Ezkaba mendiko espetxeari buruzko erakusketa ikusgai

Guaixe 2019ko urt. 10a, 18:21
Ezkaban zeuden presoei laguntzeko emakumezkoek elkartasun sareak sortu zituzten.

Altsasuko Iortia kultur gunean ilbeltzaren 27ra arte; astelehenetik larunbatera 18:30etik 21:00etara eta igandeetan 16:00etatik 20:30era.

Berriozar ondoko Ezkaba mendiko gotorleku bihurtutako espetxean errepublikaren aldeko 2.487 preso zeuden preso 1938ko maiatzaren 22an. Egun hartan kartzelatik 795 presok ihes egin zuten. Europako preso ihesi handienetakoa izan dena gogoratzeko Nafarroako Gobernuak Ezkaba 1938-2018 erakusketa ibiltaria prestatu zuen eta abendu akaberan Altsasura iritsi zen. Haren bidez, foru administrazioak “1936ko kolpe militarren ondoren izandako esparru izugarrienetako baten historia gogora ekarri nahi du”.

Erakusketak lau atal ditu, eta horietan, ikus-entzunezko piezak, testigantzak, argazkiak, bideoak eta audioak bildu dira, den-denak Ezkabako presondegiari buruzkoak. “Gotorlekutik presondegira” atalean, Alfontso XII.ak Iruñea defendatzeko eraiki zuen gotorlekuaren historia eta kartzela bihurtu arteko prozesuari buruzko erreferentziak ikus daitezke. “Elkartasun Sareak” atalak zigorturiko pertsonen senideek jasandako sufrimendua eta oinazea eta presoen inguruan sortutako elkartasun eta konpromisozko istorioak ditu ardatz. Emakume ausart eta solidarioen istorioak dira.

“Ezkaban hiltzea” atalak 1938ko ihesaldia azaltzen du, baita gotorlekuan jarraitu zuten presoek jasandako bizi-baldintza gogorrak ere. Ziega bat bisitatzeko aukera dago. Bukatzeko, “Memoria duten eskolak” deritzon esparruan, memoriaren lekuetan oinarritutako belaunaldien arteko izen bereko hezkuntza-programaren barnean Nafarroako Gobernuak egindako lana errepasa daiteke.


Ihesaren 80. urteurrena gogoratzeko Ezkaba proiektua prestatu zuen gobernuak eta erakusketa horren zati da. Horrekin batera beste hiru ekimen hartu zituen proiektuak: nazioarteko lan-esparrua antolatu zen Botilen Hilerrian; mugaraino iritsi ziren hiru iheslarietako batek, Jovino Fernandezek egindako bideari jarraituz GR225 mendiko ibilbide luzea prestatu zen eta Amaia Kowaschen Tejiendo redes - Sareak ehotzen liburua argitaratu zuen, emakumeek presoen alde ehotako elkartasun-sareei buruzkoa hain zuzen ere. Guztiaren osagarri ihes egin eta erail zituzten presoen gorpuak berreskuratzeko indusketak egin dira.



Sakandarrak Ezkaban
Mendi gaineko espetxe hartan hiru sakandar hil ziren: Manuel Torrano Senar dorrobarra, Vicente Uharte Mercero etxarriarra eta Victor De la Fuente Manzano altsasuarra. 1936ko estatu kolpearen aurretik gotorlekua espetxe bihurtua zegoen eta han sartu zuten Rafael Lasa Otegi olaztiarra 1935eko martxoan. Urte hartako azaroan Burgosko espetxera lekualdatu zuten.

Estatu kolpearen ondoren errepublikaren aldeko lau sakandar sartu zituzten preso: Braulio Itxaso Beraza erroztarra, Jose Abaiza Garmendia etxarriarra, Juan Jose Goñi Aristegi altsasuarra eta Tomas Aramendia San Roman olaztiarra. Gerra bete-betean zegoela hainbat gazte soldaduskara deitu zituzten. Horietako bat Rafael Ijurko Mundiñano etxarriarra izan zen, 1929ko kintakoa, 1937ko lastailaren 11n sartu zen armadan, Iruñean. 1938an ihes egindakoak atzematen aritu zen. Haietako bat atzeman zuen eta ez hiltzeko erregutu zion presoak. Halakorik ez zuela eginen etxarriarrak. Beste preso batzuk zituen militar batzuen esku utzi zuen eta alde egin zuen. Bueltatu zenean buruan tiroa hartuta, berak atzemandako presoa hilda zegoen.

Erlazionatuak