Dantza nagusi Galtxorratxen 10. urteurrenean

Guaixe 2016ko eka. 10a, 12:19

Larunbatean, 11:30etik aurrera Uharte Arakilen elkartearen urteurrena ospatuko da. Dantzariak eta zanpantzarra ariko dira. Bazkaltzera 150 bat elkartuko dira.

Uharte Arakilen kultura mugitzeko asmoz herritar talde batek duela hamar urte sortu zuen Galtxorratx. Herri ondoko toponimo bat hartu zuten izentzat eta hala ekin zioten euskara taldea sortzeari eta kultura tailerrak antolatzeari. Iñaki Retegi Martiarenak, Galtxorratx taldeko kideak, azaldu digunez, kultura arloa lantzean dantza taldea eta zanpantzar taldea sortu ziren. Hamarkada honetan gorabeherak izan dituztela aitortu digu: “orain bakarrik dantza taldea eta zanpantzarra ditugu”. Bi taldeak ere osasunez iritsi dira urteurrenera.

Zanpantzarra
Hamar urte hauetan taldean sartu-irtenak egon badira ere, zanpantzar taldeak aurrera egin du. Adin guztietako dozena bat kide dira gaur egun, emakumezkoak gehienak. “Berez zortzi bikote daude, baina bakarren batek huts egiten badu, besteak hartzen du. Ongi dago gehiago egotea”. Galtxorratx zanpantzarra Uharte Arakilen antolatzen diren ekitaldietan parte hartzen du soilik: Olentzero, Errege eguna, ihoteak, festak… Salbuespena Irañetan aritu izan diren aldi bakanak izan dira.

Retegik jakinarazi digunez, materiala erosteko berriki udalaren diru-laguntza jaso dute. “Bigarren eskuko materiala erosi genuen. Apurtu ziren, konpondu genuen baina dagoeneko ez du balio. Fale berriak erosiko ditugu. Larruak eta ere aldatu nahi ditugu gero”.

Dantza taldea
Adinez banatutako bi dantza talde ditu Galtxorratxek, txikiak (20 bat) eta handiak (12 bat). Azken horien irakaslea da Retegi bera eta duela hiru urtetik berarekin ikasi duten batzuk dira txikien taldeko irakasleak. Dantzari guztiak uhartearrak dira, Gartzarongo neska bat ez beste. “Herri txikia izateko nahiko ongi”.

Dantzariak entseatzen “nahiko txintxo” joaten direla azaldu digu Retegik. Larunbat goizetan entseatzen dute txikiek eta helduek asteazken arratsaldean. Galtxorratxen hamar urteetan txikien dantza taldea hasi eta helduenera salto egin duenik bada. Batzuk eta besteek Euskal Herri guztiko dantzak ikasi eta dantzatzen dituzte. Dantza egin ahal izateko musikariak lortzea “zailagoa” dela aitortu digu Galtxorratxeko kideak. “Musika oso garrantzitsua da. Uharten akordeoilari bat dugu. Irurtzundik, Ihabarko neska txistularia, gaiteroak, guk trikitiekin ahal duguna egiten dugu… Baina zailago izaten da. Azkenean ez daude musikari asko. Moldatzen gara, baina zaindu beharrekoa da. Uharten ez dago musika eskolarik eta hori nabari da”.

Uharteko ospakizunez aparte, dantzariak herritik kanpo ere aritzen dira. Amaiur dantza taldeak Iruñeko Alde Zaharrean urtero ospatzen duen Folk-lore egunean 10 urtetan parte hartu du Galtxorratx dantza taldeak. Irurtzunen edota Etxarri Aranatzen haiek dantzan ikusi dituzte. Dantzarien gurasoek urteurren ospakizunen antolakuntzan emandako laguntza eskertu du Retegik. Biharkoaz egungo dantzariekin batera dantzari izandakoek ere Uharteko zortzikoa dantzatuko dutela aurreratu digu, “jende dexente elkartuko gara”.

Uharteko zortzikoa
Festetako dantza Galtxorratxen urteurrenean dantzatuko da berriro.

Egitaraua
11:00etan Orritz (Irurtzun), Larratz (Burlata) eta Galtxorratx dantza taldeak, banaka ordu erdiz plazan.
12:30ean Dantzariak, fanfarrea, erraldoiak eta joaldunak kalejiran.
13:30ean Dantzaldia, plazan.
14:30ean Herri bazkaria.
17:00etatik 22:00etara Dantzaldia Elizagoien Ahizpak eta Gabenara taldearekin.
*Egun guztian Sakanako artisauen azoka.