Ezkabako presondegiari buruzko erakusketa ikusgai

Guaixe 2019ko mai. 23a, 19:01
Erakusketa ibiltariko elementuetako bat, botilen hilerria irudikatzen duena.

Udaletxeko safeian edo ganbaran, igandera 26ra arte, astegunetan 18:00etatik 20:00etara ikusgai eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Altsasutik eta Lakuntzatik pasa ondoren, Nafarroako Gobernuaren Bakearen, Bizitzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak prestatutako Ezkaba 1938-2018 erakusketa Uharte Arakilera iritsi da. Pasa den astean zabaldu zituen ateak erakusketak. Hura bisitatzen dutenak Ezkaba mendi gainean dagoen gotorlekuaren berri jasoko dute. Zehazki haren espetxe erabilerarena.

Izan ere, 1936ko estatu kolpearen ondoren, kartzela moduan erabili zuten kolpistek. 1938ko maiatzaren 22an 2.487 preso zeudela eta 795ek ihes egitea lortu zuten. Haietatik soilik hiruk lortu zuten Iparraldera iristea. Atxilotu zituzten asko eta asko fusilatu egin zituzten. Gertakari haren eta kartzelaren bizi baldintzen berri emateko testigantzak, argazkiak, bideoak eta beste jaso dituzte. Baita ondoren egindako indusketetan lortutako materiala ere.