Aditu Arkeologiak zazpigarren indusketa saioa eginen du uda honetan, baina ibarraren azpia utzi eta mendi gainera igoko dira. Fran Valle de Tarazaga Monterok (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthornek (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna) zuzentzen duten arkeologia lantaldea Uharte Arakilgo Zamartzeko monasterioaren inguruan aritu beharrean Aralarko santutegiko absidearen eta Trinitate ermitaren artean ariko dira lanean. Astelehenean hasiko da bi hilabete iraunen duen arkeologia-indusketa.
Valle de Tarazagak azaldu digunez, “Zamartzeko indusketan geldialdia egitea beharrezkoa zen. Lan handiaren ondoren, kanpaina guztietan jasotako materialak eta emaitzak antolatzeko, aztertzeko eta egituratzeko denbora behar dugu, gero jendaurrean aurkezteko. Kontuan izan gure indusketa kanpainak apartekoak izan direla: hainbat hilabete iraun dute eta jende askoz osatutako lantaldeak aritu gara lanean.”
Hori da toki aldaketaren arrazoietako bat, bestea: “santutegiaren inguruan eginen dugun lana orain artekoaren osagarria izanen da. Zamartzen elizaren jatorria eta erromatar garaitik izan duen garapena aztertzen saiatu gara. Aralar Zamartzerekin zuzeneko lotura du. Goñiko Teodosioren kondairatik harago, bere jatorria zein den eta kristautasunaren aurretik sakralitate gunea ote zen ikusi nahi dugu.”
Horri lotuta, Valle de Tarazagak azaldu digu Sakanako Erdi Aroko populazioaren biologia profila egiten ari direla Zamartzen berreskuratutako ia 300 hezurdurekin. “Donejakue bidea bertatik pasatzen zen eta Iruñeko katedralarekin estuki lotuta zegoenez, Aralarko santutegi ondoko hilerritik hezurdura batzuk berreskuratu nahi ditugu. Haiek diagnostiko bereizlea egiteko erabiliko ditugu, Sakanako bertako populazioa eta beste tokietatik etorritakoak eta Zamartzen lurperatutakoak bereizteko.” Horrela ibarreko Erdi Aroko populazioaren biologia profila finduko dute.
Hilerria
Arkeologoek ez dute santutegi barruan lan eginen, haren absidearen eta aldameneko Trinitate ermitaren artean baizik. 2009Ko agorrilean Larrate enpresako arkeologoak zundaketak egin zituzten inguru horretan. Absidearen ondoan eta handik 13 metrora egindako zulaketetan bost helduren eta haur baten hezurdurak agertu ziren. Erdi Aroko nekropolia zela ondorioztatu zuten: sei gorpuek burua mendebaldera, eta oinak ekialdera dituzte, orientazio kristauan. Hilobi “xumeak” ziren. Abside ondoko hilobiak haitzean eginak zeuden eta bestean harriekin eginak. Arropa zantzuak, txanponen bat, zeramika puskak eta gurutze bat duen hilarri bat opatu zituzten.
Horren guztiaren jakitun da Adituko taldea. Lanean hastean opatuko duten estratigrafiak zehaztuko du indusketa guneak. “Orografia kontuan izanik, inguru horrek hilerri erabilera handia izatea zaila da. Baina, egia da, Zamartzeko emaitzak harrigarriak izan zirela. Guk Sakanako Erdi Aroko biologia profila gehiago fintzeko nahikoa hezurdura berreskuratzeko asmoz goaz. Horrekin batera, hezurdurek santutegian, edo inguruan, bizi eta hil ziren pertsonez eta haien bizimoduaz argibideak ematea espero dugu.” Hezurduren datazioa egiteko hilobietan opatutako elementuako eta erradiokarbonoa erabiliko dute.
Behin hezurdurak atera ondoren, aurreko garaietako egitura aztarnak opatu asmoz, sakonago zulatu nahi dutela esan digu Valle de Tarazagak. Agirien arabera santutegia VIII. mendean sortu zen.
Indusketaz
Sakanaren eguraldiaren berri dute Aditukoek, eta horregatik egin dituzte indusketa kanpaina luzeak. Astelehenean hasi eta agorrilaren 31ra arte ariko dira santutegi ondoan lanean. Adituko zazpi arkeologoekin batera ikasleak ere ariko dira lanean. Bizkaia, Araba, Nafarroa, AEB, Erresuma Batua, Eslobakia, Kroazioa, Kanada, Australia, Hego Tirol, Frantzia eta Txina dira haien jatorria. Garilean 23 bat pertsona ariko dira lanean eta agorrilean 15 edo 17.
Zamartze
Orain arteko indusketen emaitzez galdetuta Valle de Tarazagak azaldu digu gaur egun jasotako materialak eta hezurrak aztertzen ari direla. Bournemouthgo Unibertsitatearekin (Erresuma Batua) batera nahastutako hezurrak zenbat pertsonei dagokien kalkulatzeko sistema berri batean parte hartu dute. Bradfordko Unibertsitatearekin (Erresuma Batua) Erdi Aroko populazioan artritisak zuen eragina alderatzen duen ikerketa egiten ari dira. “Lan horiek eta beste batzuk aurki argaitaratzea espero dugu.”
Uharteko monasterioaren inguruan berriro lanean ikusiko ote ditugun galdetuta, Valle de Tarazagak baietz dio. “Oso emaitza onak lortu ditugu Erdi Aroko hilerriaren gunean, adierazlea den populazio bat berreskuratuz. Baina erromatar gunean emaitzetan sakontzeko gogoz gelditu gara.” Aditukoak ziur daude erromatar garaian Zamartze “toki handi eta nabarmena” zela. “Kokapenak eta berreskuratutako materialen eta egituren kalitateak Zamartzera bueltatzea merezi duela adierazten digu.” Hala balitz, I. eta IV. mende arteko gunean ariko lirateke lanean. “Orain arte berreskuratutakoa baloratu beharra dugu eta Nafarroako Gobernuari, elizbarrutiari eta Uharte Arakilgo Udalari esku-hartze handiagoa proposatu, Sakana eta Nafarroako iragana ezagutzeko balio itzeleko ondare elementu horri balioa emateko.”
Boluntarioak
Indusketan lagundu nahi dutenek horretarako aukera izanen dute. Horretarako, lan@aditu.info e-posta helbidera mezua idatzi behar da honakoak zehaztuz: aukera noiz duen, esperientzia edo bestelako detaile argigarriak.
Gidatutako bisitak
Santutegira jende asko joaten denez, indusketa gunea mugatu eginen dute. Baina bisitariendako beti zabalik egonen da. Gainera, larunbatero, 11:00etan, gidatutako bisitak eginen dituzte. Garilaren 9an hasiko dira bisita horiek. Talderen batek larunbatetan joan ezin badu info@aditu.info e-posta helbidera idatzi dezake hala lotu daiteke gidatutako bisita.