proiektua da. Ekimena % 65ean Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatzen du Interreg VI-A POCTEFA 2021-2027 programaren bidez, eta Nafarroako Gobernuko babesa du.