Zamartzeko eta Aralarko arkeologia-indusketek bi urteko laborategi lana dakarte

Guaixe 2018ko aza. 6a, 09:18

Heldu den urtean ez da Adituko arkeologia talderik izanen Uharte Arakilen lanean. Bi indusketa guneetan jasotakoa aztertzeko laborategi lanean zentratuko dira. Emaitzak bi urte barru espero dituzte.

“Arkeologiaren ikuspegitik lan izugarria da. Arkeologia-indusketa egun bakoitzari bizpahiru laborategi lanegun dagozkio. 9 urtetan 22 hilabetez indusketa egin dugu eta, bataz beste, 15 pertsonako taldea aritu gara lanean”. Datu horiek emanda Fran Valle de Tarazaga Monterok (Adituko indusketa eta ikerketa arduraduna) aurretik laborategian duten lanaren tamaina azaldu nahi izan zuen, Zamartzen emandako hitzaldian, larunbatean.

Dagoeneko 70 bat gorpuzkien antropometria-azterketa despeditu dituzte. Bakoitzaren 8-10 orriko txostena egiten dute eta han jasotzen dituzte: hil zenean pertsona hark zuen adina, sexua, altuera, edozein bereizgarri fisiko nabarmen, patologia-arrastoak (gaixotasunak), traumatismo edo kolpeen arrastoak (hil aurretik edo ondoren). “Ahalik eta analisi osatuenak egiten saiatzen gara. Hezurdurek eman diezaguketen informazio guztia jasotzen saiatzen gara”.  Aztertzeko beste 130 bat gorpuzki gelditzen zaizkie. Adituk Ubiden (Bizkaia) duen egoitzan aztertzen ari dira.

Horien ondoren kimika eta erradiologia azterketak egin nahi dituzte. “Kontserbazioaren arabera gorpuzkiek duten potentzialitatea zein den jakiteko sei lagin bidali ditugu”. Poznan Unibertsitatean (Polonia) karbono-14 bidezko haien kronologia datazioa eginen dute. Aralarko santutegian berreskuratutako gorpuzkietakoak dira seiak. “Haien kontserbazio baldintzak bereziagoak dira: kareharri asko dago, estratigrafia txikiagoa, eguraldiaren eragin handiagoa…” Aditukoak argitu zuenez, gorpuzki guztien karbono-14 dataziorik ezin dute egin. “Kasu askotan errepikakorra edo antzua litzateke, lehenik, estratigrafia-sekuentzia ona dugulako. Bataren ondoren zein dagoen badakigu. Azterketa batzuk eginda kokatu gaitezke. Guztiena egitea dirutza da”.

Mercyhurst Unibertsitateak (Pennsilvania, AEB) gorpuzkien isotopo azterketa eginen du. “Eskaintza ezin hobea egin digute eta, beraz, gorpuzki guztiak aztertuko ditugu, 200 ingururena. Horrek emaitza zehatzagoak lortzea ekarriko du”. Estrontzio-isotopoaren bidez nongoak ziren jakitea lukete, “baina garestiegia da eta oraingoz ezin da”. Valle de Tarazagak azaldu zuenez, isotopo bidezko ikerketarekin dieta eta zalantza edo ziurtasuna duten hautatutako gorpuzkien jatorria zein den jakinen dute.

Jasotako emaitzekin bulego eta ikerketa lana egin beharko dute ere. Valle de Tarazagak jakinarazi zuenez, antropometria-azterketak eta karbono-14 datazioa egiten lan karga handia dute. Azken horrek ematen dituen datak indusketan opatu dituzten egiturekin alderatuko dituzte.


Aralarko santutegiaren inguruan arkeologoek opatutako egituren irudikapena.

Egiturak
Aralarko santutegian hiru urtetan egindako indusketek hainbat egituren berri eman dute. Alde batetik, 1977an iparraldean botatako bordarena (zaldiak gordetzeko erabiltzen zen). Ikerlariek uste dute santutegira iparraldetik iristen zela garai batean jendea eta elizaren iparraldeko belardian egindako indusketan U itxurako egitura bat opatu dute. Elizari perpendikularra den paretak aipatutako bordaren eta Pilareko orientazio bera du (hego-mendebaldea). Beste biak berriagoak dira, aurrekoari itsatsiak eta santutegiari paraleloak dira.  

Pareta horien arteko zorua harrizko lauzekin egina zegoen, hainbatetan berreginda zegoen eta beheranzko joera zuen (mendebalderantz), atea egonen litzatekeen alderantz. Hainbat belaunaldietan berrerabilitako eraikina izan zen. Pareta horien artean zilar eta brontze “arrasto ederrak” opatu zituzten. Material horien urtutako aztarnak ere opatu dituzte. Txanpon ugari opatu zituzten ere. “Batek harritu gintuen: Akitaniako Woodstock-eko Eduardoren Galesko azken printzearen, Printze Beltzaren txanpona (1330-1376). Toki hori ezohikoa da, elizari lotutako tokia zen”.

Elizari perpendikularra den pareta toki gorenean dago jasoa. Adituko ikerlarien iritziz santutegia barruan hartzen zuen defentsa-harresi baten zatia litzateke. Bestalde, Valle de Tarazagak argitu zuen santutegi ondoko hilerrian opatutako gorpuzki zaharrenak hego-mendebaldeko orientazioarekin lurperatu zituztela eta ondorengoak elizaren egungo orientazioarekin. “Litekeena da aurreneko ermita hark orientazio hori izatea. Gorpuzkien karbono-14 azterketaren bidez hilobien orientazio aldaketaren uneari data eman nahi diogu. Aldaketa horrek elizaren berreraikitzearekin bat egiten badu, ziurtatuko genuke hasieran elizak hego-mendebaldeko orientazioa lukeela eta egungoa emateko zuzendu zela”.

Bestetik, zirkulu erdiko egitura bat opatu dute iparraldean. “Iparraldetik inguratzen du eliza. Han zegoen sarbidea eta Artxuetako magalean herrixka bat zegoen. Aginte zibilaren eta elizakoaren arteko muga markatzen zuen”. Mendebaldera eraikita dago, “edozeinek saltatu dezakeen harresi bat da”, iparraldean haitza zizelkatuta dago.


Hezurretatik lurra kentzen.

Egitekoak
Indusketetan agertu diren Erromatar garaiko eta Erdi Aroko numismatika-azterketa eginen dute. “Txanpon ugari opatu ditugu bai Zamartzen bai Aralarko santutegian. Zamartzen, nik uste, 200 bat direla. Azterketa horrek komunikazio loturen berri emateko baliagarria izan daitekeela uste dugu. Orain arte ikusitakoaren arabera, ia bakarrik iparraldearekin dago lotura: Lyon, Bordele…  Badirudi garai guztietan eraginak hortik heldu direla”. Lyonen egindako erromatar txanponak agertu dira, “gehienak”,  Bordeleko txanpon merobinjioak edo Erdi Aroko Frantziako IX. Luisen (1214-1270) txanponak ere agertu dira. “Opatutako guztiak iparraldera begiratzeko esaten digu. XV. edo XVI. mendea baino lehenagoko Gaztelakorik ez dugu opatu”.

Bestalde, numismatika-kronologia “argi dugu, akaberan ezik. Txanponekin, gutxi gorabehera, Constantinoren (306-337) garaian bukatzen dugu. Zalantza dugu Constancio edo ondorengo besteren baten garaikoak ez ote dauden. Horrela erromatarren presentzia urte batzuetan luzatu daiteke”.  Beste jendeekin izandako harremana ikertu nahi dute txanponen bidez. “Karbono-14ko emaitzak jasotzean, arkeologia estratuen kronologia datazio zehatzagoa eginen dugu. Baina ez soilik datazioekin. Materialekin ere. Txanponei data ematea erraza da baina, bestetik, zeramika (oso gutxi dago) eta bestelako elementuekin ere eginen dugu”.

Emaitzak izatean historia-azterketa eginen dute. “Esandakoa berretsi, datu gehiago lortu eta opatutakoari datu gehigarriak erantsi”. Azkena, argitaratzea eta aurkeztea litzateke. Zientzia-aldizkarietan eta bestelako argitalpenetan zabalduko dituztela aurreratu zuen Valle de Tarazagak. Emaitzen berri Uharte Arakilgo udaletxean, Zamartzen eta Aralarko santutegian utziko dute. Uharten ere aurkeztuko dute.

“Aurretik lan handia dago. Hezurdurak garbitzen aspertu egiten zara. Ikerketa gogaikarria da. Baina emaitzak fidagarriak izateko ez dugu metodologia sakrifikatu nahi, dena ongi egin nahi dugu”. Populazioaren profila egitean hainbat esparruetatik aurkeztuko dute: Erromatar mundua Zamartzen, “garai hartan gertatutakoa azalduko dugu soilik”, Erdi Aroa, erlijioa, jendea nolakoa zen… “ahalik eta informazio gehien lortu eta hainbat ataletan aletzen saiatuko gara”.


Fran Valle de Tarazaga Montero Zamartzen azalpenak ematen.

Opatutakoarekin zer?
Gorpuzkiak aztertu ondoren Nafarroako Gobernuari bueltatuko dizkiete. “Elizarekin eta gobernuarekin hizketatzen ari gara: atera ditugun tokiak jatorrizko erabilera dutenez, haiek gordetzeko hezurtegi bat edo zerbait eraikitzeko eta euren sorterrira atseden hartzera bueltatzeko. Elizan egokitutako tokiren batean leudeke, beti ere, kontserbazioa bermatuko duten baldintzekin. Eta beharko balira, eskuragarri”. Opatutako objektuetako zati batzuk Aditukoen eskutan daude, ikertzeko. Nafarroako Gobernuak gehienak ditu eta gutxi batzuk Zamartzen ikusgai daude behin behinean. “Etorkizunean, opatutakoen tokitik gertu, museo-espazio bat egin nahi genuke, bisitariek erromatarren masioaren eta Aralarko santutegiaren berri izan dezaten”.

Valle de Tarazagak aurreratu zuen heldu den urtean ez direla Uharte Arakilera bueltatuko. Baina ez du baztertzen zerbait sortzen bada une jakinen batean bueltatzea. Zamartzeren ekialdera dagoen txipudia aztertu nahiko luke. Baina oraingoz ezinezkoa da. Adituko kidea pozik dago bederatzi urtetan “arkeologiarekiko eta ondarearekiko interesa piztea lortu dutelako. Eta gizartea eta erakundeak (udala, eliza, gobernua) busti direlako. Gizarteak arkeologiarekiko interesa azaltzen badu lortuko dugu gobernuek baliabideak horretara bideratzea”.

Indusketen zergatia
Adituko kideendako 9 urtetako lana “guztia bat da. Lotura duten bi arkeologia-indusketa dira, erromatarren masioa batetik eta, bestetik, mendi puntan dagoen Erdi Aroko erlijio zentroa”. Zamartzeren garapena zein zen ikertzera etorri ziren, “erromatarren garaitik Erdi Arora”. Apenas dokumentaziorik ez dagoen gure historiaren zati bati buruzko argibideak lortu nahi zituztelako etorri ziren. Aldi berean, “hemen zer nolako jendea bizi zen” jakin nahi zuten.

Zamartzeko hilerrian opatutako gorpuzkien artean Donejakue bideko erromesak zeuden. “Hori arazo bat zen. Ezin dugu soilik Nafarroako populazioaren profila egin, ez dakigu nondik etorri ziren. Horregatik, gertu zegoen kontrasterako populazio bat behar genuen, bertako biztanleak nolakoak ziren zehazten lagunduko ligukeen patroiak egiteko. Horrela, kanpotik etorritakoak diskriminatzeko aukera genuke”. Horregatik, jo zuten Aralarko santutegi ondora indusketa egitera, “kanposantua zegoela bagenekielako”. Bateko eta besteko gorpuzkiekin populazioaren bertako profila osatuko dute. Bide batez, santutegiaren sorrerari buruzko informazioa opatzeko baliatu zuten indusketa.

Datuak
9 urte indusketak egiten. Gutxien 2 hilabete izan dira, gehienez 4 pasa egon dira.
6 urte Zamartzen (2010-2015).
3 urte Aralarko santutegian (2016-2018).
24 arkeologo eta hainbat arlotako espezialistak aritu dira.
200 arkeologia, antropologia eta forentse-zientzietako ikasle aritu dira, gehienak emakumezkoak.
Ikasleak 20 herrialdeetakoak izan dira.
Sakanako hainbat boluntario.
500.000 euroko ekonomia-eragin zuzena izan du 9 urteko jardunak.